NAIZ
Gasteiz

Osakidetzako aurreko zuzendaritza ez dute auzipetuko EPEaren filtrazioen auzian

Arabako Audientziak LABen helegitea baztertuta, «ezingo da epaitu Osakidetzako fakultatiboen EPEan filtrazioen sare osoa asmatu, planifikatu, antolatu eta gauzatzeko ardura duen muin operatiboa». Ebazpenak Osakidetzaren lehengo zuzendaritzaren «zigorgabetasuna berretsi» duela salatu du sindikatuak.

Osakidetzaren EPEko azterketa, 2018ko ekainean BECen.
Osakidetzaren EPEko azterketa, 2018ko ekainean BECen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

LABek ohar bidez jakinarazi duenez, Arabako Auzitegiak baztertu egin du Gasteizko instrukzioko 2. epaitegiak hartutako erabakiaren aurka sindikatu abertzaleak aurkeztutako helegitea eta, hortaz, salatu du ezingo dela «Osakidetzako fakultatiboen EPEan filtrazioen sare osoa asmatu, planifikatu, antolatu eta gauzatzeko ardura duen muin operatiboa».

Ebazpen honek Osakidetzaren lehengo zuzendaritzarentzat «zigorgabetasunaren atea zabalik» uzten duela ohartarazi du sindikatuak eta gaineratu du «paradoxikoa» dela auzi honen baitan hogei pertsona ikertu diren arren, «filtrazioz beteta egon den EPE baten diseinuan erantzukizuna izan duen pertsona bakar batek ere inputatu gisa deklaratu ez izana».

Zentzu honetan, arbuiatu du hasieratik Osakidetzako zuzendaritzen «lankidetza-eza etengabea» izan dela eta jada lau urte dirauen instrukzioan «egia bilatzeko anbizio eta determinazio falta» izan dela nagusi, «non LAB sindikatuak traktore gisa jokatu duen gainerako akusazioen ekimen falta harrigarriaren aurrean».

«Oraindik ez dugu ulertzen nola zuzendaritza publikoki seinalatu dutenek eta sare klientelarrari buruz hitz egiten dutenek ez duten inoiz eskatu zuzendaritza zaharraren egozpena», nabarmendu du sindikatu abertzaleak.

Hala, Osakidetzaren zuzendaritza ez auziperatzeko erabaki honek esan nahi du bere jarduera «ezin izango dela judizialki zigortu» eta afera bere garaian izan ziren dimisioekin «garbituko» dela. «Iruzurraren larritasuna» aintzat hartuta, LABen aburuz, hori ez da nahikoa.

Nolanahi ere, adierazi dute prozedura ez dela amaitu eta «aukera asko» daudela epaiketa egiteko.

Era berean, sindikatuak baieztatu du Arabako Auzitegiaren ebazpenak «gaiaren muineraino joateko aukerak zapuztu eta iruzurra diseinatu zutenen zigorgabetasuna sendotzen» badu ere, hurrengo fakultatiboen Enplegu Publikoetarako Eskaintzetarako agertokia «nabarmen aldatu dela LABek egindako ekintza sindikal eta judizialaren ondorioz». Bide horretan lanean jarraituko dutela berretsi dute.

Sagardui

Bestalde, ESK-k asteazkenean jakinarazi zuen Manoel Martinezek, auzi hau azaleratu zuenetako batek, Debagoieneko Ospitaleko anestesista postua utzi duela «jazarpen eta tratu txar instituzionalengatik», maiatzean Roberto Sanchez kideak egin zuen bezala. Honen aurrean, Gotzone Sagardui sailburuak adierazi du Osakidetzak «berdin» eta «errespetuz» tratatzen dituela bere langileak, eta ukatu egin du profesional horiek «gaizki» tratatuak izan direnik.