NAIZ

Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua bertan behera istripu baten ondorioz

Gaur goizean istripua izan da Arrosako trenbide pasabidean. Trenak auto bat harrapatu du. Auto gidaria arinki zauriturik eraman dute erietxera. Tren zerbitzua oren batzuk etenik izanen da Baiona eta Donibane Garazai artean.

Baiona eta Donibane Garaziko trena.
Baiona eta Donibane Garaziko trena. (@transportail)

Gaur goizean istripua gertatu da Arrosako erdigunean, zehazki Nafarraoa Behereko herrian dagoen xeilarik gabeko tren pasabidean.

Auto bat eta trenaren arteko ezbeharra gertatu da bertan eta horren ondorioz auto gidaria arinki zauritua eraman dute Baionako Erietxera, 'Sud-Ouest' kazetak argitaraturiko informazioaren arabera.

Dagoeneko trenak harrapatu duen autoa trenbidetik kendu dute. Hala eta guztiz ere, tren zerbitzua eten ¡zanen da arratsalderarte Baiona eta Donibane Garazi artean.

TER eskualdeko tren zerbitzuaren kudeatzaileek azaldu dutenez autobusak ezarriko dituzte joan-jinak bermatzeko.

Abuztuan luizi bat izan zen

Iragan agorrilaren 20an gertatu zen luizi baten ondorioz, Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua eten egin zuten hainbat astez.

2021ko abenduan izan ziren uholdeek eragin zuten barnealdea eta kosta arteko lotura bermatzen duen tren zerbitzua bost hilabetez bertan behera uztea.

Hain zuzen, ekainean berrabiazi zuten bi hilabete beranduago berriz ere bertan behera utzi behar izan zuten zerbitzua.

Azken urteotan arazo anitz izan dira Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzuan.

2015eko azaroan berriz ere errailetan eman zuten tren lerroa. Alta, burdinbidean egin beharreko lanen ondorioz SNCFk hiru hilabetez eten zuen zerbitzua 2017an.

2018an, berriz, euriteek tren zerbitzua bertan behera uztera eraman zuten.

Erabiltzaileen eta tren langileen kexak

Erabiltzaileen kexak aintzat harturik, urte luzez sindikatuek eman zuten borrokaren ostean, 2019ko abenduaz geroztik Baiona eta Donibane Garazi arteko tren ibilbideak maiztasun gehiago hartu zuen, lanera edo ikastera joateko zerbitzua baliatzen duten herritarren beharretara egokitzearren.

Geroztik bost bidai daude Donibane Garazi eta Kanbo artean, astelehenetik ostiralera, eta lau asteburuetan. Baiona eta Kanbo arteko norabiderako, bidai astegunetan eta beste lau asteburuetan.

Auto partikularraren erabilpena mugatzeko ezinbestekotzat jotzen du Euskal Elkargoak Lapurdi eta Nafarroa Behere artean eguneroko tren zerbitzua bermatzea.