NAIZ

Estatuaren eta indar polizialen biktimen «umiliazioa» salatu du Egiari Zor Fundazioak U12an

Estatuaren eta polizien biktimak batzen dituen elkartearen ustez, Guardia Zibila bezala giza eskubideak urratu dituzten erakunde armatuak gorestea ez da «elkarbizitza eraikitzeko bide ona, are gutxiago demokratikoa».

Guardia Zibilaren eta Estatuko beste indar polizialen omenez urriaren 12 honetan egin diren ekitaldi instituzionaletako bat.
Guardia Zibilaren eta Estatuko beste indar polizialen omenez urriaren 12 honetan egin diren ekitaldi instituzionaletako bat. (Joaquín CORCHERO | EUROPA PRESS)

Urriaren 12 honetan, Hispanitatearen Eguna Estatuan, «Estatu-terrorismoa praktikara eraman zituztenei gorazarre eta omenaldi instituzionalak» egiteak «etengabeko umiliazioa» eragiten die Estatuaren eta polizien indarkeriaren biktimei, pertsona hauek osatzen duten Egiari Zor fundazioak ohar batean gaitzetsi duenez.

«Umiliazioa gure biktimazioa eragin zuten haiek etengabe gorestearen ondorio da; erakunde-egoitzan, Estatuko ospakizun eta jaialdietan duten ohorezko presentziaren ondorio, baita haien ‘ohorezko ibilbidea’ goraipatzen duten erakunde-diskurtsoen ondorio ere», agertu du fundazioak.

«Balio etikoetan eta giza eskubideak errespetatzean, indarkeria errefusatzean eta deslegitimatzean hezteko beharraz hitz egiten da, baina teoria hau guztia ez da aplikatzen Estatuak –besteak beste, Guardia Zibilaren bidez– egindako giza eskubideen urraketa larriei dagokienez», berretsi du fundazioak.

Gogora ekarri du Guardia Zibilak torturarekin, gerra zikinarekin eta Estatu-terrorismoarekin duen lotura ez dela oraindik ikertu eta, beraz, «zigorgabe» dagoela «bere erantzukizun nabarmenen aurrean».

Aurrekariak horiek izanda ere, Egiar Zor Fundazioak salatu du asteazken honetan, urriak 12, Guardia Zibilari «gorak» eskaintzen zaizkiola, jakin arren «ehunka pertsona» torturatu zituztela Tres Cantos, La Salve eta Intxaurrondoko kuarteletan.

Fundazioaren iritziz, giza eskubideak urratu dituzten horiek gorestea ez da «elkarbizitza eraikitzeko bide ona, are gutxiago demokratikoa». «Izan ere, hala izaten has dadin, gorputz armatu horrek onartu egin beharko luke ustezko ‘terrorismoaren aurkako borrokaren’ babesean egin zuen guztia, eta erantzukizunak bere gain hartu beharko lituzke», aldarrikatu du.