SPONSORED CONTENT

Goierriko Azoka: eskualdeko ostalaritza, merkataritza, ekoizle eta zerbitzuen web gunea

Digitalizazioaren erronkari aurre egiteko helburuarekin, Goierriko Garapen Agentziak, Goiekik, Goierriko Azoka egitasmoa abiarazi du, eskualdeko denda, ostalari, zerbitzu eta ekoizleei interneten ikusgarritasuna bermatzeko eta Goierriko produktu eta zerbitzuen ehundura indartzeko.

www.goierrikoazoka.eus
www.goierrikoazoka.eus (GOIEKI)

Testuinguru digitalera eta garai berrietara egokitzea ezinbestekoa bilakatu da merkatari eta denda txikientzat. Izan ere, bilaketak, kontsultak eta erosketak online egiten dituzten pertsonen kopurua handitu besterik ez da egin azkeneko urteetan. Pandemiaren eraginez, gainera, joera hori are gehiago hedatu da. Goiekiren iritziz, «ukaezina da Internet jendearen kontsumo ohiturak eraldatzen ari dela».

Gauzak horrela, digitalizazioaren erronkari aurre egiteko Goierriko Azoka egitasmoa abiarazi du Goierriko Garapen Agentziak. Goierriko Azokak helburu bikoitza du: batetik, Goierriko denda, ostalari, zerbitzu eta ekoizleei Interneten ikusgarritasun bat bermatzea, digitalizazioan lehenengo urratsa emateko erreminta bat luzatuz; eta, bestetik, Goierri eskualdeko produktu eta zerbitzuen ehundura indartzea. Eskualdeko salmenta eta kontsumoa konektatzeko web gunea da Goierriko Azoka.

Goierriko udalek eta Goiekik sustatutako ekimena

Goierriko Azoka sortzea eskualdeko ekintzaile bati bururatu zitzaion pandemia betean: Goiekin aurkeztu zuen ideia eta, eskualdearen balioa eta lehiakortasuna handitzeko baliagarri zen proiektu bat zela iritzita, sustatzea erabaki zen. Ordurako Goiekik martxan zeukan Berrabiarazi programa, pandemiak eskualdean utzitako egoera aztertzeko helburuarekin.

Berrabiarazi proiektuan eskualdeko 360 enpresa inguru kontaktatu ziren eta egin ziren diagnosien bitartez argi gelditu zen digitalizazioaren erronkari aurre egitea ezinbestekoa zela: «Pandemia garaian online salmentek izan zuten boom horren erdian, Interneten ez zeuden negozio asko kaltetuak suertatu ziren. Argi gelditu da ezinbesteko bilakatu dela Interneten egotea».

Eskualdeko negozioak Interneten ikusgarri jartzea eta, bide batez, Goierriko zerbitzuen eta produktuen kalitatea herritar guztien eskura jartzea ere da plataforma honen helburua. Etorkizunean Goierriko, merkatari, zerbitzu, ekoizle eta ostalarien sare zabal baten eskaintza ematea da sustatzaileen nahia.

Laburbilduz, Goierriko Azoka, Berrabiarazi proiektuan identifikatu diren digitalizazioaren inguruko behar bati irtenbidea emateko erreminta bat da. Berrabiarazi eta bertatik atera den ekintza plana (Goierriko Azoka, formakuntzak…), eskualdeko udalek finantzatzen dute.

Erakusleiho eta denda

Bi aukera dituzte Goierriko Azoka plataforma digitalera atxiki nahi duten negozioek: erakusleiho digitala eta salmenta digitala. Lehenengoaren kasuan, negozio horren jarduna erakutsiko dute webgunean; negozioaren deskribapena, ordutegia eta kontakturako datuak, katalogo digital baten gisa. Erakusleihoa lau kategoriatan dago banatuta: Bertako ekoizleak, komertzioak, ostalaritza eta zerbitzuak. Bigarren aukerarekin, berriz, produktuak modu digitalean saltzeko aukera ere eskaintzen du.

Erakusleihoak 100 euroko kostua izango du negozioarentzat, eta salmenta zerbitzuak, 200 eurokoa, BEZa kontuan hartu gabe. Herri batzuetako udalek diru laguntza eskaintzen dute gastu horri aurre egiteko. Gaur egun, Goierriko 11 herrietako negozioak arakatu daitezke eta 8 kategoria desberdinetako produktuak aurki daitezke online salmenta atalean.

Nola jarri nire erakusleiho edo denda Goierriko Azokan?

Goierriko Azokaren parte hartu nahi duten negozioek www.goierrikoazoka.eus webgunetik bertatik egin dezakete eskaera, zuzenean, eta baita 843 739 988 telefono zenbakira deituta ere. Webgunearen bitartez eginez gero, «izena eman» izeneko atalean sakatu ondoren, galdetegi labur bat bete beharko da. Hori egin ondoren, pertsona bat jarriko da berarekin harremanetan, eman beharreko hurrengo pausoak zeintzuk diren azaltzeko.

Goierriko Azokak, gainera, hasiera-hasieratik aholkularitza zerbitzua eskainiko die plataforma digitalean izena emanda dauden negozio guztiei, eta baita web gunea kudeatzeko oinarrizko prestakuntza saioak ere.