Euskal preso batek inoiz bete izan duen gatibualdi luzeenetarikoa da Jon Agirre Agiriano arrasatearra jasan zuena, 1981. urtetik 2011ra hain zuzen ere. Asteazken honetan hil da, 80 urte zituela.
ETAko kide izanagatik atxilotu zuen Guardia Zibilak 1981an, eta tortura larriak salatu zituen Agirrek. Zigor handiak ezarri zizkion Auzitegi Nazional espainolak eta espetxez espetxe izan zuten hurrengo hiru hamarkadetan: Carabanchel, Puerto I, Alcala-Meco, Herrera de la Mancha, Langraiz, Ocaña, Sevilla, Tenerife, berriro ere Alcala-Meco, Valdemoro, Tenerife II, Huelva II, Malaga, Logroño, Martutene eta Basauri.
2011eko maiatzean kaleratu zuten azkenik, legez zegokiona baina bost urte beranduago, eta ordurako kartzelan gaixotasun ezberdinak garatuak zituen, jada 69 zituelarik. Luzapena legez kontrako «Parot doktrina»ren ondorioa izan zen; bi urte beranduago baliogabetuko zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.
Askatu zuten une horretan, berea bigarren kartzelaldi luzeena zen, Joxe Mari Sagardui «Gatza»renaren atzetik.
Ertzaintza gogor oldartu zen, egun batzuk beranduago, Arrasaten «bizi arteko zigorrak» salatzeko burutu zen mobillizazioaren aurka, Jon Agirre Agiriano bertan zelarik. Hiru atxilotu izan ziren.
Zenbait agerralditan parte hartu zuen hurrengo urteotan, presoen eskubide bortxaketak salatuz eta ziklo politikoaren aldaketaren alde. Nabarmentzekoa da Gernikako Akordioa berak sinatu zuela, Gloria Rekarterekin batera, EPPKren izenean, 2011ko irailean.
Aramaion jaio baina Arrasaten bizi izan da gehienbat Jon Agirre Agiriano. Ostegun honen arratsaldean agur-ekitaldia izango da herrian eta ostiralean erraustuko dute.