NAIZ

EH Bilduk gora egingo luke Gipuzkoan, eta EAJ-PSE eroso Bilbo, Gasteiz eta Donostian

EH Bilduk eta EAJk gora egingo lukete 2023ko maiatzeko foru hauteskundeetako boto estimazioan eta PSEk eta Elkarrekin Podemosek behera, Lakuako Gobernuaren Soziometroaren inkestaren arabera.

Maddalen Iriarte, Gipuzkoako Aldundirako EH Bilduren Mahai Politikoak proposatu duen hautagaia.
Maddalen Iriarte, Gipuzkoako Aldundirako EH Bilduren Mahai Politikoak proposatu duen hautagaia. (FOKU | FOKU)

Lakuako Gobernuko Prospekzio Soziologikoen kabineteak datorren urteko udaberriko foru eta udal hauteskundeei buruzko boto aurreikuspena jasotzen duen Soziometroa kaleratu du ostiral honetan. Horren arabera, EAJk irabaziko lituzke Batzar Nagusietarako hauteskundeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EH Bildu bigarren indarra izango litzateke eta PSE hirugarrena.

Nabarmentzekoa da EH Bilduk hiru herrialdeetan izango lukeen hazkundea, batez ere Bizkaian (%2,6koa), Araban (%2,1ekoa) eta Gipuzkoan (%1,1ekoa). Jeltzaleek ere gora egingo lukete boto estimazioan, baina apalago: %0,4 Gipuzkoan, %0,9 Araban eta %1 Bizkaian. PSEk behera egingo luke hiru lurraldeetan, baita Elkarrekin Podemosek ere. PPri dagokionez, Araban eta Gipuzkoan atzera egingo luke boto estimazioan, eta Bizkaian zertxobait gora. Voxek ordezkari bat erdietsiko luke Arabako Batzar Nagusietan. Bizkaian eta Gipuzkoan ere gora egingo luke, baina ordezkaritzarik gabe.

Herrialdeka aztertuta, Gipuzkoan EH Bildu eta EAJren arteko lehia estua aurreikusten du Soziometroak, izan ere koalizio independentista jeltzaleengana hurbilduko litzateke, botoen %33rekin. EAJk %36,3a eskuratuko luke. PSEk bozen %16,6arekin geratuko litzateke, eta atzetik EP, %7arekin, eta PP, %4,4arekin. Voxentzat botoen %1a izango litzateke.

Bizkaian, ohi bezala, EAJk aise irabaziko luke, botoen %44,4 eskuratuta. EH Bilduk %22,4a izango luke, PSEk %14,4, EPk %8,2, PPk %7,1 eta Voxek %1,2.

Araban %30,5eko boto estimazioa ematen dio inkestak EAJri, %23,2koa EH Bilduri, %18,8koa PSEri, %14koa PPri, %6,7koa EPri eta %3koa Voxi.

Hiriburuak

Hiriburuei dagokienez, jeltzaleak izango lirateke lehen indarra Bilbo, Gasteiz eta Donostian, eta ez lukete arazorik izango PSErekin lasai gobernatzeko. Bizkaiko hiriburuan orain baino zinegotzi bat gehiago izango lukete (15). EH Bilduk ere ordezkari bat gehiago erdietsiko luke (5); PSEk bostekin jarraituko luke eta Elkarrekin Podemosek eta PPk bina izango lituzkete, egun baino bat gutxiago.

Gasteizen EAJk eta PSEk zazpina ordezkari lortuko lituzkete, azken hauek orain baino bat gehiago. EH Bilduk egun dituen seiak mantenduko lituzke, PPk egungo bostak eta EPk bi izango lituzke, bat galduta.

Donostiari dagokionez, EAJk eta EH Bilduk hamar eta sei zinegotzirekin segiko lukete, hurrenez hurren. PSEk ere sei izango lituzke, egun baino bat gehiago. PPk hirurekin jarraituko luke eta EPk bat galdu eta birekin geratuko litzateke.

Inkesta urriaren 3a eta 7a bitartean egin zen telefono bidez. Guztira 3.333 elkarrizketa egin zituzten, horietatik 800 Araban, 1.449 Bizkaian eta 1.084 Gipuzkoan.