Joseba Salbador Goikoetxea
Interview
Xabier Lizaur
Ekitermik

«Krisi energetikoaren eraginez asko igo zaigu eskaria»

Xabier Lizaur, Arrasateko Ekitermik kooperatibako arduradunak, onartu du azken urteotan autokontsumorako instalazioen eskaria nabarmen igo dela, «gaur egungo krisi klimatiko-energetikoaren eraginez».

Xabier Lizaur, Ekitermik kooperatibako arduraduna.
Xabier Lizaur, Ekitermik kooperatibako arduraduna. (NAIZ)

Ekitermik kooperatiba 2018an sortu zen Arrasaten energia eraginkortasuna ardatz duen ingeniaritza bezala, eta gaur egun zortzi pertsonak egiten dute lan bertan, ingeniari, arkitekto, aparejadore eta instalatzaileen artean. Horrela, zerbitzu osoa eskaintzen dute, proiektuen diseinu eta instalakuntzatik hasi eta mantenimendura iritsi arte. Horrekin batera, dirulaguntzen eta obra-lizentzien kudeaketaz ere arduratzen dira.

Xabier Lizaur arduradunak onartu du azken urteotan autokontsumorako instalazioen eskaria nabarmen igo dela, «gaur egungo krisi klimatiko-energetikoaren eraginez». Bere iritziz, azken urte honetako prezioen igoeraren eta horren inguruan sortzen ari diren albisteen eraginez, «trantsizio energetikoa azkartu egin da. Duela urte batzuk entzuten genuen trantsizio energetikoa egin behar zela, behintzat Europa mailan, eta krisialdi honek hori guztia azkartu egin du».

Horren eraginez, Euskal Herrian sektore horretan lanean ari diren enpresek eskariaren igoera nabaritu dute. «Berriztagarrien sektorean lanean gabiltzan enpresak ez gara oso handiak, eta batzuetan zailtasunak izaten ditugu eskaera guztiei aurre egiteko», adierazi du Xabier Lizaurrek. Momentuz ez dute ezezkorik eman behar izan, baina, hori bai, epeak luzatu egin behar izan dituzte halabeharrez. «Proiektu baten exekuzioa orain arte lau hilabetekoa bazen, orain sei edo zazpi hilabetera luzatu daiteke».