LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 79 - BARÇA CBS 70
Aste ezinhobea itxi du Lointek Gernika Bizkaiak Malosten. Bistan da aurkaria Leganes eta Phantoms Basket baino zailagoa izan dela, baina bederatzi jokalari eskasekin –Brooque Williamsen sei minutu izan ditu– Anna Montañanaren taldeak Emakumeen Endesa Ligako bigarren garaipena eskuratu du.
Asteleheneko eta asteazkeneko demak oso erraz eraman bazituen ere, zapatu honetan gorriak ikusi ditu talde gernikarrak, Barça talde igo berria izan arren maila handiko jokalariak baititu. Are gehiago, azken segunduetan Sandra Ygueravide antolatzaileak sartu duen jaurtiketa libre «errosaria»gatik ez balitz, azken emaitza askoz estuagoa zatekeen, partida bere azken 15 segunduetara 72-70 iritsi baita.
Eta gaitzerdi, tarteka Bartzelonak 10 puntu inguruko aldeak ere izan dituelako. Katalanek bigarren laurdeneko erdiaz geroztik aurrera hartu dute markagailuan eta kontraerasoan min handia eman dute, Anderson eta Mirchevak sartu dituzten zazpi hirukoak ahaztu gabe.
Alabaina, Lointek Gernika Bizkaiaren defentsak 18 baloi galdu arazi dizkio talde katalanari eta defentsako lan bikain horri esker hasi da buelta ematen talde bizkaitarra. Horrez gain, Ygueravide –18 puntu eta 8 asistentzia Hondarribia-Irun taldeko jokalari ohiarentzat– eta Wojta –18 puntu eta 6 errebote estatubatuarrarentzat– azaldu dira Lointek Gernika Bizkaiak atzetik aurrera egin dezan.
Spreaficoren hiruko batek 67-60 jarri du markagailua, baina Barçak ez du amore eman, eta azken segunduetara partida ia berdinduta eraman du. Zorionez, Ygueravide oso zorrotz aritu da jaurtiketa libreen marratik partida erabakitzeko.
«Gorabehera asko izan ditugu eta hori zuzendu beharko dugu. Bartzelonak benetako taldea dela erakutsi du eta gure hankasartzeak gogotik zigortu ditu», onartu du, ia ahotsik gabe, Anna Montañanak. «Hala ere, atzetik egon garen une horietan atzetik aurrera egiteko gauza izan gara eta hori oso da positiboa, aurreko bi partidak hain erraz irabazi eta gero, beti horrela izan behar duela sinistera iristeko arriskua baitago», gaineratu du Valentziako entrenatzaileak.
Montaña berak «Malosteren lana» goraipatu du azken emaitzari begira, eta hargatik, ez da harritzekoa jokolariek, garaipena gogotik ospatzeaz gain, ikusleekin ere ospatu izana.
CADI LA SEU 72 - IDK EUSKOTREN 77
Hirugarrenean eta La Seu d'Urgell lako leku zail batean irabaztea gutxi ez dela, eta Ivana Racak agur esan duen egun berean eta Ane Esnalek min hartu eta gero lortu dute estraineko garaipena Azu Muguruzarenek.
Eta esandako guztia gutxi balitz, luzapenean «bigarrenez» irabazi behar izan dute donostiarrek. Izan ere, 1,5 segundu falta zela, Maria Españak 64-66ko saskiratzea lortu du eta talde katalana hutsarterik gabe geratu da. Hala ere, Laura Peñak bere saskipetik sekulako pasea eman dio Tunstulli eta honek, Coulibalyk baloia mozteko orduan egindako akatsa baliatuz, mirarizko berdinketa ezarri du.
Hala ere, gipuzkoarrek lanean serio eta beltz jarraitu dute. Coulibalyk 19 puntu eta 11 errebote lortu baditu ere, Maria Españak luzapenean erakutsi duen patxadak puntuak ez ezik, uneoro aurretik joateko balio izan dio IDK Euskotreni. Aldiz, Cadi La Seuren aldetik Laura Peña eta Georgina Bahik sekulako lana egin dute, baina uneoro atzetik joan beharra azkenerako astunegi gertatu zaie.
Ikusi egin behar Ane Esnalen lesioa zenbaterainokoa den eta Ivana Racaren lekuan beste fitxaketarik egingo ote duten.
MOVISTAR ESTUDIANTES 75 - KUTXABANK ARASKI 60
Emaitza nahiko gezurtia da, azken laurdenaren hasieran 50-51 arabarren aldekoa baitzen. Baina Madrilgo taldeak 16-0eko partziala sartu dio Madelen Urietaren taldeari eta akabo 30 minutuan egindako lan aparta.
Gasteiztarren pekaturik handiena galdutako baloietan egon da, orotara 17 jabetza galdu dituztelako. ondorioz, erreboteetan nagusi izan badira ere, Tanaya Atkinson, Holopainen eta Van den Adelen eskutik, azkenean Estudiantesek Kutxabank Araskik adina jaurtiketa egin ahal izan ditu. Horrez gain, madrildarrek 24 asistentzia banatu dituzte, eta 9 baino ez arabarrek. Ondorioz, jaurtiketa dexente aurkariaren eskua aurrean dela bota behar izan dute Made Urietarenek.
14 punturekin, Tanaya Atkinson izan da Kutxabank Araskiren saskiratzaile onena, Txell alarcon gazteak 11 lortu dituen bitartean. Tamalez, Holopainen eta Van den Adelek defentsa oso zorrotza nozitu dute eta ezin izan dute aurreko eguneko modu berean punturik sartu. Esan gabe doa azken laurdeneko desoreka horretan larregi antzeman dela jokalari hauen bien puntu eskasia.
Estudiantesen jokatzen duten euskal jokalarien artean, berriz, Itsaso Condek minutua baino gutxiago baino ez du jokatu. Aldiz, Maria Eraunzetamurgil hasierako bostekoan atera da eta 22 minutuan 9 puntu eta 3 errebote lortzeko gai izan da.