COVIRAN GRANADA 99 - SURNE BILBAO BASKET 84
Beti ezin da irabazi, batez ere aurkariak musika jo eta norberari dantza egitea dagokionean. Granadaren etxean, denboraldiko aurreneko porrota jasan du Surne Bilbao Basketek, eta bilbotarrek merezita galdu dutela esatea baino egokiagoa da andaluziarrek merezita irabazi dutela aipatzea, andaluziarren erritmoak estropezuka erabili baititu Ponsarnaurenak.
Abiada bizian jokatu dute Pablo Pinen gizonek; jokatu dutenetatik seik 10 puntu edo gehiago saskiratu dituzte eta bigarren erdian beltzezko gizonek hiruko jaurtiketetan izan duten beherakada ederki baliatu dute nahi bezala aldea atera eta irabazteko. 20 puntuko abantaila ere izan dute Granadakoek eta burumakur itzuli behar izan dute Jaume Ponsarnaurenek etxera.
Burumakur, ordea, ez porrotagatik bakarrik, Nikola Radicevic antolatzaileak min hartu duelako baino. Bilbao Basket hirugarren laurdenaren hasieran baino ez da aurretik jarri, 56-58, 3-10eko partziala erdietsi ostean. Berehala eman dio buelta markagailuari Granadak eta neurketa berdintzeko ahalegin horretan Radicevicek eskuin oinean min hartu du eta ezin izan du gehiago jokatu. Orduan hautsi da dema, 24-8ko partziala sartu baitio Andaluziako taldeak Bilbao Basketi.
Une horietan, bestetik, Jeff Withey aulkian zen, atsedena behar zuelako, baina hain justu Withey izan da erasoan Bilbao Basketen ekimena eraman duena –21 puntu lortu ditu– eta berak beherantz egin duenean, Bilbao Basket ez da neurketa berdintzeko gauza izan.
Bestalde, ACB Ligan baloi gutxien galtzen duen taldea Bilbao Basket da baina zapatu honetan 10 galdu dituzte, horietatik gehienak laugarren laurdenean. Azken zati horretara markagailua 80-66 zela iritsi da partida eta bilbotarrak ez dira kapaz izan azken minutu horietan lehiakor izateko.
Felicio eta Withey buruz buru
Granadako taldeak tximistaren pare jokatu du aurreneko erdian eta andaluziarren erritmoa jarraitzen gorriak eta beltzak ikusi ditu talde bizkaitarrak. Renfroek sartu ditu aurreneko puntuak, baina Cristiano Felicio pibot brasildarra izan da etxekoen buruko minik handiena lehenengo minutu horietan.
Kasualitatea ala ez, Jeff Witheyk defentsan sufritu duena baino eraginkortasun handiagoz erantzun du erasoan eta bere puntuei esker –tartean hiruko bat– Jaume Ponsarnauren gizonek ez diote Granadari alde egiten utzi, baina ez dira aurretik jartzeko gai ere izan.
Hain zuzen, Bilbao Basket oso deseroso aritu da, beti etxekoen atzetik markagailuan eta jokoan. Albotik azkar ateratzeko arau berria oso landuta daukatela erakutsi dute Pablo Pinek entrenatzen dituen jokalariek eta mihia kanpoan dela, lipar bat atzetik iritsi dira sarri bizkaitarrak, Granadaren jokoari tamainarik hartu ezinik.
Granadak zorte apur bat ere izan du zenbait jokalditan, dena esaten hasita: dela Francis Alonso eta Radicevicen artean galdu duten baloi inozo bat, zeina Christian Diaz etxekoen jokalariak taula jota sartu den hirukoaz «aberastu» duena; dela GBC eta Bilbao Basketeko jokalari ohi Pere Tomasek bigarrena laurdenean jarraian sartu dituen bederatzi puntuak, tartean Rabasedari atera dion «hiru gehi bateko» jokaldia; dela bigarren laurdenenean bilbotarrek ikusi dituzten bi falta teknikoak.
Aurreneko laurdena 27-20 amaitu bada, bigarren laurdenaren erdialdera Granadaren aldea 14 punturaino iritsi da, eta eskerrak hirukoetan eta erasoko erreboteak harrapatzeko orduan fin ibili diren bizkaitarrak. Lan horretan Denzel Anderssonek zeresan handia izan du.
Hortzak estutu eta sufritzea beste erremediorik ez dute izan Jaume Ponsarnaurenek, eta baita egin ere! Adam Smith ez da eroso aritu, baina Valentzia Basketen aurka ez bezala, saskirako bidea aurkitu du; hala, Ludde Hakansonek eta Jeff Witheyk –15 puntu sartu ditu aurreneko erdian Californiako pibotak–. Are gehiago, gezurra badirudi ere, bigarren laurdena bilbotarrek irabazi dute, azken segunduetan 0-5eko partziala lortu baitute. Lehenik, Michale Kyserrek ezustean sartu duen hiruko batekin, eta ostean, laurdena amaitzen ari zela, Sulejmanovicek ohostu eta Smithek azken unean sartu duen kontraerasoarekin. Bada, nahiz eta Bilbao Basketek 53 puntu jaso aurreneko bi erdietan, bost puntura gerturatzea lortu du atsedenaldirako. Gaitzerdi!
Buelta eman eta gero, gainbehera
Hirugarren laurdeneko lehenengo saskiratzea Granadak lortu du, baina Bilbao Basketek, aurreneko erdian ez bezala, markagailuan berdinketa erdietsi du 0-8ko partzial bati esker. Defensa lanean hobekuntza handia izan dute bizkaitarrek –epaileek ere eskuzabal jokatu dute zenbait alditan– eta Radicevic, Smith, Rabaseda, Andersson eta Jeff Witheyk osaturiko bostekoak 56na berdintzea lortu eta hutsartea eskatu beharrean geratu da etxekoen entrenatzailea.
Aurretik ere jarri dira bilbotarrak unetxo batez, 56-58, Adam Smithen bitartez, baina 24-8ko partziala sartu dio Granadak segidan. Neurri batean, Witheyren atsedenak bizkaitarren sendotasuna asko murriztu du, baina horrez gain Radicevicek eskuin oinean min hartu –serbiarrak orpazurdan zerbait ote duen dirudi– eta kantxa utzi behar izanak ere ez dio mesederik egin Jaume Ponsarnauren taldeari.
Izan ere, jokoa berriz ere erabat erotu du etxeko taldeak eta eromen horretan ez du kontrolik ezarri Bilbao Basketek. Baloi errazak galtzen hasi dira Ponsarnaurenak, aurretik jokatu dituzten neurketa guztietan ez bezala, eta kaos hori bikain baliatu dute Granadako Christian Diaz eta Lluis Costa antolatzaileek.
Azken laurdena 80-66 hasi bada, Granadaren aldeak gorantz baino ez du egin, 91-71koan goia jo duen arte. Tarteka partzial txikiren bat lortu du talde bilbotarrak, baina markagailua iraultzeko fede handirik gabe, batez ere hiruko jaurtiketetan hondoa jo arte hutsegiteak pilatzen hasi baita. Granadako teknikariak ia sekula jokatzen ez duten Ramon Vila eta Jacobo Diaz ere atera ditu kantxara azken minutuetan, baina markagailuan ez da alderik antzeman, andaluziarren musikaren erritmora jokatu behar izan duelako uneoro Bilbao Basketek.
Granada: Renfroe (14), Bropleh (7), Prince Ali (10), Maye (14) eta Felicio (17) –hasierako bostekoa– Costa (11), Pere Tomas (11), Christian Diaz (8), Niang (4), Vila (3), Iriarte eta Jacobo Diaz.
Bilbao Basket: Adam Smith (10), Ludde Hakanson (14), Xavi Rabaseda (10), Denzel Andersson (10) eta Jeff Withey (21) –hasierako bostekoa– Nikola Radicevic (4), Michale Kyser (10), Francis Alonso (3), Emir Sulejmanovic (2), Alex Reyes eta Ignacio Rosa.
Partzialak: 27-20, 26-28, 27-18, 19-18.
Epaileak: Castillo, Araña eta Fernandez. Egotzitakorik gabe. Hakansoni falta teknikoa adierazi diote bere burua botatzeagatik eta Bilbao Basketen aulkiko jendeari protesta egiteagatik. Nikola Radicevicek eskuin orkatilan min hartu du hirugarren laurdenean eta kantxa laga behar izan du.
Gorabeherak: 5.000 ikusle Granadako Kirol Jauregian. Talde andaluziarreko bazkide historiko bat asteon hil delako minutuko isilunea gorde dute partida hasi aurretik.