Ane Urkiri

Unai Lasok nagusitasunez garaitu du Danel Elezkano (22-7) eta lehen puntua batu du

Unai Lasok erabat menderatu du Lau eta Erdiko txapelketako final laurdeneko partida eta lehendabiziko puntua batu du Danel Elezkano 22-7 garaituta. Galtzen hasi da baina behin markagailua irauli duenean, geldiezina izan da Zaratamokoarentzat.

Unai Laso nagusi izan da Labriten jokatu den deman.
Unai Laso nagusi izan da Labriten jokatu den deman. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hasierako tantoak erreparatuta, partida zinez interesgarria izango zela pentsatu du bat baino gehiagok. Danel Elezkano indartsu iristen zen Lau eta Erdiko final laurdenetara –Artola kanporatu zuen final zortzirenetan– eta Unai Lasok ere bere ezkerraz ohartarazi zuen NAIZ Irratian emandako elkarrizketan. Hala, Zaratamokoarentzat izan dira aurreneko bi tantoak. Fresko ikusi zaio, arriskatzen eta Lasori arazoetan jartzeko prestu.

Lasoren aurrean, baina, edozein akats garesti ordaintze da –Elezkano bera ere jakitun izan da– eta bizkaitarrak bi pilota huts egin dituen momentutik, nafarra hazi egin da eta sakez erabat menderatu du partidako lehen zatia. 5-0eko partzial batekin markagailua irauli egin du Baikoko aurrelariak eta oraindik goiz bazen ere, hondoa jo du Elezkanok.

Argi apur bat ikusi du Lasok eginiko bi akatsen ondotik (5-4) baina segituan erreakzionatu du Bizkarreta-Gerediaingoak eta Elezkanok bukatu ezin izan dituen tantoak berak errematatu ditu. Hala, 8-4ko markagailura iritsi da partida eta Labriten batu diren zaleek tanto zinez ikusgarria ikusi dute. 17 pilotakadako tantoan, Zaratamokoak eramatea pentsaezinak ziruditen bi pilota eraman ditu baina azkenean, nekeak kondenatu egin dio, Lasoren alde.

Atsedenaldia eskatu dute pilotariek eta bueltan, geldiezina izan zaio Laso Elezkanori. 10-1eko partzialarekin partida erabakita utzi du. Tanto bakoitza dominatu du –Jon Mariezkurrenak horixe eskatzen zion, hain zuzen ere– eta bizkaitarra erreakziorik gabe geratu da. Zenbait sake gora ere bota ditu, garaipenaren bidea are gehiago erraztuz.

«Pare bat opari egin ditut eta horrelako pilotari baten aurka ezin da oparirik egin», onartu du Danel Elezkano berak partida amaitu berritan.

Lasok ere sakez egin ditu bi akats baina ordurako berandu zen Elezkanorentzat (20-7). Azkenean, nafarrak lehen puntua irabazi du eta hurrengo asteburuan Aitor Elordiren aurka lehiatuko da. Ostiralean Ezkurdiari irabazita, indartsu iritsiko da erabakigarria izan daitekeen partidara. «Jendeak esan du ezustekoa eman zuela baina niretzat ez da hainbesterako izan. Iaz ere erakutsi zuen nola jokatzen duen, Altunari kasik irabazi egin zion», adierazi du Lasok, partida gogorra izango dela ohartaraziz.

FITXA TEKNIKOA

Laso: 22

Elezkano II: 7

Pilotakadak: 139. Iraupena: 35:48. Markagailua: 0-2, 2-2, 5-2, 5-4, 15-4, 15-5, 16-5, 19-5, 19-6, 20-7, 22-7. Sakeak: 2 Lasok eta 0 Elezkanok. Egindakoak: 8 Lasok eta 3 Elezkanok. Galdutakoak: 4 Lasok eta 14 Elezkanok. Gorabeherak: SLabriten giro onean jokatu zen Lau eta Erdiko final laurdeneko partida.