Mikel Aginagalde
Interview
Paula Arregi
Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria

«Euskara eta Ikastola bizirik gaude, eta gure herria eta eskualdea ereiten jarraituko dugu»

Festaren nondik norakoak argitzeaz gainera, ikastolaren etorkizuneko helburu eta erronka nagusiei buruz mintzatu zaigu Paula Arregi, Tafallako Garces de los Fayos ikastolako zuzendaria. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea ere aldarrikatu nahi izan du.

Paula Arregi, ikastolako zuzendaria
Paula Arregi, ikastolako zuzendaria (Iñigo URIZ | FOKU)

Lizarran iaz «formatu txikian» ospatu ondoren, bueltan da berriro ere Nafarroa Oinez ikastolen aldeko jaia, ohiko ibilbide eta gune guztiekin. Nola bizi duzue itzulerako unea?

Momentu honetan urduritasunez, baina indarrez eta gogoz beteta gaude. Hurbil ikusten dugu hitzordua eta nahiz eta lana egun hauetan bikoiztu egin den, irrikatan gaude denok batera Nafarroa Oinez jaia ospatzeko. Egun handia izatea espero dugu denok.

Zeintzuk dira aurtengo festaren helburu nagusiak?

Oro har, hiru helburu nagusi ditugu Garces de los Fayos ikastolan. Alde batetik, euskara eta euskal kultura Tafallan eta zonaldean zabaltzea eta indartzea. Izan ere, 52 urte luze daramatzagu lan horretan eta bide horretatik jarraitu behar dugu.

Beste alde batetik, gure ikastolak garatu dituen proiektu pedagogiko berritzaileek gure eraikinetan aldaketa sakonak egitea eskatzen dute. Zehatzago esanda: espazio berriak eta irekiak behar ditugu, elkarren arteko harremanak, eztabaidak eta proiektuak garatzea ahalbidetzen dutenak, hain zuzen ere. Behar horiek guztiak asetzea ezinbestekoa da.

Azkenik, ezin dugu ahaztu iragan 2011. urtean ospatu zen Nafarroa Oinez festari esker lortu genuena; alegia, DBHko egoitza berria eraikitzea. Horrek zorrak ekarri zituen guretzat eta aurre egin behar diegu; beraz, horretarako ere erabiliko da festa honetan lortutako etekina. Izab ere, alor ekonomikoa ere oso garrantzitsua da eta aintzat hartzekoa gu guztiontzat.

Nafarroa Oinez bezalako festa bat prestatzeak ahalegin kolektibo handia eskatzen du. Zein izan da ikastola-komunitatea osatzen duzuenon inplikazio maila antolakuntzari dagokionez?

Hasiera-hasieratik inplikazio maila altua egon da komunitate osoan; ez oraingo familiekin bakarrik, belaunaldi guztietako familiak, ikasleak eta langileak haien laguntza eskaintzen aritu dira uneoro, eta hori izaten ari da festa honen alderdirik politenetako bat. Ikastola familia erraldoia gara eta auzolan handienaren aurrean, gure ondora etorri dira, denon artean egun eta urte bikaina ospatzeko asmoz. Egia da egun eta une batzuk besteak baino hobeak izan direla, baina aurrera egiten jakin izan dugu adoretsu. Eskerrak eman nahi nituzke hemendik. Izan ere, zoragarria da komunitate horren kide izatea.

Esan bezala, festa antolatzea bera erronka itzela da. Zein izan da ekitaldiaren prestaketa lanetan izan duzuen zailtasunik aipagarriena?

Egia esateko, zailtasunik handiena eta nabarmenena izan da, zalantzarik gabe, egunean bertan egin beharreko muntaiak eta desmuntaiak kudeatzea. Jai erraldoi horren prestaketa auzolanaren bidez egin dugu, eta sarritan zaila da hori guztia kudeatzea.; alde batetik, jende asko dagoelako, eta bestetik, definitu gabeko lan asko sortzen direlako momentu bakoitzean.

«Garces de los Fayos ikastolaren helburu nagusietako bat, euskara eta euskal kultura Tafallan eta zonaldean zabaltzea eta indartzea da. Izan ere, 52 urte luze daramatzagu lan horretan eta bide horretatik jarraitu behar dugu».

Dena prest, beraz, euskaltzaleei harrera beroa egiteko. Zeintzuk dira aurtengo festaren berezitasun nagusiak?

Berezitasun nagusi gisa aipa dezakegu Garces de los Fayos ikastolak antolatzen duen laugarren Oineza dela. Eta asteburu osoko jaia izanen dela. Larunbatean ekintza ezberdin eta ugariak antolatu ditugu, eta igandea izanen da egun nagusia, programa anitza familia eta lagun artean gozatzekoa. Aipatzekoa da, gainera, Tafalla eta zonaldeko herrietako elkarte eta artista ugariren parte hartzea izango dugula ibilbidean zehar.

Adin guztietako pertsonei zuzendutako egitaraua eskainiko duzue. Zein alderdiri eman nahi izan diozue garrantzia?

Gure ibilbideak bi kilometro inguru izanen ditu eta lau area edo gune egonen dira: Hazi, Sustrai, Kimu eta Zuhaitz izenekoak, gure “Erdian erein” leloarekin lotura zuzena duena. Erdialdean euskara ereiten jarraitzera animatzen gaitu honek. Haziak landatu behar ditugu, sustraiak gure lurrera ongi eutsi eta kimu berriak ateratzen jarrai dezaten, etorkizuneko zuhaitz sendoak izan ditzagun.

Leloak dioen bezala, indarrak berriz batzeko ordua iritsi da. Gure Ikastolaren ibilbide luze honetan egon diren belaunaldi desberdinak topatzeko unea, eta belaunaldi berrien taupada entzuteko unea dela uste dugu. Asko da aurrekoek irakatsi dezaketena eta asko da egun hezten ari garen haurrek emango dutena. Euskara eta Ikastola bizirik gaude, eta gure herria eta zonaldea ereiten jarraituko dugu.

Oztopo handiak gainditu behar izan dituzue, baina aurrera egin duzue irmoki. Zeintzuk dira Nafarroako ikastolen etorkizuneko erronkak?

Nafarroako ikastolen erronkak ez dira asko aldatu, hauen sorreratik: Nafarroako gizarte euskaldunago eta hobeki hezitakoa lortzea, hain zuzen. Erronka hauek bizi dugun errealitate aldakorretara egokitzea da gure egiteko nagusia. Gure ikasleak eta ikasle-ohiak euskararen ezagutzatik honen erabilpen orokortura pasatzea (bizitzako eremu ezberdinetan, ez bakarrik akademikoan) eta hezkuntzaren alorrean, ezagutza zientifikoetan oinarrituta, honen berrikuntza; ikasleak konpente bilakatuz beraien esparru ezberdinetan: akademikoan, afektiboan edo eta sozialean, adibidez. Eta guzti hau gure izaera kooperatibo eta autogestionatuan eta gure balio nagusienetan oinarrituta.

Euskararen erabilera ez da nahi genukeena bezain ona. Zeuek nola ikusten duzue euskararen egoera Tafallan?
Gure zonaldean zaila da euskaraz bizitzea, baina ikastolak lan ederra egin du 52 urte hauetan. Beraz, ezinbestekoa izan da normalizatze prozesuan. Bide luzea geratzen da, baina pozez eta ilusioz ekingo diogu erronka horri.