NAIZ

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan istripu larriek %31 egin dute gora, Osalanen arabera

Iaz baino lan istripu gehiago izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lan heriotzak, berriz behera egin dute momentu, Osalanek argitaratutako azken datuen arabera. Lan-istripu gehienak arinak izan dira, eta zerbitzuen sektorean gertatu dira ezbehar gehien.

Lan istripuen aurkako kontzentrazioa Iruñean, artxiboko irudi batean.
Lan istripuen aurkako kontzentrazioa Iruñean, artxiboko irudi batean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Urteko lehen bederatzi hilabeteotan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 182 langile izan dira larri zauritutakoak, lan-istripuak direla eta. Iaz, garai berean 139 ziren, eta beraz, %31a igo da zauritu larrien kopurua. Lan heriotzen kasuan, ordea, aurten 20 izan dira, eta pasa den urteko urrian 24 ziren hildakoak. Datu hauek, Osalanek eman ditu.

Lan istripuen ondorioz hartutako bajei dagokionez 27.331 izan dira, iazko datuekin alderatuz, %2,5 gehiago. Datu hauek lanaldian bertan izandako ezbeharrak, 'in itinere' erregistratutako kasuak, eta berrerortzeak ere jasotzen dituzte. Irailera bitarte, 23.393 (+ %1,7) izan dira lanean gertatuko ezbeharrak, eta 'in itinere' zenbatutakoak 2.792 (+ %9,9).

Lanaldi barruan izandako istripuetatik 23.219 arinak izan dira (+1,6%), 156 larriak (+28%) eta 18 hildako izan dira (2021ean baino hiru gutxiago). 'In itinere' gertatutako ezbeharretan, arinak 2.764 (+9,7%), 26 larri (17 izan ziren 2021ean) eta bi hildako (iaz baino bat gutxiago).

Istripu edo ezbehar gehien izan dituen sektorea Zerbitzuena izan da (12.531 istripu), gero Industria (7.454 ezbehar) eta Eraikuntza (2.985 istripu) datoz, eta jarraian Nekazaritza Abelzaintza eta Arrantza (423 baja).