Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Trussen plana baztertuta, Jeremy Hunt da ‘de facto’ lider berria

«Truss planagaz ez da plan». Jeremy Huntek astelehen honetan egindako agerraldian hori da pasatu duen mezua. Trussek aurreratutako neurri gehienak bertan behera uzten dituela aurreratu du, eta horietan inportanteena, korporazio handiei %25etik %19ra zergen beherapena.

Jeremy Hunt.
Jeremy Hunt. (Daniel LEAL | AFP)

Ez da giro Liz Truss lehen ministro britainiarrentzat. Ekonomia behin betirako zuzentzeko bere aurrekontuak aurkeztu zituenetik, kolpeak bata bestearen atzetik jaso ditu. Korporazio handiei zergak jeisteko bere asmoak ekaitza sortu zuen, «sterling» libera, bono soberanoak eta bere popularitate politikoa hankaz gora jarriz. Merkatuek eman zioten zaplastekoari gehitu herritarren bizi mailaren erorketa eta ziurgabetasun giro orokorra, eta ekaitza perfektua etorri da, Liz Truss bereran sinesgarritasuna hutsaren hurrengoan utziz.

Bere «plan ekonomiko izarra» izan beharko litzatekeena berarekin batera diseinatu zuen Kwasi Kwarteng Finantza ministroaren dimisioa behartu zuen, horrekin bere burua salbatzeko flotagailua aurkituko zuelakoan. Alferrik! Jarraitu ahal dezake postuan bere plana toki guztietatik desegiten ari den bitartean? Britainiar prentsarentzat, ez. Torien gehiengo handi batentzat ere ez. Eta galdera airean dabil: Zenbat denbora geratzen zaio erori baino lehen? Izan ere, merkatuek badute txakur amorratuarena den zerbait: harrapakin ahula usaitzen dutenean, ez dira gelditzen hura ehizatzeraino. Apostu etxeak argi daukete: Kwarteng-en bide beretik joango da Truss. Are, prentsa batere kontsolagarria ez den ia erret titulua dena eman diote: «Liz laburra».

Gauzak honela, Trussek Jeremy Hunt hautatu zuen Kwartengen ordezko. Edo hobe agian, alderdi barneko presioak behartu zuen hautatzera. Erraz idazten da, azken lau urteetan bosgarren Finantza ministroa izango da. Esperientzia handikoa, thatcherista moderatu bezala aurkeztua, Hunten lehenbiziko egitekoa Trussek eragindako kaosa zuzentzea izango da. Zenbakiek sostengatzen ez zuten aurrekontu sinesgarri bat ixtea. Izan ere, milaka enpresa desagertzear eta energia pobrezian bizi diren familiak bikoiztuta, gobernuak eskua sartu behar du energiaren merkatuan, bai ala bai. Truss ez zegoen horren aurka, baina korporazio handiei zergak nabarmen jeitsiz, horrek diru publikoaren bilketan utziko duen zuloaren tamainaz jakitun, energia fakturak ordaintzeko diru-laguntzaki emateko zorra handitu behar zen, nahita ez. Eta zenbakiek ez dute ematen, finantzen merkatua ez dago zor publikoari bilioka sterling libera emateko pronto.

«Truss planagaz ez da plan». Jeremy Huntek astelehen honetan egindako agerraldian hori da pasatu duen mezua. Lehen ministroak aurreratutako neurri gehienak bertan behera utzen dituela aurreratu du, eta horietan inportanteena dena, korporazio handiei %25etik %19ra zergen beherapena. Politikan oso gutxitan ikusten den zerbait da: Finantza ministroak lehen ministroari jartzen zion osotasunari enmendakin bat. Nola eutsiko dion Trussek, eta noiz arte, ikuskizun dago. Eta benetan zeinek agintzen duen inguruko eztabaida denak ireki ditu, parez-pare.

Enpresen eta familien energiaren fakturak ordaintzeko diru laguntzak apirila arte bakarrik hitzeman ditun eta ministerio guztiei dirua aurrezteko eskatu die. «Erabaki zail eta inpopularrak» aurreratu ditu ere. Alegia, murrizketa sozialak datozela. Azken buruan, moderatu edo erradikalago, Jeremy Hunt Margaret Thatcherren ikasle eta jarraitzailea da, eta toriek betidanik defendatu duten diziplina fiskalaren aldekoa da. Eta analista britainiar askoren aburuz, bera da benetako liderra. Truss ez bezala, autoaren argiek bideberrian geldi-geldi, noiz harrapatu zain, daukaten untxia dirudiena, ekaitz garaiotan itsasontzia zuzendu dezakeen kapitaina.