NAIZ

27 gradutik gora 06.00etan Higerren, euskal kostaldeko gau tropikalaren adierazgarri

26-27 gradutan heldu da asteazken honen egunsentia euskal kostako herri askotan, benetako gau tropikal baten ondoren. Hurrengoan ere berdin gerta daiteke.

Gaurko egunsentia Donostian; 26 gradu goizeko 8etan.
Gaurko egunsentia Donostian; 26 gradu goizeko 8etan. (NAIZ)

Hego haizea gogor ari da jotzen Euskal Herrian eta kostaldean bereziki oso gora eraman ditu termometroak. Urriaren bigarren hamabostaldian egonik, batere arrunta ez den gau tropikala izan da gaurko hau.

Gipuzkoa eta Lapurdiko itsas eremuetan epeltasuna ez, benetako beroa sentitu da gau honetan, eta egunsenti aldera ere ez da termometroa apaldu. Bereziki nabarmentzekoa da Hondarribiako Higerren 06.00etan neurtu den tenperatura, 27 gradutik gorakoa.

 

Euskal Herriko barnekaldean askoz motelagoa izan da beroaldi honen eragina. Honela, Gasteizen 14 gradurekin esnatu dira, eta Iruñean, 15 gradutara.

Hurrengo gauean ere antzekoa gerta daitekeela aurreikusten da. Egunean zehar, bai eta ostegunean ere, termometroak 28 gradu ingurura igo daitezke, kostaldean zein barnekaldean.

Ostiraletik aurrera freskatzen hasiko dela dirudi, baina euriaren arrastorik ez da apenas agertzen aurreikuspenetan.

[Eguraldiari buruzko informazio osoa Naiz Eguraldian]