NAIZ

Armintzan eta Mutrikun olatu bidezko energia lortzeko urratsak nabarmendu ditu Urkulluk

Donostian ospatzen ari den International Ocean Conference & Ocean Energy bileraren inaugurazioan izan da Iñigo Urkullu lehendakaria, non energia berriztagarria lortzeko euskal kostaldean garatzen ari diren proiektuen berri eman duen.

Bimep-en instalazioak euskal kostaldean.
Bimep-en instalazioak euskal kostaldean. (Energiaren Euskal Erakundea)

Iñigo Urkullu lehendakariak euskal kostaldeak itsas energian duen «potentziala» nabarmendu ditu, bai itsasoaren indarragatik, bai sektore produktibo berri bat sortzeko dituen azpiegiturengatik.

Aste honetan ofizialki inauguratu du Urkulluk International Ocean Conference & Ocean Energy (ICOE-OEE 2022) bilera. Donostiako Kursaal jauregian daude bilduta asteartetik alternatiba energetiko horri lotutako 700 profesional eta ikertzaile inguru. Itsas energiei buruzko mundu mailako garrantzitsuena da. Oraingoan, OEEk ez ezik, EAEko Energia Klusterraren Elkarteak (ACE) ere antolatu du biltzarra, EEE Energiaren Euskal Erakundearen babesarekin.

Urkulluk nabarmendu du EAEk energia sortzeko modu berrietara igarotzeko eta eraginkortasuna hobetzeko konpromisoa duela, etorkizuneko ongizaterako «lehentasunezko erronka» baita.

Ziurtatu duenez, konpromiso hori frogatu egin du lurraldeak. Tartean, Energiaren Euskal Erakundea duela 40 urte eratu izana nabarmendu du, eraginkortasun energetikoko programetan 2.400 milioi euro mobilizatu dituen elkartea.

Azken 15 urteetan, euskal industriak %50 murriztu ditu emisioak, eta bat egin du Super Zero Klusterrarekin, zero emisioak lortzeko konpromisoa hartu duena, Urkulluren esanetan.

Eskuartean duten estrategiak energia berriztagarriak aprobetxatzearen aldeko apustua egiten du, eta «itsas energia ez da salbuespena», nabarmendu du lehendakariak, euskal kostaldeak alor horretan duen «potentziala» azpimarratuz.

Alde horretatik, Bimep aipatu du, ikerketarako eta ustiatzeko itsasoaren benetako egoeraren berri ematen duen azpiegitura, informazio hori itsas energia jasotzen dute gailuentzat –olatu zein haizearen bidez lortutakoa– baliagarria izan dadin.

Urkulluk Bimapek Armintzan eta Mutrikun egiten dena azaldu du. Armintzan, itsas energiak atzitzeko prototipoen saiakuntza-gunea eta itsas zabaleko ekipamendu osagarria daude 2015etik. Mutrikun, berriz, mundu osoan energia elektrikoa etengabe ekoitzi duen mota horretako merkataritza-planta bakarra dago.

Lehendakariak Europewave partzuergoari erreferentzia egin dio, Wave Energy Scotlandekin (WES) eta Europako Batzordearekin batera olatuak hartzeko gailuak erosiko dituena; Turbowave, Mutrikun erabiltzeko azken belaunaldiko turbinen garatuko dituena, eta itsas teknologia berriztagarriak frogatu eta baliozkotzeko inbertitzaileak bilatzen laguntzen duen programa.