Omia Sainduko oporraldia hasiko da ostiral honetan. Horren bezperan agerraldia egin du ostegun honen arratsaldean Azterketak Euskaraz dinamikak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) egoitzaren atarian, Baionan.
Bilkura amaitu ondoren, EEPko lehendakariak «tonu aldaketa bat» izan zela azterketen auzian nabarmendu zuen, ondoko asteotan Hezkuntza Ministaritzak bere erabakiaren berri emanen zuela iragarriz.
Izan ere, geroztik murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek ez dute inolako erantzunik jaso.
Gauzak horrela heldu den udaberritik aitzin –Baxoa azterketaren berezitasunei dagozkien frogak martxoa aldera hastekoak dira, lizeoaren erreformak hala aginduta– azterketa horiek egin behar dituzten ikasleek ez dakite ikasten duten hizkuntzak egin ahalko dituzten.
Horrendako data berezia hautatu du Azterketak Euskarazek bere hurrengo mobilizazioa antolatzeko. Azaroaren 14a baita Baxoa pasatu behar duten ikasleek izena emateko azken eguna.
Peio Jorajuriak Seaskako lehendakariak zehaztu duenez, bi toki sinboliko, Hezkuntza Erretoretza eta Giza Eskubideen plaza lotuko dituzte Bordelen, azaroaren 14an.
Hitz onekin ez konformatzeko deia
Izan ere, Michel Blanquer Hezkuntza Ministro ohiaren agintaldian, hezkuntza agintariek, modu bereziki iraingarrian, zalantzan jarri zuten murgiltzean ikasten ari diren ikasleek brebeta eta baxoko azterketak ikasketak egiten dituzten hizkuntzan egiteko duten eskubidea.
Irailaren 14an Parisen iragan zen bilerak aldarte berria irudikatu bazuen ere, «hitz onekin gelditu baino» zuhurki jarraitzeko afera deia luzatu die gaur Jorajuriak bai EEPren buruari baita berarekin batera Hezkuntza Ministerioan eginiko bilerara bertaratu ziren hautetsiei.
Brebetari dagokionez, ministerioko solaskideek, oro har, euskal ordezkariek azalduriko argudioak partekatu zituztela nabarmendu zuen orduan Kurutxarrik.
«Gure ikasleek Brebet azterketa euskaraz idatziko dute baina bermatu behar zaie kopia horiek zuzenduak izanen direla», adierazi du gaur kolegioaren amaieran eginen den azterketari buruz Seaskaren presidenteak.
Unibertsitatean sartu aitzin egiten den Baxoa azterketaren auziari ez zioten sakontasunez heldu Parisen eginiko bilkuran, baina gai horri eta pendiente gelditu ziren beste gai batzuei buruz «elkarrizketa-lerro bat irekitzeko» prestasuna dagoela sumatu zuten euskal ordezkariek.
Kurutxarrik aitzinatu zuen bilkura bat izanen zutela ondoren baxoari buruz eztabaidatzeko, nahiz eta datarik ez zehaztu.
Alta, kurtso aurrera doa eta Baxoa azterketa prestatzeko gero eta denbora gehiago badute ikasle zein irakasleek.
Gauzak horrela, oporretatik bueltan, azaroaren 14an bere bexa entzunaraziko du Azterketak Euskarazek Bordelen.