Alderdi politiko bat behar bezala eraikitzeko gako nagusienetakoa izen egoki bat topatzea da. Bete-betean asmatu zuen Silvio Berlusconik ‘Forza Italia’ (‘Aupa Italia’) erabiltzea erabaki zuenean. Baina ‘Fratelli d’Italia’ ez da gutxiagorako.
Bi hitz horiek ospe handikoak baitira Italian. Giorgia Meloniren alderdi ultraeskuindarra da azken erakusle, baina aurretik adibide ugari daude, batzuk benetan bitxiak.
Mameli eta Novaro
Egia esanda, benetako Italiako ereserkiaren izena ez da ‘Fratelli d'Italia’, ‘Il canto degli italiani’ (‘Italiarren kanta’) baizik. ‘Fratelli d'Italia’ lehendabiziko bertsoa da, eta abesti liriko askorekin gertatzen den bezala kantuaren izena bilakatu da askorentzat. ‘Mameliren ereserkia’ ere deitu izan zaio, Goffredo Mamelik letrak eman zizkiolako. Musikari baten ekarpena ere izan zen, jakina, Michele Novarorena.
Baina zer sortu zen lehenago, arraultza ala oiloa? Iturri batzuen arabera Novarok Mameliren bertsoak irakurri zituen eta musika jarri zien. ’Fratelli d'Italia/ l'Italia s'è desta’- ‘Italiako anaiok/Italia esnatu da’. ‘Desta’ hori arkaiko bezain xarmangarria da, normalean ‘svegliata’ edo ’sveglia’ erabiltzen baita. Eta ‘desta’ hori bada ere ‘destra’-ren (‘eskuina’-ren) oso antzekoa, horregatik Melonik hauteskundeak irabazi dituenean eskuineko egunkarietan izenburu hau nabarmendu da, ‘L'Italia s'è destra’, jolas-hitz bat eginez.
Baina Goffredo Mameli (irudian) ez zen ultraeskuindarra. Genovako familia noble baten jaio zen, 1827. urtean, garai hartan eta Italiako batasunari begira oso hiri garrantzitsua zen Genovan.
Genovakoa zen ere Giuseppe Mazzini, agian penintsulako independentzia lortzeko filosofo eta intelektualik erabakigarriena. Liguriako hiriburua Savoia Erreinuko porturik inportanteena zen eta Mazziniren ustez Italia, XIX. mendearen hasieran oraindik osatu gabe zegoena, «bat, aske eta errepublikarra» izan behar zen. Zoritxarrez orduan kontrakoa gertatzen zen eta Savoiako Polizia behin baino gehiagotan Mazzini espetxeratzen saiatuko zen. Giuseppe bizkorrak ihes egin zuen; Frantziara, Toskanara (orduan Estatu autonomo bat zena) edota Londresera.
Mazzinizale pilo bat bazen, ordea, oraindik Italia deitzen ez zen lurraldeetan. Besteak beste, Mameli bera eta Giuseppe Garibaldi, independentziaren alde lan iraunkorra eginez. ‘Risorgimento’ren sustraiak ziren horiek, baina etorkizuna zalantzaz beterik agertzen den oraindik. Nork hasi behar zuen prozesua? Nor izan behar zen babeslea?
Savoia Erreinuak lehen kolpea emango zuen azkenik, 1848an, Austriaren kontrako gerran. Carlo Alberto erregeak sua piztu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan, beste erreinuen artean (Toskana, Parma, Napoli, Aita Santuarena) benetako bidelagunik ez zuelako.
Hondamen giro hartan zenbait gaztek irrikaz eusten zioten ametsari. Adibidez, Mamelik poesia batzuk idatzi zituen, beren artean ‘Il canto degli italiani’, oraindik esistitzen ez zen aberri hari eskainiak. Bertsook burgesiaren klubetaraino iritsi ziren, eta holako batean musikari baten belarrietara heldu ziren, kasualitatez Michele Novaro ere genovarra zelako. Hunkituta, Novarok berehala sinfonia bat apaindu zuen, baina Mamelik ia ezin izango zuen abesti hori entzun, 1849an Garibaldiren ondoan borrokatzen hil zelako.
Erroman iraultzaile mazzinizaleek boterea hartu zuten, kaosa baliatuz, eta Pio IX. Aita Santuak Gaetara ihes egin zuen. Errepublika sortu zen, Mazzini buru, Carlo Armellini eta Aurelio Saffirekin batera. Bost hilabetez eutsiko zioten honi, Aita Santua itzuli arte, Frantziako Napoleon III.aren babesarekin, 1849ko uztailan. Gianicolo Muinoan bataila oso odoltsua izan zen, hildako askorekin: besteak beste, Mameli bera. Erromako Errepublikaren ibilbide motza han bukatu zen, Elizaren Estatua Pio IX.ak berreskuratu zuenean.
Mameli hilik, eta Novaro? [goiko irudian] Bera ere zorte gutxikoa izan zen. Pobrezia larrian hil egingo zen, 1885. urtean. Baina Italia Errepublika bihurtuko zenean, 1946an alegia, ‘Fratelli d'Italia’ ereserki ofiziala bilakatuko zen, ‘Marcia Reale’ren ordez.
Gaur egun Erromara joanez gero, Gianicolo Muinoan ikusiko dituzue 1849an borrokan parte hartu zuten abertzaleen omenezko oroitarriak. Garibaldik, estatua handi batetik, dena menderatzen duela dirudi: bere alboan, txikiagoak baina bera bezain garrantsitsuak, Goffredo Mameli eta beste gudariak. ‘La gran belleza’ filma Gianicolon bertan hasten da.
Geroztik, hamaika artistek ‘Il canto degli italiani’ abestuko zuten, bakoitzak bere estiloa eta ñabardurak ematen. Esate baterako, Al Bano, Romina Powerren senar ohia. Bere disko batek, hain zuzen ere, ‘Fratelli d'Italia’ izena darama.
«Betirako italiarrak»
Italiak independentzia 1861ean lortuko zuen azkenik, baina oraingo forma osatzeko eremu asko falta zen oraindik, Ipar-ekialdea esate baterako: Trentino, Dolomitak eta Friuli, Trieste barne. Absburgoko Imperioa nagusi zen oraindik eta bertako biztanle asko italiar sentitu arren Austria-Hungarian bizi ziren. ‘Irredentista’ delako haiek Lehen Mundu Gerran protagonista izan ziren. Ia denak hilko ziren frontean borrokaren, beste aldean jakina, edota Austriako auzitegiek heriotz-zigorra jarrita. Besteak beste, Cesare Battisti Trenton edo Nazario Saurio Triesten. Izen horiek guztiak (Fabio Filzi, Scipio Slataper, Guglielmo Oberdan..) topa ditzakezue gaur ere Italiako kaleetan.
Nazario Sauroaren bizitzari buruzko pelikula biografiko bat bada, 1952an egina. Izenburua, ‘Fratelli d'Italia’. Sauro Koperren, gaur egun Eslovenian den hirian, jaio zen. Italiarrak sentitzen zirenek Capodistria deitzen zioten leku horri. Bere ideien alde egiteak bizitzarekin ordaindu zuen Nazariok esaldi hau utzi zuen: ˜Gu lehenik eta behin betirako italiarrak izango gara». Melonirentzat oso gustoko hitzak dira.
Guztiz kontrakoa da, tonuari dagokionez, ‘Fratelli d'Italia’ 1989ko pelikula. Komedia peto-petoa, barregarria nahiz eta apur bat matxista izan. Hiru atal ditu filmak, nahik batak bestearekin zerikusirik ez duen. Zati bakoitzak protagonista ezberdin bat du. Euren arteko lotura, Fiat Tipo bat
Lehen atalean Erromako oinetako saltzaile batek ilaran aurrera egiten du itxoin gabe, ferry-a ez galtzeko, industria-gizon baten semea dela esanez, baina azkenean ezin du itsasontzia hartu eta etxerako bidean benetako empresari baten alaba topatzen du kasualitatez. Neskak uste du lagun berria «vip» bat dela eta bere lujuzko itsasontzira gonbidatzen du. Zalaparta dexente aterako du protagonistak.
Bigarrenean, Veronako langile bat bere enpresaren buruaren emaztearekin (nor eta Sabrina Salerno!) flirtatzen ari da. Emakumearekin hitzordua lortzen du eta ihesaldia prestatzen dute biek, senarra antza kanpoan denean. Baina bikotearen abentura ez da ondo amaituko...
Hirugarrenean Milanzale amorratu batek Erromara joan behar du futbol partidu bat ikustera. Kotxez doala, itxuraz bi «tifosi» gorribeltz direnekin elkartzen da (Romolo eta Remo), baina Romazaleak dira benetan, bere taldearen aurkakoak alegia, Milanzalez mozorratuta ibili arren. Talka handiak biziko dituzte Erroman.
Baliteke gaur egun, ereserkiarekin batera, ‘Fratelli d'Italia’ hau famatuena izatea, sare sozialeei esker bereziki.
«On the road» bezala
«Italian bada une sorgindu bat, zeinean promesa eder baten kategoriatik ohiko astakeriara pasatzen garen. Zorioneko gutxi batzuek dute bakarrik irakasle errespetatu baten duintasuna». Hau da, gutxi gora-behera, Alberto Arbasino idazlearen ikuspegia.
Gizon hau goi mailako erreferentzi bat izan da Italiako kultur munduan, hil arte, 2020. urtean. Bere bizitza laburtzea oso zaila da, alde eta erpin askotarikoa baita. Idazle, kritiko, telebista-aurkezle, kazetari, gidoilari, Alderdi Errepublikarraren ordezkari, hitz edo esaldi berri batzuen sortzaile... hau guztia eta gehiago izan zen Arbasino.
Gizartearen ikusle eta ikertzaile aparta, beti tonu ironiko batez. Aldi berean burgesa, oso burgesa. Bere familia oso aberatsa zen. Baina horren gainetik, politikoki ez-zuzena beti. Bere ikuspuntuak interesgarriak ziren, iritzi artikulutan adierazia edo eleberri baten bidez. Zenbait pertsona ospetsuri egin zizkien elkarrizketak irakurtzekoak dira: ‘Ritratti italiani’ (‘Erretratu italiarrak’) liburuan jasota daude.
Snob, homosexuala eta dandy-a, 1963an argitaratu zuen bere idazlanik famatuena Arbasinok: ‘Fratelli d'Italia’. Jack Kerouac-en ‘On the road’ bezalakoa da, lagun batekin egin duen bidai bati buruz mintzo baita Alberto Arbasino. Bidaia mugagabekoa da, nahasia eta zentzugabea, baina horren bidez gizarteari kritika sakona, tarteka oso gogorra, azaleratzen da.
Liburuan ageri den Italia «boom ekonomiko»arena da, jende guztia (edo behintzat gehiena) diruz ondo hornitua da, denak pozik bizi dira, musika entzuten eta edonon dantzatzen. ‘Il sorpasso’ pelikularekin antzekotasunak baditu.
Abangoardia artistiko baten burua zen Arbasino, "Gruppo '63" deitzen zena, Umberto Ecorekin beste askoren artean. Beraz, ‘Fratelli d'Italia’ hau nolabait «post-modernoa» zen eta behin baino gehiagotan berridatziko zuen Arbasinok, 20-25 urtetan zehar. Eleberria ez da irakurtzeko erreza, narrazioa zuzena ez delako eta digresio asko barnebiltzen dituelako, baina Arbasinoaren estiloaz jabetzeko bikaina da.
Kazetari lanetan, egunkaririk garrantsitsuenetan kolaborazioak egin zituen: ‘Il Giorno’, ‘Corriere della Sera’ eta ‘La Repubblica’, adibidez. Asko bidaiatzen zuen eta kulturalki oso jantzia zegoen. «Infernura, sinesten dutenak joango dira» irakur dezakegu ‘Fratelli d'Italia’ ezinbesteko honetan.