Lasaitasun puntu bat irabazi du Joseba Ezkurdiak gaur Tafallan Danel Elezkanori 22-12 gailenduta eta lehen jardunaldian Aitor Elordiren aurka galdu ostean bizirik helduko da datorren asteburuko Unai Lasoren aurkako partidara. Aste arraro batean nahi bezala entrenatu ezinda eta aurreko asteko porrotak are gehiago estututa, lotuta aritu da partida hasieran arbizuarra, oraindik koxka bat falta zaio pilotari ohikoa duen abiadura emateko, baina errematean zorte handirik ere izan ez duen Danel Elezkano baino sendoago aritu da eta pisu handiko garaipena eskuratu du.
Zaratamokoari, aldiz, pasa den larunbatean Lasoren aurka gertatu zitzaionaren antzeko zerbait pasa zaio, oso oldarkor jokatuta, partida hasieran nolabait heldu dio partidari baina arriskuak hartu beharrarekin hutsak ere behar baino gehiago pilatu ditu eta txapelketan aurrera egiteko aukerei agur esan die. Egia esateko, txaparekin eta ondo gurutzatutako zenbait errematerekin ere ez du batere zorterik izan bizkaitarrak eta amaieran markagailua zertxobait txukuntzerik izan badu ere, aukera gutxirekin aritu da partida osoan zehar.
Gantxoz asmatu ezin
Berez, frontoi bizkorra den arren, kosta egin zaio Joseba Ezkurdiari erasoan min egitea, pilota ez zaio behar bezala eskuan sartu eta abiadurarik eman gabe, kosta egin zaio tantoak amaitzea. Sakearekin eta nahikoa asmatu badu ere, airez bi tanto baino ez amaitu, hein handi batean oso lotuta ekin diolako partidari, jokoan asko zuelako. Hori bai, inspirazio askorik gabe aritu bada ere, ez du arazorik izan hortzak estutu eta lanean jarraitzeko eta defentsan dituen dohain berezi horiei etekina ateraz, partidaren agintea berea izan da 2-4koaz atzera.
Distira handirik gabe, oinetara jokatuz eta Elezkanoren eskuina bilatu, Zaratamokoa behartu du eta honek azkenerako faktura pasa dio bizkaitarrari. Aurreko asteko betekadarik ez zaio antzeman, Elezkano aurreko astean baino lasaiago kantxaratu da galtzeko ere arerioak baino gutxiago zuelako agian, eta 20-7 galtzen joan ostean markagailua apur bat txukuntzea lortu du, nahiz eta garaipenetik oso urrun geratu den.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia: 22
Elezkano: 12
Pilotakadak: 209. Iraupena: 41,27 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-4, 10-4, 10-5, 16-5, 16-7, 20-7, 20-12, 22-12. Sakeak: 5 Ezkurdiak eta 3 Elezkanok. Egindakoak: 7 Ezkurdiak eta 5 Elezkanok. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak eta 10 Elezkanok. Gorabeherak: 310 ikusle Tafallako Ereta pilotalekuan. Mattin Ezkurdia aritu da bere anaia Josebaren botilero lanetan eta Ekhi Ziarrusta egon da Elezkanorekin.