NAIZ

Kontseiluarentzat, Orkoiengo epaiak agerian uzten du euskararen ofizialtasunaren beharra

Kontseiluak Orkoienen 9 lanpostu eskuratzeko euskara eskakizuna baliogabetu zuen Administrazio Auzitegiaren epaia arbiuatu du. Bere ustez, erabaki honek «agerian uzten du» Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna «beharrezkoa» dela. Larunbatean Tuteran egingo den manifestaziora joateko deia egin du.

Euskaldunen aurkako diskriminazioa salatzeko maiatzean egindako manifestazioa, Iruñean.
Euskaldunen aurkako diskriminazioa salatzeko maiatzean egindako manifestazioa, Iruñean. (Euskalgintza Kontseilua)

Euskalgintzaren Kontseiluak «gogor salatu» du joan den asteazkenean Nafarroako Administrazio Auzitegiak Orkoienen bederatzi lanpostutarako euskararen eskakizuna baliogabetu izana. Bere ustetan, Auzitegiak jarritako argudioak «arbiuagarriak» dira eta erabaki honek «agerian uzten du» beharrezkoa dela Nafarroa osoan euskara ofizial izatea.

Orkoiengo Udalak Osoko Bilkuran erabaki zuen euskararen ezagutza eskatzea bertako 9 lanpostu eskuratzeko nahitaezko baldintza gisa. NA+ ez zegoen ados eta neurria errekurritu zuen. Joan den asteazkenean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak koalizio kontserbadorearen alde jo eta Udalaren neurria baliogabetu egin zuen. 

Eskakizuna lanpostu hauetarako zen: kontu-hartzailea; kultura koordinatzailea; lorategietako arduraduna; administrari ofiziala hirigintzaren, zerga kudeaketaren eta langileen arloan; zerbitzu anitzak; lorezaintzako peoia; gizarte-etxeko zeregin osagarriak; eta berdintasun-teknikaria.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak ondorioztatu zuena bederatzi lanpostu horiek herritarrekiko arreta zuzenik ez zutela izan zen. Honen harira, Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusi Pablo Bilbaok honakoa adierazi du ohar baten bidez: «Erabat arbuiagarria da, gainera, herritarrekiko arreta zuzenik ez dutela argudiatzea, kontuan hartuta herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuak badirela horietako batzuk».

Helegitea aurkeztu zuen alderdiaren inguruan honakoa deritzo Bilbaok: «Euskaldunak erabat zokoratu nahi dituen alderdiak eragin du Administrazio Auzitegiak erabaki hori hartzea, eta beraz herritarren eskubideen urraketa eta diskriminazioa betikotzea. Modu batera edo bestera, Gobernuan egonik edo egon gabe, euskaldunon aurkako gurutzadari jarraitzen dio».

Tuterako manifestaziorako deia

Horrela, euskaldunak zokoratzeko estrategia handiago batean kokatu du epaia eta «hizkuntza-politika atzerakoiak» hainbat sektoretatik bultzazen ari direla argudiatu du «dela merezimenduen dekretuaren bidez, dela PAI sistema ezarriz, dela lanpostu publikoetan euskararen ezagutza ezabatuz».

Bide batez, Kontseiluak datorren larunbatean Tuteran euskararen aldeko eta zonifikazio linguistikoaren aurkako manifestaziora bertaratzeko deia zabaldu du. «Beharrezkoa da herritar guztien berdintasuna bermatuko duen araudia, eta horretarako ofizialtasuna nahitaezkoa da. Bihur dezagun Tuterako manifestazioa berdintasunaren eta justizia sozialaren aldeko oihu», adierazi du.