Arnaitz Gorriti

Rio Breogan Dzanan Musaren erreinua izatetik, kooperatiba izatera pasa da

Bilbao Basketen larunbateko arerioak iraganean beltzezko gizonen historian tokitxo bat izan duten bi lagun ditu: Scott Bamforth eskolta eta Veljko Mrsic entrenatzailea, zeina Carles Duranen lekuan iritsi zen Bilbora talde bizkaitarra ACB Ligatik LEB Ligara jaitsi zen 2017/18 denboraldian.

Scott Bamforth kontrolpean izan beharko dute beltzezko gizonek.
Scott Bamforth kontrolpean izan beharko dute beltzezko gizonek. (D. GRAU | ACB PHOTO)

Surne Bilbao Basketek zapatuan jokatuko du ACB Ligako bosgarren jardunaldiari dagokion bere partida: Lugoko Pazo Provincial Dos Deportes pabilioian, 18.00etan, Breoganen aurka. Lau jardunaldiren ostean, 2-2ko balantzearekin daude galiziarrak, bizkaitarrek 3-1 balantzea duten bitartean, pasa den larunbatean Granadan galdu eta gero.

ACB Ligako talde askorekin gertatzen den moduan, aldaketa mordo bat izan ditu iaztik hona talde galiziarrak. Orotara zazpi jokalarik alde egin dute; ez da harritzekoa, nolabait esatearren, Misko Raznatovic serbiarrak gidatzen duen BeoBasket agentziaren karietara osatu baitzuen iaz Breoganek ACB Ligarako taldea, eta aurten ere ez da gutxiago izan. Hala, Dzanan Musa, Mhalbasic, Bell-Haynes. Kalinoski, Ivan Cruz, Kacinas eta Sakho galdu ditu, eta horien guztien lekuan, Bamforth, Victor Arteaga, Sergi Garcia, Momirov, Nenadic, Hollatz, Happ, Brajkovic eta Kasibabu fitxatu.

Noski, Dzanan Musa eta Rasid Mahalbasicek iaz eman zuen errendimendurik orain arte ez du bakar batek ere eman, ezta emango ere ziurrenik. Jakina zen Dzanan Musa hegaleko bosniarra izan zela iaz galiziarren erregea. NBAra gazteegi eta txori larregi buruan joan eta gero, Europara itzulera ere ez zuen nahi bezalakoa egin, Ergin Atamanen Anadolu Efesen ere ez baitzuen lekurik aurkitu.

Hala, Breoganen ia azkenaurreko aukera bat eman zioten bosniarrari bere benetako maila eman eta jokoa berrezkuratze aldera. «Mundu guztiak zalantza egiten zuen nola jokatuko ote nuen, Breoganen izan ezik, han nigan konfiantza erakutsi dute hasieratik eta Real Madrilera banoa ere, esker onez esango diot agur Lugori eta jarraitzaileei», onartu zuen Musak Galiziatik Madrilerako jauzia ematera zihoala konfirmatu ostean.

Batez beste 20 puntu, 5 errebote eta 3 asistentzia lortu zituen bosniarrak, eta 29 partida «bakarrik» jokatu bazituen, Manresaren aurka jokaldi baten trakea hautsi zuelako, eta partida ostean –trakea hautsita izanagatik jokatzen jarraitu zuen– kirofanotik pasa bejar izan zuelako izan zen. Hala, pasa den denboraldiko jokalari baliotsuenaren MVP saria eman zioten balkandarrari eta, nolabait esatearren, eliterako «berreskuratu» zuten Galizian gainbehera zihoan hegalekoa.

Rasid Mahalbasic, aldiz, egun Urrezko LEB Ligan dago, San Pablo Burgosen. ACB Ligara igo berri den talde batean batez beste 11 puntu, 6 errebote eta 3 asistentzia lortzen dituen jokalariak, nola ez du ba ACB Ligan lekurik izango?

Bada, agenteen lana ikusi behar da hor. Gogoan izan behar da Gaztelako taldeak entrenatzailea aldatu egin behar izan zuela: Salva Maldonadok Burgosen ez jarraitzea erabaki zuenean, artean Lugoko Breogan entrenatzen ari zen Paco Olmosek hartu zuen Burgoserako bidea, eta Lugora Veljko Mrsic kroaziarra iritsi zen. Esan gabe doa hasieran aipatu den BeoBasket agentzia eta Misko Raznatovicen eskua dagoela gorabehera hauen guztien atzean. Bada, Mahalbasicen kasuan ere, beste hainbeste.

Erreferente hauek biak gabe, 2022/23ko Breogan oso ezberdina da; iaz errege bat bazuen, aurten kooperatiba legez funtzionatu beharko du eltzetik babak aterako baditu, ez baitauka inolako izar dizdiratsurik.

Denboraldiko aurreneko bi partidak irabazi ditu orain arte Lugoko taldeak: 70-84 hartu zuen menpean aurreneko jardunaldian Sito Alonso eta Ilimane Diopen UCAM Murtzia, bost jokalari 10 puntu edo gehiago sartzeko kapaz izanda; 78-70 gailendu ziren etxeko aurreneko deman Fuenlabradaren aurka, Bamforth, Happ eta Toni Nakic buru zirela.

Aldiz, hurrengo bi neurketetan kale egin dute, alde handiz gainera: 85-66 Joventuten aurka; Badalonakoek nahitaez garaipena behar zuten eta aurreneko erdian galiziarrak 42-48 nagusi baziren ere, atsedenaldiaz geroztik partzialak gauzak goitik behera aldatu zirela argi erakusten du: 43-18. Kanaria Handiaren aurka, aldiz, 53-71 galdu zuen Lugoko taldeak; izan ere, 29 hiruko saiakeretatik 3 bakarrik asmatu eta atsedenaldira 18-39 galtzen iritsiz gero, horri guztiari buelta ematea ez da erraza.

Izen propioen gainetik

Kooperatiba izpirituarekin sortutako taldea denez Lugokoa, askoren artean atera beharko dute atarramendua, bestela gaizki beharko dute denboraldiak aurrera egin ahala. Ondorioz, ez da harritzekoa Musa eta Mahalbasik bezalako izarrak galdu eta gero, zenbakiak askoz ere apalagoak izatea.

Dena den, orain arteko lagina txikia bada ere, bost lagunek zazpi puntu edo gehiago sartzen dituzte batez beste: Saski Baskonian tarte labur bat egin zuen Sergi Garcia, Toni Nakic, Ethan Happ, Nemanja Nenadic eta Scott Bamforth. Azken hiru hauek 10,3, 11,5 eta 14,3 puntu sartzen dituzte batez beste, hurrenez hurren. Bestetik, Happ, Nenadic eta Martin Lukovicen artean batez beste partidako 22 errebote hartzen dituzte; ez da gutxi talde galiziarrak orotara 40 errebote hartzen dituela aintzat hartuta –Bilbao Basketek baino bost gehiago–.

Asistentziak banatzen ez da hain oparoa: partidako 12 banatzen ditu talde galiziarrak –15 pasatxo Bilbao Basketek– eta Ethan Happ pìbota da, 2,5 asistentziarekin, gehien banatzen duena. Hori bai, partidako asistentzia bat bakarra baino gehiago lortzen duten sei jokalari dituzte. Horrez gain, ia 11 baloi berreskuratzen dituzte.

Esan bezala, oraindik lagina oso txikia da urtean zehar tendentzia hauxe bera mantenduko den edo ez ziurtzat jotzeko, baina bistakoa da talde lana duela Veljko Mrsicen jokalari multzoak bere indargune handiena.

Orotara 9 jokalari ditu 13 minutu baino gehiago jokatzen dutenak eta bakar bat ere ez 30 minutura iristen denik, Bamforth oso gertu geratu arren. Puntu ahulik inon badu hiruko jaurtiketetan da, orain arte %25 baino ez baitu asmatu, baina noski, azken neurketako deskalabrua –29tik 3, esan bezala– aintzat hartu behar da portzentaia hain baxua ulertzeko. Bestalde, 14,5 baloi galtzen ditu Mrsicen taldeak. Bada, hortxe dauka Bilbao Basketek nondik min eman bere aurkariari larunbatean.

Oroitzapen gazi-gozoak

Scott Bamforth jokalariak eta Veljko Mrsic entrenatzaileak iragan labur bat badute Bilbao Basketen. Carlen Duranen aginduetara, 2016/17 denboraldian jokatu zuen Albuquerqueko eskoltak beltzezko gizonekin. Bilbao basketek urte hartan ACB Ligako aurreneko lau jardunaldiak irabazi zituen eta Bamforth izan zen bilbotarren erreferente nagusiena lehenengo neurketa horietan, txapelketako balorazio liderra izatera iritsi baitzen.

Bizkaitarrek urte hartan gorabehera handiak izango zituzten eta Bemforthek gainera kirofanotik pasa behar izan zuen, UCAM Murtziaren aurka belaunean min hartu eta gero. Denboraldiko azken bi hilabeteetan ezin izan zuen jokatu. Orotara 23 partida jokatu zituen ACB Ligan –Eurocupaz gain– eta 14,5 puntu, 3,4 errebote eta 3 asistentzia lortu zituen batez beste.

Bilbao basketek beste urtetebe jarraitzeko aukera eskaini zion Amerikako Estatu Batuetako naziotasunaz gain, Kosovoko pasaportea ere baduen jokalari honi, baina Sardiniako Dinamo Sassari taldea joan zen, Raznatovic agente ezagunaren eskutik.

Veljko Mrsic entrenatzailea, berriz, 2017/18 denboraldian irirtsi zen. Bederatzi jardunaldiren ostean, eta artean jaitsierako postuetatik at egon arren, Carles Duranen lekuan Veljko Mrsic kroaziarra jartzea erabaki zuen Bilbao Basketeko direktibak. Raul Lopez antolatzaile izandakoak eta garai hartan Bilbao Basketen zuzendari teknikoa zenak Badalonako entrenatzailearen bitartez «taldeak behar duen nortasunik» ez omen ageri, eta hargatik Zagrebeko Cedevita taldearekin pare bat urte txukun egindako Mrsic ekartzea deliberatu zuten.

Orotara 21 partida zuzendu zituen Mrsicek Miribillako aulkian, eta bost baino ez zituen irabazi. Lau jardunaldiren faltan kargua laga zuen, Bilbao Basket jaitsiera postuetan bete-betean murgilduta, eta egun Kanaria Handia entrenatzen duen Jaka Lakovic esloveniarrak eraman zuen bilbotarren aulkiaren ardura azken lau jardunaldietan. Jakina da Bilbao Basketek maila galdu zuela eta 2018/19 denboraldian Alex Mumbrurengan ezarri zutela konfidantza bizkaitarren aulkiko ardura hartu eta elitera itzultzeko.

Bilbotik joan eta gero, Mrsic Kroaziako hautatzaile izan zen 2019tik 2022ra eta KK Zadar taldeko entrenatzaile 2020/21 denboraldian, iaz Lugora Misko Raznatovicen eskutik iritsi zen arte. Iaz 18 partida zuzendu zizkion Breogani eta horietatik 7 irabazi. Egia da, bestalde, Musaren lesioaren ostean taldeak nekez eutsiko ziola aurrez emandako mailari.

Hona ba zapatuan Bilbao Basketek aurkituko duen taldea, izar baten menpean egotetik lan kooperatibora pasa behar izan duena lehiakor izateko.