Nerea Goti - Peli Lekuona

Jose Antonio Agirre, jendetasun dohaina zeukan politikari grinatsuaren historia

Erreferentzialtasuna galdu ez duen Jose Antonio Agirre lehendakariaren historiari heldu dio NAIZ Irratiak, memoria historikoari buruzko «Hemen gertatu zen» irratsaioan. Bilboko Zazpi Kaleetan 1904an jaio zen politikariaren izaera marraztu dute lau adituk, grinari eta asmo utopikoei erreparatuz.

Athleticeko jokalaria eta Getxoko alkatea beranduago, 1936. urtean izendatu zuten lehendakari Jose Antonio Agirre.
Athleticeko jokalaria eta Getxoko alkatea beranduago, 1936. urtean izendatu zuten lehendakari Jose Antonio Agirre. (BIBLIOTECA DIGITAL HISPÁNICA)

Agirre umea eta gaztea, alkatea, futbolaria, lehendakaria, eta erbestea ezagutu zuen politikariaren bizitzan zeharreko bidaia josi du NAIZ Irratiak, memoria historikoari eskainitako “Hemen gertatu zen” irratsaioan. Ludger Mees eta Ingo Niebel historialariak, Leyre Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Beñat Zarrabeitia kazetariaren laguntzarekin, pertsonaia eta pertsona marrazten du saio monografikoak. Garaiko Euskal Herriko argazki historikoa ere agertzen da, gertakarien eta protagonisten inguruan.

Joan den mendeko 1930-40. hamarkada gatazkatsuetan Agirre protagonista nagusietako bat izan zuten gertakariei jarraituz, testuinguru politikoak eta pertsonaiaren izaerak jokatu zituen paperetara hurbildu dira saioan bildutako adituen gogoetak. Zeukan jendetasun dohaina edo arerio politikoengana hurbiltzeko eta ezberdinekin akordioetara heltzeko erraztasuna dira Bilboko Zazpi Kaleetan hazitako politikaria deskribatzeko baino harengana hurbiltzeko aletzen diren ezaugarrietako batzuk. Hartu zituen erabakiekin eta «akats historikoekin», hizlari trebea zen politikari grinatsu bat marrazten du historiak, jendearengana heltzeko gaitasun berezia zeukan gizona.

Agirre zen umea

Esan ohi da umetan bizitakoaz eratzen dela izaeraren zati handi bat. Jose Antonio Agirreren haurtzaroa Bilboko Zazpi Kaleekin lotuta dago. Txokolategintzan aritutako familia abertzale katoliko batean jaio zen. Lau urterekin Plaza Barriaren inguruan zegoen Florencia Goienuri Ibarguen andereñoren ikastolan hasi zen ikasten, eta handik Urduñako Kolegiora, «Bizkaiko elitearen hezkuntza zentrora», haren eskala sozialaren eta egitura ideologikoaren zenbait zertzelada ematen dituena. Han ikasi zuten Luis eta Sabino Aranak edo Manuel Irujok.

Agirre gaztetxo hura mugimendu katolikoetan murgilduta ibiltzen zen, baina Mees historialariak zehazten duenez, ariketa espiritual anitzekoa eta oso fededuna zen gazte hark askoz profil liberalago bat zeukan, gerora Francorekin bat egingo zuen garaiko Espainiako elizatik urrun.

Mutikotan ezagutu zuen Telesforo Monzon, gero Exekutiboko sailburu gisa ondoan izango zuena. Bergararrak kontatuko zuen euskara bihotzean zeramala Agirrek, baina erdi galdua zeukala ama-hizkuntza. Nolanahi dela, haren abertzaletasuna da bere figuraren inguruan azpimarratu den gakoetako bat. Primo de Riveraren estatu kolpean, Jose Antonio Agirre oso gazte batek EAJren ilegalizazioa ezagutu zuen, Euzko Gaztediko bazkidea egin zen, eta EAJren ideologiaren inguruan zeuden bi familia politikoen arteko batasuna bizi izan zuen. 

Kultur ekintzen sustapenean hasi zen, eta lidergo politikorako sen argi bat zeukan gazte hark ardura berriak hartu zituen. «Nahiz eta oso gaztea izan, Agirreri antzematen zitzaion politikagintzan etorkizun bat edukiko zuela, hasiera-hasieratik», dio Meesek. «Hizlari aparta» izateaz gain, jendea erakartzeko dohain berezia zeukan, eta «beste alderdietako politikariekin zituen harremanak zaintzen zekien pertsona zen», azpimarratzen du historialariak, «oso goiz nabari zen» arrastoaz.

Getxoko alkatetzara heldu zen Agirre gazte bat 1931. urtean, eta handik erakutsiko zuen Euskal Herrirako berezko bidea jorratzeko zeukan helburua. Espainian aldaketa haizeak altxatu zirenean, Euskal Herri mailako agertoki bat zegoen Getxoko alkatearen buruan, autonomia estatutu batean irudikatuko zena. Helburu hori zerumugan, Zangoza, Azpeitia eta Getxoko alkateak Lizarran bildu ziren, eta mugimenduaren buru bilakatu zen Agirre.

Zeukan dohainak lider egokiena bihurtu zuen, era berean, «faxismoaren mamuak» hurbiltzen zirenean, ezkerreko indarrengana hurbiltzeko. Lizarrako «eskuineko estatutu haren defentsan» lerrokatutako indarren porrotaren ostean, karlistekin apurtu eta apustu autonomista zentrorantz gidatu zuten Irujok edo Agirrek bezalako liderrek, indar errepublikar eta sozialistengana gerturatuz. Horrela heldu zen 1936ko estatutua, aurrera egiteko nahiak Nafarroa atzean utzi bazuen ere, «oso mingarria izan zena, batik bat manuel Irujo bezalako jeltzale nafarrentzat».

1936ko gerran defentsarako ardurak hartuta, arma zeraman lehendakariak. (BIBLIOTECA DIGITAL HISPÁNICA)

Madrilgo Gorteen betoa helduko zen, geroago, garai hartarako iraultzailetzat hartzen zen estatutuarentzat. Irratsaioak gogoratzen du, adibidez, hiru herrialdeak elkartu eta euskararen koofizialtasuna jasotzen zuela. Meesek gogoratzen duenez, Eusko Ikaskuntzak osatutako dokumentu hark hiritartasunaren inguruan zioenak –hamar urteko erroldatzearen eskakizuna ezartzen zuena, adibidez– Estatuko ezkerreko indarren ezezkoa eragin zuen.

Ardura militarrak hartu zituen

Epe oso laburrean pilatutako gertakariek markatuko zituzten hurrengo urteak. 1936ko urrian izendatu zuten lehendakari, baina ordurako matxinatutako tropa frankistak Gipuzkoan sartuak ziren. Exekutiboa laster eratu ezean, armak eta ardura guztiak haiek hartuko zituztela utziko zuen esana Kandido Sasetak, saioan gogoratzen denez. Garai hartan oraindik »inkognita» den pasadizoa ekarri du gogora Meesek, 36ko uda hartan desagertuta egon baitzen Agirre. Ezezaguna da, dokumentu dezente desagertu zirelako. «Badakigu Madrilen igaro zituela egun batzuk, beste egun batzuk hemen», baina egun batzuetan «desagertuta» egon zen. Irratsaioan zenbait teoria aipatu ditu historialari zarauztarrak, baina aditzera eman du «probatu ezin daitezkeen teoriak» direla.

Gerraren lehen trantze horietan bigarren lerroan mantendu zen EAJk jarrera aldaketa erakutsi zuen estatutua onartu zenean. Ordura arte batez ere ezkerreko indarrak ziren ofentsiba militarrean sartuta zeudenak. «Estatutua onartutakoan, gerra hura beren gerra zen», azaldu du Meesek, berehala Gudarostearen antolaketari ekin zion exekutiboaz. Urratsak Agirreren beste keinu sinboliko bat izan zuen, «defentsako ardurak hartu baitzuen» lehendakariak berak, formakuntza militarrik izan gabe. Meesen esanetan, Agirrek mezu argi bat bidali nahi zion gizarteari: berarentzat «Euskadiren defentsa lehentasun bat zen», eta bultzada animikoa eman zuen.

Santoñako akordioa

«Hainbestetan madarikatua izan zen Santoñako akordioa» da irratsaioak jaso duen beste gertakarietako bat. Italiar faxistekin armak bertan behera utzita, ihes egiteko bideak erraztu behar zituen akordioa erdietsita, ez zuten bete, eta Frankistek atxiloketen eta jazarpenaren bidea hartu zuten berehala. «Drama handia izan zen, eta zalaparta bizia. Konfidantza gehiegi jarri zuten italiarrengan, eta ez zen ondo atera», baloratzen du Meesek. Agertokia hankaz gora jarrita, Agirrek zenbaitetan erakutsi zuen joera utopikoa sortzen da kontakizunean, lehendakariaren asmoa Estatu frantsesa zeharkatu eta Katalunia aldean gerran berriz sartzea baitzen. Europako potentziek neutraltasuna mantendu nahi zutenez, Frantziak bere lurraldean tropen mugimendu hori inoiz baimenduko ez lukeela kontuan izanik, nekez gauza zitekeen plana zen hura, adituaren ustez.

Jose Antonio Agirre, Manuel Irujorekin Bartzelonan. (BIBLIOTECA DIGITAL HISPÁNICA)

Kataluniak zentzu berezia zeukan Agirrerentzat, harremanen arloan ere lotura estua baitzuen Lluis Companys presidente katalanarekin. «Ezberdinak izan arren, hemengoa oso katolikoa, eta laikoa kataluniarra», fronte komuna egiten zuten biek etsai beraren aurrean eta subiranotasunaren defentsan. Fronte komun horrek «gaitasuna ematen zien» kanpora begira adierazteko «aliatuak zirela eta elkarrekin borrokatuko zutela».

Erbestea helduko zen geroago, etapa berri bat, non Agirrek paper nagusi bat jokatzen jarraitu zuen. Izan ere, jorratu zuen arlo humanitarioa da azpimarratutako gakoetako bat, milaka eta milaka euskal iheslari eragin zuen une hartan. «Erbestean ziren Estatu espainiarreko beste taldeekin alderatuta, Euskadiko errefuxiatuak ziren hobekien lagunduta edo zainduta egon zirenak», nabarmentzen dute.

Euskal izaeraren propaganda

Euskal kausa kanpoan ezaguna egiteko diseinatutako «propaganda kulturala» azpimarratzen du Leyre Arrieta historia garaikidean doktoreak eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Dioenez, Agirrek «argi zeukan Eusko Jaurlaritzak Espainiako Errepublikako Gobernua baino askoz errazago hel zitekeela atzerriko demokrazia moderatuetara, kontaktu oso estuak zituelako Europan. Hori lortzeko, kulturaren ikurra altxatu zuen, Europako iritzi publikoari adieraziz Euskal Herriak berezko kultura zeukala, herri bakezalea zela eta kultura maite zuen herri bat zela, kontra eginez «frankistek hedatutako propaganda negatiboari». Euskal Futbol Selekzioa eta Eresoinka Konpainia izan ziren baliatu zituzten tresnak, biak Manu Sotak gidatuak.

Futbol taldea Mexikon errefuxiaturik, 1938-39 denboraldia hango ligan jokatu zutela gogora ekarri du Zarrabeitiak.

Eresoinkaren kasuan, «Euskadiren enbaxada kulturala» izan zen Agirreren hitzetan. Arrakasta handia lortu zuen Eresoinkak, baina ez denbora luzean, Arrietak zehazten duenez. Premiazko finantziaziorik gabe, eta Bigarren Mundu Gerra baten atarian, Eresoinkaren ibilbideari amaiera eman behar izan zioten.

Bigarren Mundu Gerran Jose Antonio Agirrek izan zuen parte hartzea ezezagun hartara hurbilduta, Gernika batailoiak Bordeleren askapenean izandako garrantzian eta aliatuen aldetik laguntza lortzeko estregietan sakondu dute adituek.

Erbestean ihesian ibili zen, emaztea eta seme-alabekin. Bizitza berria nortasun berriarekin egin zuen Berlin nazian ezkutaturik, Jose Andres Alvarez Lastra goitizenez, bere izen-abizenen hoskideak ziren deiturekin. Lluis Companysek bezala, atzetik ibili izan zituen Pedro Urraca eta polizia frankistak, Ingo Niebel idazleak “A la caza del primer lehendakari” liburuan azaltzen duenez. Ameriketako Estatu Batuetako eta Venezuelako kontuak aletzen ditu, eta Europara itzulera ere bai. 1960ko martxoan hil zen Parisen, eta aberrira ekarririk Donibane Lohizunen ehortzi zuten.