Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Munduko Poesia Kaierak bildumara batu dira Federico Garcia Lorca eta Anna Akhmatova

Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumak bi antologia berri aurkeztu ditu. Federico Garcia Lorcari eskainitako 43. kaierarekin klasiko espainiarrari eman diote tokia; 44.a Anna Akhmatovak hartu du, Errusiako poesiaren garai loriatsuenetako ordezkari garrantzitsuenetako bat.

Juan Luis Zabala eta Josu Landa, Munduko Poesia Kaierak bildumara ekarri dituzten liburuekin.
Juan Luis Zabala eta Josu Landa, Munduko Poesia Kaierak bildumara ekarri dituzten liburuekin. (Jon URBE | FOKU)

Juan Luis Zabala eta Josu Landa itzultzaileak arduratu dira Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumara batuko diren antologia berriak euskarara ekartzeaz. Federico Garcia Lorca (1898-1936) itzuli du lehenak eta Anna Akhmatova (1889-1966) bigarrenak. Astelehen honetan aurkeztu dituzte bildumaren 43 eta 44. lanak, Donostian.

Ezaguna zuen Juan Luis Zabalak García Lorca poeta espainiarra. Hastetik, ikusia eta ikasia zuelako eskolan, 27ko Belaunaldiko besteekin ala Machado, Gongora eta Quevedorekin batera eta, ordutik, hasieratik beraz, Zabalaren literaturzaletasunarekin lotuta egon da Granadako olerkaria, aurkezpenean aitortu duenez.

Esan du, bestetik, Lorcaren testuak hartu eta itzulpenean probatzen ibili izan dela aspalditik, poema hauen konplexutasunagatik erronka handiari helduta, eta ‘Poeta New Yorken’ (Erein) euskaratu eta argitaratu zuen saiakeren egitetik, 2003an.

1936an hil zuten arte tradizio espainiarrak, Andaluziako ijitoak –‘Romancero gitano’ klasikoan– nahiz 1929ko krisian murgilduta zegoen New York basaren kapitalak destatuta zituen beltzak poesian jaso eta mundura eman zituen poetaren antologia dakar orain Juan Luis Zabalak.

Bi Lorca bereizten ditu itzultzaileak, nabarmendu duenez: bat ‘Poeta New Yorken’ agertzen dena eta beste bat gainontzeko lan guztietan. Biak ekarri ditu antologiara, ‘Poeta New Yorken’ jasotako poema batzuk berreskuratuz eta eguneratuz eta Lorcaren «hasierako eta amaierako poesia estilizatuaren eta barne paralelismoz betearen neurritasunera egokituz», Isabel Etxeberria editoreak hitzaurrean esaten duen gisan.

Hala ere, Zabalak aitortu du lehena duela kuttunen, nahiz eta ez den ulertzen edo interpretatzen erraza, bere esanetan. Batzuetan, baina, posible da Lorcaren poema bat «norberaren iruditegitik gertuago» sentitzea, dio. «[‘Poeta New Yorken’ lanean] ikusten dugu mutil gazte bat, landa-giro batetik datorrena eta mundu oso bat biltzen duen hiri bat topatu du. Talka bat dago, nik ere bizi izan dut talka hori: herri baten kanpoaldean jaio naiz, kalea bera ere urruti geratzen zen toki batean. Donostia ez da New York, noski, baina gogoan dut gaztetako poema batean idatzi nuela Donostian txapel gutxi ikusten nituela. Txapelekin batera, baina, beste gauza askoren falta nuen», kontatu du.

Estiloari dagokionez, itzultzaile zurruntzat du Zabalak bere burua; «nire joera nahiko literala izaten da, ez dut poemaren esanahi literariotik kanpo asko hegan egiten, agian ez naiz ausartzen», agertu du. Izatekotan, ‘Poeta New Yorken’ lanetik kanpoko lerroetan izan du jolaserako jite neurritsua.

Perfekzioan ia

Ezinezkoan saiatzen omen zen Anna Akhmatova poeta errusiarra, perfekzioan, metrika zuzenaren, errima zehatzaren, eta «silaba azentudunen eta azentugabeen arteko oreka ia ezinezkoaren bila», nabarmendu du Josu Landak. Ezin perfekzioa lortu noski, baina ahalik gehien gerturatu zen poeta: XX. mendeko poesia errusiarrean zilarrezko arloan, beste izen handiekin batera agertu da Akhmatova, Boris Pasternakekin kasu, eta Aleksandr Puxkinen oinordeko handiena da zenbaiten ustez.

«Zergatik lortu zuen Akhmatovak halako itzala eta entzutea?», galdetu du Landak, eta atzetik erantzun: «Poetak etengabe mintzo dira amodioaz, udazkenaz... konstante bat dira. Baina zerk bihurtzen duen poeta bat ohiz kanpokoa argi dago; begirada bereziak. Non jartzen den fokua, eta Akhmatovaren poesia guztietan hori azpimarratu izan da hori. Idazteko modu guztiz pertsonala zuen, poeta handi guztien legez».

Errusiarraren begirada hazten da, itzultzailearen esanetan, lehen pertsonan hitz egiten badu ere hitzak guztienak bilakatzen dituenean: «Transzenditu» egiten du, eta haren «oinazea, sufrimendua, pairamena» idaztearekin, «ingurukoen pairamena ere islatzen du, haiekin mimetizatzeko eta haiei ahotsa emateko», esplikatu du Josu Landak.

Akmeismo izeneko mugimendu literarioan sailkatu izan dute zenbait adituk, sinbolismoaren ordez poesia lurtarragoa egin nahi zuten «hitzen artisauen» taldean. Maitasuna zuen, hasieratan, gai zentrala Anna Akhmatovak. Baina Lehen Mundu Gerra, bigarrena eta Iraultza errusiarra bizi zituen, senar-ohiaren heriotza, semearen espetxealdia, eta aise eta halabeharrez utzi zituen maite-historiak sufrimenduaren lirika gailentzeko.

Hiru parte bereiz daitezke Maialen Berasategik editatu duen antologian: lehenengoan 28 poema solte –«700 ezagutzen zaizkio», aipatu du itzultzaileak–, bigarrenean ‘Requiema’ obra –espetxearen aurrean semearen berri jakiteko ilaran zain zegoela inspiratua– eta hirugarrenean ‘Heroirik gabeko poema’ luzearen zati bat, Akhmatova hil arte zuzentzen eta hobetzen saiatu zena, perfekziora hurbilduz hil-hurren.