NAIZ

Zamorako suteko «heroia», bilbotar jatorrikoa, hil egin da

Angel Martin Azcona, uztailean Zamoran piztu zen sutean garrek harrapatu eta «Tabarako heroia» ezizenaz ezagun egin zena, hil egin da. Tabaran bizi bazen ere, ama bilbotarra zuen eta bera ere Bizkaiko hiriburuan bizi izan zen hainbat urtez.

Europako mendebaldean uztailean izan ziren bero-boladen ondorioz sute handiak izan ziren herrialde askotan. Bereziki gogor jo zuten Zamorako Culebra mendilerroa eta Losacio herria. Sute hark hamarnaka herri suntsitu eta 30.000 hektarea baino gehiago erre zituen. Amatatze lanetan, suhiltzaileez gain, ehunka herritarrek ere lagundu zuten. Haietako bat, Angel Martin Azcona, oso ezagun egin zen bere atzerako hondeamakinarekin suebaki bat egiten ari zela garrek harrapatu eta korrika atera behar izan baitzuen, arropak sutan. Ihesaldi agoniko haren irudiak oso azkar zabaldu ziren mundu osoan eta ordutik «Tabarako heroia» ezizenez egin zen ezagun. Martinek oso erredura larriak jasan zituen gorputzaren %80an eta ordutik Valladolideko Rio Hortega ospitalean zegoen. Gaur goizaldean hil da, 53 urte zituela.

Angel Martin Tabarako bizilaguna zen baina Euskal Herriarekin ere bazuen lotura. Bere ama bilbotarra zen eta horregatik hainbat urtez bizi izan zen Bizkaiko hiriburuan. Hurtado Amezagako Koky tabernan lan egin zuen zerbitzari gisa, eta urte batzuen buruan Zamorara itzuli zen, hain baitzuen familia gehiena. Tabaran eraikuntzarako materialen biltegia eraiki zuen, Anabel emaztearekin. Alaba bat zuten.

Tabarako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du.

Zamorako suteetan beste hiru pertsona ere hil ziren: Daniel Gullon suhiltzailea, Victoriano Anton artzaia eta Eugenio Raton Tabarako bizilaguna, guztiak suak amatatzeko lanetan izan zituzten erreduren ondorioz.