Zure abentura aukeratzeko bilduma berria hasi du Ereinek ‘7G udalekuak’ liburuarekin

Bizpahiru aukeren artean erabaki beharko du irakurleak ‘7G Udalekuak’ liburuko istorioak aurrera egin dezan. Gainera, orrialdeetan jasotako enigmek ere protagonisten patua erabakiko dute. Mota honetako liburuak euskaraz eskaintzeko erronka hartu du Nerea Loiola Pikazak.

Nerea Loiola Pikaza Eskapu saileko lehen alearekin.
Nerea Loiola Pikaza Eskapu saileko lehen alearekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Aukeratu zure abentura’ motako liburuek arrakasta handia izan zuten duela pare bat hamarkada. Nerea Loiola Pikaza idazleak honelako bat irakurri zuen lehen aldiz 11 urte zituenean, eta zaletu egin zen. Orduan bere eskura iritsi ziren guztiak irentsi zituen. Duela gutxi semea horrelako bat irakurtzen ari zela ohartu zen gaztelerazkoa zela eskaintza eta konturatu zen mota honetako liburuak euskaraz ez daudela. Ez behintzat berak duela 20 urte baino gehiago irakurri zituenetatik aparte. Hala, berak hartu zuen bilduma berri bat osatzeko erronka, Erein argitaletxearen eskutik. Helburua euskaraz ondo pasatzea eta entretenitzea da.

Eskapu Liburuak saila jaio da ‘7G udalekuak’ liburuari esker. Intentzioa da urtero liburu berri bat argitaratzea, denak ‘aukeratu zure abentura’ motakoak baina bakoitzak bere istorio propio eta protagonista desberdinak izango dituztenak –bigarren liburua jada martxan dago–. Lehen ale honetan 5G teknologia gainditu eta 7G teknologia erabiltzen duen udaleku batetan onartua izan den gazte bat da protagonista. Honen inguruko datu zehatzik ez dugu, Loiolaren helburua delako irakurlea pertsonaiarekin guztiz identifikatua sentitzea erabakiak hartzerako garaian, horiek erabakiko dutelako istorioaren jarraipena eta amaiera.

Hala, udalekuetan gazteei ezizen bat jartzen zaie; protagonista 27 da, eta bere lagunak 17, 37 eta 47. Hauek konturatuko dira udalekuetan zerbait arriskutsua gertatzen dela eta hortik ihes egitea erabakiko dute. Irakurleak hautatuko du zer gertatuko zaien eta bere esku egongo da protagonista udalekutik onik ateratzea. Istorioan aurrera egiteko 2-3 aukeren artean erabaki beharko da, eta batzuetan, enigmen bitartez, kode bat lortu beharko da (‘scapebook’ tankera ere hartzen du liburuak).

«Adin muga bat jarri behar genuen eta 10-14 urtekoentzat jarri dugu, baina niretzat oso dibertigarria izan da idaztea, eta ez naiz gaztetxoa. Horregatik, helduei ere luzatu nahi diet irakurtzeko gonbidapena, batez ere gaztetan mota honetako liburuak gozatzen zutenei. Nik pelikulak edo telesailak nire semearen konpartitzen baditut, zergatik ez liburuak?», ondorioztatu du egileak aurkezpenean.

Azaldu duenez, nahiz eta testua narratiboki konplikaziorik ez duen, puzzlea osatzea ez da hain erraza izan. «Eskema bat egin behar izan nuen nituen aukera guztiekin», aitortu du. Gainera, maketatzailearen lana txalotu du egindako diseinu lanagatik.