NAIZ

Beti Onak taldeko Aileen Ripa jokalariak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du

Beti Onak taldeko Aileen Ripa jokalariarentzat bukatu da denboraldia. Eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du eta ebakuntza egingo diote. 6-8 hilabetekoa izan ohi da errekuperazio epea eta beraz, atarrabiarrak ezin izango du denboraldi honetan gehiago jokatu.

Aileen Ripa, a la derecha, trata de defender a Paula Arcos durante el Torneo de Egia.
Aileen Ripa, a la derecha, trata de defender a Paula Arcos durante el Torneo de Egia. (Jose Antonio GARAIKOETXEA | BERA BERA)

Albiste txarrak Beti Onak taldearentzat. Aileen Ripa jokalariak lesio larria daukala eman du aditzera Atarrabiako klubak: eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua dauka hautsita jokalari nafarrak. Klubak ez du errekuperazio eperik zehaztu –«baja mugagabea da eta bere bilakaerak zehaztuko du errekuperazioa– baina horrelako lesioetan, 6-8 hilabetekoa izan ohi da errekuperazio epe osoa –ebakuntza egin eta alta medikua jaso arte–.

Hala, lehen lerroko atarrabiarrak ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan eta Beti Onakentzat baja handia izango dela aurreikusi daiteke. Taldea bere osotasunean da Miguel Etxeberriak zuzentzen duen taldearen giltzarria eta beraz, jokalari baten lesio larriak eragina izan dezake taldean. Ripa, gainera, junior mailako espainiar selekzioaren deialdietan ohikoa bilakatu zen.

Datorren hilabete osoan Europako txapelketa dela eta, Ohorezko Mailak atseden hartuko du. Beti Onakeko jokalariak merezitako atsedena hartuko dute aste honetan baina hurrengo astetik abiatuta, entrenamenduen dinamikan sartuko dira berriro ere, ikasitakoa eta lortutakoa ez ahazteko.

Denboraldi hasiera bikaina egin dute Atarrabiakoek. Azken bi partidetan, Atletico Guardes eta Beraren aurka, bi porrot jaso dituzten arren, honek ezin du itzalean utzi erdietsi dituzten merituzko emaitzak, kontuan izanda talde igo berria dela. Hala, zazpigarren sailkatua da Beti Onak, sei punturekin –lehen zortzi sailkatuek liga irabazteko play-offak jokatuko dituzte–.

Zuazo, Euskal Kopako finalera

Asteartean jokatu zen Euskal Kopako lehen finalerdia Zarautz eta Zuazoren artean. Barakaldoko taldeak, asteburuan ligako lehen garaipena erdietsita –23-28 Grafometal La Riojaren aurka–, motibazio handiarekin aurre egin zion aipatu partidari. Hala, arazorik gabe lortu zuen Euskal Kopako finalerako txartela (22-31).

1-6ko partziala ezarri zuen hasieran eta errenta hori iraultzea ezinezko izan zitzaion talde zarauztarrari. 4-8ko markagailua izan zen gipuzkoarrak gertuen egon ziren unea. Bigarren zatia hasi eta berehala, 4-7ko partzial bati esker, behin-betiko apurtu zuten partida bizkaitarrek.

Finaleko arerioa Bera Bera eta San Adrianen arteko norgehiagokatik aterako da. Larunbat honetan zen jokatzekoa partida hau baina azkenean, talde donostiarraren eskabidea onartuta, atzeratzea erabaki dute. Bera Berak azaldu duenez, sei jokalari Brasilgo eta Espainiako selekzioekin daude eta beste bi min hartuta, beraz egoera honek ez du bermatzen «bere osotasunean emakumezkoen eskubaloiko jai handi bat izatea». «Nahiago du konpromiso honetara publiko eta arerioentzako erreferente diren eta selekzioekin aritzen diren jokalariekin iristea», berretsi du sare sozialen bitartez.