Maddi Txintxurreta

Herritarrak «zaintzaren ispiluaren» aurrean jarri ditu SOS Arrazakeriak Errenterian

Zazpi hilabeteko iraupena izan duen proiektu pilotu bat garatu du Errenterian SOS Arrazakeriak, etxeko langileek eta haien enplegatzaileek dituzten proposamen bateratuak biltzeko helburuarekin. Prozesuak eman duenarekin argazki erakusketa bat ondu dute, herritarrak hausnartzera bultzatzeko.

Bi pertsona, Errenterian kokatu berri den erakusketari begira.
Bi pertsona, Errenterian kokatu berri den erakusketari begira. (Jon URBE | FOKU)

Zaintzaren ispiluan begiratzen garenean zer ikusten dugu? Galdera horrek arrangura sor diezaioke edonori eta, era berean, erantzuna ez da berbera guztientzat, ezta galdera bera ere, segun eta nondik egiten den. Errenteriako Niessen merkataritza zentroko patioan argazki batzuekin egingo dute topo ostiralaz geroztik herritarrek, eta paratuko dira haiei so, zer esan nahi dien pentsatzen, ez baitakarte testu ala azalpenen laguntzarik.

SOS Arrazakeriak Europako Batasunaren finantzazioarekin zazpi hilabetez garatu duen proiektu pilotu batetik sortu dira argazkiok. Etxeko langileak eta zaintzen dituzten pertsonak nahiz hauen familiak –askotan etxeko langileen kontratatzaile direnak– elkarrekin jarri dituzte hain erpintsua den zaintzaren mahaiaren bueltan.

Fase desberdinetan egin dute prozesu hau: lehenik etxeko langileak bildu ziren, migranteak, haiena baita egun zaintza ordainduaren arduraren zati handi bat. «Etxeko langileak elkartu ziren eta identifikatu zituzten zer behar dituzten eta zer proposamen behar horiek asetu edo bizi duten egoera aldatzeko», azaldu du Jone Urionaguena SOS Arrazakeriako teknikariak.

Berdin egin zuten enplegatzaileek ere: haien kabuz elkartu, zaintzaren inguruan dituzten beharrak identifikatu eta proposamenak eraiki.

Hurrengo fase batean, bi aldeak elkartu ziren. «Batzuek besteei beharrak azaldu zizkieten eta proposamenak bateratu zituzten. Prozesu horretan ikusi genuen ez direla bi bando edo urruti egon daitezkeen pertsonak: behar eta proposamen asko konpartitzen dituzte», nabarmendu du Urionaguenak.

Zer ikusten duen nork

Zaintzan ardaztutako ispiluen jolas bat planteatzen du Niessen-en kokatutako erakusketak, herritarren hausnarketa bultzatzea helburu. Erantzunak bainoago, galderak sortu asmo dituzte argazkiek –«ispilua enpatiaren sinbolo bat da batzuetan eta, beste batzuetan, islada bat. Zaintzaren ispiluan begiratzen garenean zer ikusten dugu? Zer ikusten dute beste pertsona batzuek?», agertu du SOS Arrazakeriako kideak–, horregatik ez daude testu bidezko azalpenez lagunduta. «Argazkiak erakutsi ditugu, inongo testu eta azalpenik gabe, Niessen bezalako merkataritza libreko espazio batean, nondik jende asko pasatzen den. Inongo intentziorik gabe ikusiko dute: topo egingo dute argazki batzuekin. Helburua honakoa da: jarri argazkien aurrean eta pentsatu ikusten duzunaren inguruan», esplikatu du Jone Urionaguenak.

Argazkietako batean, kasurako, agertzen da emakume migrante gazte bat eta bere isladak beste emakume migratu bat itzultzen dio, baina nabarmen helduagoa. Izan daiteke bera urte batzueen buruan. Eta gerta daiteke, egun etxeko langile eta zaintzaile den modura, etorkizunean zaintzaile baten beharra izatea. Bada, nork zainduko du?

«Zaintzaren etorkizunaz» hausnartzeko osatutako erakusketa dela dio Urionaguenak eta, bereziki, «zaintzen ari diren emakume migrante guzti hauen etorkizunaz, zaintza behar dutenean. Emakume askok hemen bizi nahi dute beraien zahartzaroa, beraz, nork zainduko ditu?»

Jardunaldiak azaroaren 4an

Argazki erakusketa SOS Arrazakeriaren proiektu pilotuak eman duen emaitzetako bat da. Bestea datorren ostiralean aurkeztuko da, azaroaren 4an, jardunaldi batzuen bitartez. Bertan aletuko dira etxeko langile eta enplegatzaileek elkarrekin ondu dituzten hausnarketa eta proposamenak.

Horien jakitun dira instituzioak ere, izan ere, Errenteriako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku daude proiektuan aletutako ondorioak, behar diren neurriak hartzeko oinarri sendoa izan dezaten. Europako Batasuneko finantzazioa du SOS Arrazakeriaren proiektuak, haren baitako ‘Resistiré’ programaren bitartez. 30 hilabeteko proiektua da ‘Resistiré’ eta covid-19ak eragindako genero desberdintasunak eta bestelako desberdintasunak hobeto ulertu eta arintzeko sortu zen.

Europako 9 herrialdetako 10 bazkidek –tartean Deustoko Unibertsitateak– osatzen duten diziplina anitzeko partzuergoa osatzen du programak. Euskal Herrian, Errenteriakoa da talde honek finantzatu duen proiektu bakarra.