NAIZ

Autobus bateko sei bidaiari arin zaurituta Ordizian, Diputazioa ikertzen ari den istripu batean

Lurraldebus sareko autobus batek larunbatean Ordizian izan zuen istripua aztertzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Zauri arinak izan zituzten gidariak eta bost bidaiarik autobusak tunel baten sabaiaren kontra talka egin ondoren.

Lurraldebus garraio publikoko sareko autobus bat, irudian.
Lurraldebus garraio publikoko sareko autobus bat, irudian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Gipuzkoako Lurraldebus garraio publikoko autobus bateko gidaria eta bost bidaiari arin zauritu dira larunbat honetan Ordizian, ibilgailuak tunel bateko sabaiaren kontra talka egin ondoren. Foru Aldundia istripua ikertzen ari da, enpresa emakidadunaren balizko erantzukizuna zehazteko.

Ezbeharra 19.15ean gertatu zen, Ordiziako hiriguneko tunel batean. Horren ondorioz, gidariak eta bost bidaiarik kolpeak izan zituzten, eta Zumarragako Ospitalean artatu zituzten, Lakuak Eferi jakinarazitakoaren arabera.

Diputazioak igande honetan zabaldu duen ohar batean, Rafaela Romero Mugikortasuneko arduradunak «kezka» agertu du DO03 lineako autobusak San Juan auzoan izandako istripuagatik.

Bildutako informazioaren ebaluazioa

Mugikortasuneko foru departamentuak «premiazko jarduerak agindu ditu ezbeharraren arrazoiak ezagutzeko». Azaldu duenez, «enpresa emakidadunari, Avanza enpresari eta polizia-agintariei eskatutako informazioa eta dokumentazioa» bildu ondoren, «horren ebaluazioa» egingo da, eta, hala badagokio, «ezbehar hori eta beste edozein saihesteko beharrezko neurriak aztertuko dira».

Hori guztia Lurraldebus «zerbitzuaren kalitatea segurtasun, eraginkortasun eta efizientzia baldintzetan mantentzeko», nabarmendu duenez.

Romerok gaineratu du, halaber, Mugikortasun Departamentua harremanetan dagoela «enpresako arduradunekin, kaltetutako erabiltzaileen bilakaerari eta errekuperazioari buruzko informazioa jasotzeko».