Sadar estadioko zelaian gaur talde bakarra zelairatu dela esango balute, sinesgarria litzateke. Ezinezkoa, futbolean beti bi talde daudelako, baina joko aldetik zerbait erakutsi duen bakarra, bai. Osasuna erabat nagusi izan da, partida hasieratik bukaeraraino. Hasiera hasieratik hasi da arriskua sortzen Masipek defendatutako atean eta goiz lortu du saria. Chimy Avilak, 12. minutuan, penalti puntutik egin du gola. Gorritxoen garaipena ezbairik gabekoa izan bada, area barruan, Roque Mesak Manu Sanchezi eginiko falta ere halakoxea izan da.
Duela bi jardunaldi, Masipek bi penalti gelditu zituen Celtaren aurka, biak Iago Aspasek jaurtitakoak, baina Valladolideko atezainak ezin izan du gelditu Chimyk jaurtitakoa. Norabidea asmatu bai baina baloiak zutoinean jo ostean, sareetara sartu da argentinarraren jaurtiketa, 1-0ekoa ezarrita.
Pachetaren taldeak apenas izan du erreakziorik eta Jagoba Arrasaterenak bere horretan jarraitu du. Espanyolen aurka legez, Torro, Aimar eta Moi Gomezek zelai erdian osaturiko hirukiaren alde egin du teknikari bizkaitarrak eta hiruek partida bikaina jokatu dute. Moi Gomezek, gainera, elastiko gorritxoarekin bere lehendabiziko gola egin du, 2-0ekoa eta behin-betikoa.
Markagailua aldatzeko meriturik egin duen talde bakarra Osasuna izan da, bai lehendabiziko zatiaren bukaeran eta baita bigarren zati osoan ere. Masipek bizpahiru aukera argi atera ditu eta Budimirrek, errematatzeko dena alde zuenean, kontrolatzeko hautua egin eta atzelariak kendu dio gol aukera 42. minutuan.
Bigarren zatiaren hasieran, egiari zor, apur bat itzartu dira kanpokoak –Pachetak eginiko aldaketek ere apur bat bizitu dute taldea– eta Torrok buruarekin desbideratu behar izan du Weissmanen erremate akrobatikoa. Soilik hor ikusi da markagailua estutzeko arriskua eta 52. minutua zen.
Partida bukatzeko 25 minuturen faltan, Moncayola zelairatu du Arrasatek, Budimirren ordez. Baita Ruben Garcia ere, benetan partida txukuna jokatu duen Kike Barja ordezkatzeko. Honekin, zelai erdian indar gehiago bilatu nahi izan du teknikari gorritxoak eta bai aurkitu ere.
Valladolidek ez du asmatu jokatzen eta bitartean, Chimyren jaurtiketa Masipek desbideratu behar izan du; Kike Garciak, area ertzetik, asmo handiz jaurti du, baita Moncayolak ere.
Alegia, ezbairik gabeko garaipena lortu duela Osasunak. Puntu negatibo bakarra izan daiteke hain nagusi izanda, gol gehiago ez sartzea. Baina garrantzitsuena sentsazioak eta garaipena direnez –baita 12 jardunalditan 20 puntura iristea ere–, gorritxiek ederki bete dute helburua.
Fitxa teknikoa:
Osasuna: Aitor Fdez; Peña, Unai Garcia, David Garcia, Manu Sanchez (Juan Cruz, 87. m.); Torro; Chimy Avila (Kike Garcia, 76. m.), Aimar, Moi Gomez (Roberto Torres, 87. m.), Kike Barja (Ruben Garcia, 64. m.); Budimir (Moncayola, 64. m.).
Real Valladolid: Masip; Rosa (Plata, 46. m.), Feddal (Fresneda, 46. m.), El Yamiq, Javi Sanchez, Olaza; Kike Perez (Aguado, 65. m.), Mesa (Monchu, 70. m.), Oscar Plano; Weissman (Guardiola, 73. m.), Sergio Leon.
Golak: 1-0, 11. m.: Chimy Avila, penaltiz; 2-0; 19. m.: Moi Gómez.
Epailea: Cuadra Fernandez (Kanariar Uharteak). Txartel horia erakutsi die Osasunako Torreri eta Valladolideko Roque Mesa, Olaza eta Lucas Rosari.
Gertaerak: Ligako hamabigarren jardunaldia, Sadar estadioan jokatua. 19.429 ikusle hurbildu dira.