NAIZ

6.000 euskal abeltzainek Estatu espainolaren laguntzak jaso dituzte Ukrainako gerragatik

Hego Euskal Herriko 6.100 abeltzainek baino gehiagok Gobernu espainolaren laguntzak jaso dituzte Ukrainako gerraren krisiari aurre egiteko; guztira, 13,2 milioi euro. Estatu espainolean, orotara, 136.146 esne- eta haragi-abeltzainek eta zitriko-ekoizlek jaso dituzte laguntzak.

Nafarroako nekazariek protesta egin zuten Iruñean martxoan, Ukrainako gerra hasi eta hilabetera. (Iñigo URIZ/FOKU)
Nafarroako nekazariek protesta egin zuten Iruñean martxoan, Ukrainako gerra hasi eta hilabetera. (Iñigo URIZ/FOKU) (Iñigo URIZ/FOKU)

EAEko 3.677 abeltzainek jaso dituzte Gobernu espainolaren laguntzak Ukrainako gerraren krisiari aurre egiteko, 6.887.332 euro guztira. Halaber, Pedro Sanchezen Gobernuak 6,4 milioi euro bideratu ditu esne eta haragi abeltzain nafarrentzat eta zitrikoen ekoizleentzat.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, 531 esne-ekoizleek 4,21 milioiko estatu-laguntzak jaso dituzte, eta 3.146 haragi-abeltzainek 2,67 milioi euro, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerio espainolak jakitera eman duenez.

Nafarroan, esnearen sektorean, 341 abeltzainek jaso dituzte 3,6 milioi euroko laguntzak 24.642 behirengatik (2,4 milioi), 105.347 ardiengatik (1,2 milioi) eta 2.055 ahuntzengatik (16.605 euro). Eta 2.125 ekoizle, abeltzain eta zitrikulturarentzat guztira 2,8 milioi euro ordaindu dira (Europako eta Estatuko funtsak batuta).

Martxoan Iruñean egin zen mobilizazioan, 2.000 pertsona eta 210 traktorek euskal hiriburua kolapsatu zuten, eta UAGN, EHNE eta UCAN sindikatuek jada azpimarratu zuten Ukrainako gerrak «lonjetako prezioak garestitzea» eragin duela.

Izan ere, gerraren ondorioetako bat izan da nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietako ekoizpen-kostuen igoera, energiaren, ongarrien eta lehengaien garestitzearen ondorioz, bereziki abereak elikatzeko pentsuak fabrikatzeko erabiltzen den zereala. Horregatik, abeltzaintzaren sektorea izan da laguntzen hartzaile nagusia, Ministerioak adierazi duenez.

Estatu espainolean, guztira, 136.146 esne- eta haragi-abeltzainek eta zitriko-ekoizlek kobratu dituzte Ukrainako gerrak eragindako ondorioei aurre egiteko Gobernu espainolak prestatutako ezohiko eta premiazko laguntzak. Ekoizleentzako zuzeneko bi laguntza-lerroetan 356.758.710 euro ordaindu dira guztira.