NAIZ

Adimen urritasuna duten kirolarientzat lehen saskibaloi liga martxan jarriko da Bizkaian

Joan den otsailetik ekainera arte lehenengo esperientzia bat egin ostean, igande honetan hasiko da modu «formalean» lehiaketa berri honetako aurreneko jardunaldia, maiatzera arte. Sei taldek osatuko dute "Rural Kutxa Liga" eta 16 urtetik gorako gizon zein emakume kirolarientzat irekita egongo da.

Bizkaiko Saskibaloi eta Kirol Egokitu Federazioa, Rural Kutxa, Bilboko Udala, Gorabide elkartea eta ligan berri honetan parte hartuko duten taldeetako ordezkariak aurkezpenean.
Bizkaiko Saskibaloi eta Kirol Egokitu Federazioa, Rural Kutxa, Bilboko Udala, Gorabide elkartea eta ligan berri honetan parte hartuko duten taldeetako ordezkariak aurkezpenean. (@INTERMEDIA.EUS)

Adimen Urritasuna duten pertsonentzat Saskibaloi Egokituak aurrerapauso itzela emango du aurten Bizkaian, ostiral honetan aurkeztu den ekimenari so eginez gero. Joan den otsailetik ekainera bitartean egindako izaera «esperimentuzko» lehen lehiaketa baten ondoren, Bizkaiko Saskibaloi Federazioak (BSF-FVB) eta Kirol Egokituko Bizkaiako Federazioak (BKEF-FDAB) maiatzera arte luzatuko den liga jarriko dute martxan igande honetatik aurrera. Itzuli bikoitzeko liga izango da berau eta txapelduna erabakitzeko azken fasea ere jokatuko da.

Izena eman duten taldeak berriz ere sei diren arren, lehiaketa honek "Topaketa" formatu alde bastera lagatzen du; hau da, talde guztiak kantxa berean eta partida guztiak jardunaldi bakarrean jokatuz, liga normalizatu batera igaroko da, joaneko eta itzulerako norgehiagokak jokatuz eta talde bakoitzak bere egoitza duela. Horrek esan nahi du, adibidez, Basaurik eta Getxok bat egingo dutela Bilbo eta Portugaleterekin txapelketa hau jokatzeko udalerri gisa.

Ligaren lehen edizioan, Getxo Saskik eta Portugaleteko Oribeltzak adimen urritasuna duten kirolarientzat talde espezifiko bat sortu zuten, Bilbao Basketek bere fundazioaren bidez abian jarritako ekimenarekin bat eginez.

Ligan lehen edizioan parte hartu zuten bost klub lehiatuko dira: Lehoiak Gorabide, adimen urritasuna duten pertsonen familien Bizkaiko elkarteak abian jarritako taldea; Bilbao Basket Fundazioa; OSK Bar El Chiringuito Portugalete (Oribeltzaren mendekoa), jarrillera herriko kirol egokituaren kluba; Haszten Saski, dibertsitate funtzionala duten haurrak kirolean hastea sustatzen duen Bizkaiko elkartearen taldea; eta Getxo Haszten SBT, Hasztenek GetxoSaski klubarekin batera egindako ekimena.

Lehiaketan egongo den seigarren taldea Alzola BSK Basauri izango da, herri horretako saskibaloi taldeak adimen urritasuna duten kirolarientzat martxan jarritakoa. Saskibaloiari lotuta, hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea daraman kluba da, 14 kategoria desberdinetan. Saskibaloi talde egokitu bat sortu du Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioarekin (EHDSF) lankidetzan.

Liga 16 urtetik gorako gizon zein emakume kirolarientzat irekita dago, eta epe luzera begira, helburua adimen urritasuna duten kirolarientzako lehen mailako lehiaketa bat sustatzea da, fuboleko Genuine Ligaren jarduna oinarri hartuta.

Lehiaketa hau sustatzen duten Bizkaiko Saskibaloi eta Kirol Egokituaren Federazioarentzat, jarraitu beharreko eredua hauxe da: klubek beren Adimen Urritasuna duten kideentzat saskibaloi talde egokituak sortzea, baita udalerrietan kirola sustatzea ere, eta ez izatea adimen desgaitasunaren esparruan lan egiten duten elkarteak taldeen sorrera bultzatzen dutenak. Azken batean, helburua adimen iurritasuna duten pertsonengan saskibaloian jokatzea normalizatzea eta neurri batean «harrobia sustatzea» da, Bizkaiko herrialde historiko osora zabaldu arte.

Ildo horretan, igande honetan abian jarriko den txapelketa –"Rural Kutxa Liga" izenaz bataiatua, babesle nagusiena bera baita bere gizarte ekintzaren bitartez. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilbao Kirolak Udal Erakundaren babesa eramango du ere, horrez gain– ekimen aitzindaria izango da Hego Euskal Herrian bederen, gaur egunera arte ez baita existitzen adimen urritasuna duten kirolariei egokitutako saskibaloi lehiaketarik.

Adimen urritasuna duten Kirolarientzako Saskibaloi Egokitua Liga Rural Kutxa igande honetan hasiko da, azaroaren 6an, eta 2023ko maiatzaren bukaerara arte luzatuko da. Abenduaren 18tik urtarrilaren 15era bitartean geldialdia egingo da, eta Gabonetako lehiaketa bat egiteko baliatuko da, talde berriak txapelketan sartzea sustatzeko. Azken hiru jardunaldiak itzuli bakarreko ligaxka batekin osatuko dira, bestalde, lehenengo hiru sailkatuen artean bat eta azken hiruren artekoa bestea, amaierako sailkapena finkatzeko balioko duena.