Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

#BTN 2022. Bertso ahizpatasuna ez da kasualitatea

Garai desberdinetako oholtzak ezagutu dituzten bost emakumeren zapatetan pixka batean ibiliz gero, bistakoa da aurretik emandako pauso bakoitza beharrezkoa izan dela gaurko oholtzara iristeko. Irunen, Txapelketa Nagusiko saio historikoa: lehen aldiz bost emakume eta gizon bat.

Arantzazu Loidi bertsotan, 1990an, Gasteizen.
Arantzazu Loidi bertsotan, 1990an, Gasteizen. (XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA)

Arantzazu Loidi Garitano (Aretxabaleta, 1967)

«Txapelketan eta plazan hasi nintzen konturatzen bakarra nintzela»

80ko hamarkadan hasi zinen. Emakume bakarra?

Ikastolako bertso eskolan ez, baina gero plazan eta txapelketetan hasi nintzenean, bai. Beranduago hasi ziren beste neska batzuk.

Nola gogoratzen duzu bakardade hori?

Hasieran ez neukan bakarrik egotearen kontzientzia talde giro oso ona neukalako, lagun giroa. Bat gehiago nintzen sentsazioa neukan. Baina bai txapelketan eta bai plazan hastean hasi nintzen konturatzen bakarra nintzela, desberdina zela ni entzutea. Uste dut kontzientzia hori gehiago hartu nuela kanpotik zetorren harreragatik. Gero pixkanaka beste neska batzuk hurbiltzen hasi ziren. Hor hasi ziren emakumeek osatutako saioak antolatzen, saio batzuetan emakumeak sartzen... hori ere hasieran nahikoa polemikoa izan zen; neskak ginelako sartzen ote gintuzten saio batzuetan... Askotan norberari ere zalantza sortzen zitzaion, bertso mailagatik edo beste zerbaitengatik deitu ote zioten.

Emakumeekin abesten zenuen saioetan, bazen zerbait desberdina?

Nik ez dut deserosotasunik sentitu kantukideekin, ez gaztetxoen mailan ezta gero plazan ere. Kantukideen artean ez naiz deseroso sentitu, gehiago izan da agian publikoari begira, harrera aldetik. Baina egia esan hasieran ni ez nintzen batere eroso sentitzen emakumez osatutako saio horietan. Artifiziala iruditzen zitzaidan. Une batean moda kontua ere izan zela uste dut eta hor ez nintzen eroso sentitzen.

Ez zen kantukideengatik, nik beti izan dut konplizitatea eta gustura aritu naiz; bai nire belaunaldikoekin eta baita gizonezko zaharragoekin ere. Beti zaindua sentitu naiz, baina ez paternalismotik, naturaltasunez baizik. Kantukideekin beti ondo sentitu izan naiz, emakume zein gizon.

Beti entzun izan da zure ahotsagatik komentario asko izaten zirela.

Bai. Alde batetik nire ahotsa oso fina zelako eta kantaera berezi bat neukalako. Eta, bestetik, gizonezkoen tonuarekin eta ahots desberdintasunarekin borrokan edo ibiltzen nintzelako. Agian borroka ez da hitza, baina bai izan da lantzen joan beharreko gauza bat. Komentarioak entzun izan ditut; ‘ez naiz erraz ohituko emakume ahots bat entzutera’ eta horrelakoak. Baina uste dut gerora izan dela horren inguruko gogoeta bat, emakumeak hasi garenean konturatzen hori ere urratu izan behar genuela.

Nola ikusten duzu gaur egungo bertso panorama?

Bistakoa da emakume kopurua gehitu egin dela. Ahots mota, tonua, kantaera, estiloa zabaldu egin da. Ez dago patroi jakin bat. Gure garaian deigarriagoa zen guztia, estereotipo batzuk apurtu beharra zegoelako, bidea urratu behar zelako. Batzuek urratu genuen bide hori eta gaur egun dena zabalagoa iruditzen zait. Eta ez ahotsagatik bakarrik, baita janzkeragatik, gaur egun askoz eredu femeninoagoak lasai bizi dira bertsogintzan eta hori niretzako pauso garrantzitsua da. Eredu guztiek lekua daukatela ikusten da, hori da nire pertzepzioa.

Aberastu egin da oholtza gaineko argazkia.

Bai, eta ez gizon eta emakume ereduei begira bakarrik. Gure garaian gu izan ginen lehenengo kaletar belaunaldia, lehen bertso eskoletakoak. Hori nobedadea zen. Gaur egun unibertsitate ikasketak dituzten bertsolariak gehiago dira. Baina gure belaunaldian bide hori urratu zen lehen aldiz; giro urbanoetatik, beste ikasketa maila batetik, bertso eskoletatik... etorritako bertsolariak azaldu ginelako.

Amaia Agirre kantuan. Monika DEL VALLE | FOKU

Amaia Agirre Arrastoa (Amasa-Villabona, 1977)

«Sentitu izan nuen atzetik zetozen emakumeak tokia kentzera zetozela»

Nola ikusten ari zara txapelketa?

Gure artean aspalditik ari ginen esaten ‘aurten bai’. Ez lehenago ikusten ez genuelako, duela bost urte ere uste genuen ez zela Maialen izango emakume finalista bakarra. Baina batzuetan orbitak alineatu ordez alienatu egiten dira eta txapelketan parte hartu dugun guztiok badakigu denak pare-parean egokitu behar duela final batera iristeko. Denak lagundu behar dizu, bai barne faktoreek eta bai kanpo faktoreek. Eta aurten kanpo faktoreetan uste dut badagoela gogo bat, bultzada kontziente estra bat, Maialen emakume finalista bakarra izango ez den ziurtasun horretara eramaten gaituena.

Taldean egin den ahalduntze ariketa garrantzitsu horrek izango du bere partea...

Noski. Gogoan daukat duela urte batzuk, emakumeen topaketa batean, honako galdera egin genuela: hemen, zein da bertsolaria? Berrogei bat emakume ginen han eta lau altxatu ginela uste dut. Sekulakoa izan zen. Premia handia zegoen pauso kolektibo hori emateko, indartzeko eta bertsolari sentitzeko. Gauza askotan bertsolari gazteek sekulako irakaspena eman digute. Niri, pertsonalki, izugarri erakutsi didate begirada feminista zekarten emakume gazteek, betaurrekoen prisma aldatzen lagundu didatelako. Gero, egia da adinak ere patxadaz eta lasai hitz egiteko aukera ematen dizula. Nik orain lasaiago hitz egiten dut gauza batzuei buruz. Eta, gero, iruditzen zait gizonezko batzuk ez daudela eroso. Aldaketa bat etorri da eta uste dut gizonezko batzuk deskolokatuta daudela.

Atzera begiratuta, zenbat plaza egin ote dituzun emakume bakarra izanda. Oholtza gainean pertsona gogorra izan zara.

Bai, horrela izan da oholtza gaineko Amaia Agirre. Baina hortik behera oso-oso beldurtia izan naiz eta izua izan diot epaiari. Hori kudeatzen ez da erraza. Baina horri buruz gizonezkoen artean ez zen inoiz hitz egiten. Gaur gaizki atera da? Bada, aurrera, beti aurrera. Ez zen gauza horiei buruz hausnartzen. Neroni ez naiz horri buruz hausnartzen hasi emakume bertsolariekin gogoeta horiek partekatzen hasi naizen arte. Beti aurrera eta beti aurrera, nire ibilbideaz hausnartzen hasi nintzen begirada feminista barneratu nuenean. Zenbait gauza reseteatu eta hortik aurrerakoak, txarrak eta onak, zein tokitatik aztertuko nituen erabaki nuen orduan.

Ordezko izatearen zama aipatzen duzue askotan.

Bai, eta askotan izan gara beste baten ordezko. Eta horrek zama dakar, mesederik ez. Emakume izatea aski baldintza bazen saio batera joateko, eta horrela esaten ziguten gainera. Nire kasuan, adibidez, askotan Maialen Lujanbioren ordezko izatea tokatu zait. Maialen urtebete kanpora joan zen eta tarte horretan nik egin nituen bere plazak. Andoni Egañak berak esan izan dit horrek mesede adina kalte egin zidala, beharbada ez nengoelako hain pulitua. Niri zer pentsatu handia eman zidan, momentuan mina egin zidan arren. Baina egia da Maialenen plaza asko nik bete nituela eta eskakizun maila nik eman nezakeena baino handiagoa zela. Gaur egun emakume bertsolariak ez dira beste emakumeen ordezko, aukera zabala dagoelako.

Ahizpatasunak ez zaitu harrapatu gaztetan eta plazan. Inbidiarik sentitzen duzu?

Ni barruan nenbilenean bai sentitu izan nuen –eta honi buruz hitz egiten dugu eta zintzotasun horretatik eraiki dugu ahizpatasuna– mehatxu bezala nire atzetik zetozen emakume horiek niri tokia kentzera zetozela. Eta elkarri mina egin diogu. Eta inbidia izan da nirea, pertsonala, maila estetikoan. Ez bertsotan egiteko moduagatik bakarrik, baita fisikoari begira ere. Hori oso gogorra da eta jendaurrean onartu izan dut. Eta badakit sentipen horretatik mina eragin diogula elkarri. Negar asko egin dugu elkarrekin. Batzuetan sentitzen genuen gure artean distantzia bat zegoela, hausten ez zena, eta mahai gainera atera genituenean kontu horiek konturatu ginen hor zegoela korapiloa.

Niretzat oso garrantzitsua da kode bera partekatzea eta kolektibo baten parte sentitzea. Ni horretara iritsi nintzenean, harriz josita neraman motxila erantzi egin nuen.

Gizonen artean kantatzeko emakumearen presentziak neurritsua izan behar zuen?

Niri balioan jartzen zitzaizkidan zenbait ezaugarri, maskulinitatearekin, arrankearekin, ausardiarekin, lotura zeukatenak, gerora gutxietsi egin zaizkit. Eta horrekin pertsonalki gaizki pasatu nuen. Gero bat-batean irauli bezala egin ziren ontzat eta edertzat jotzen ziren faktore asko. Gehiegizko jotzen hasi ziren nire gordintasuna eta esateko moduak. Baina ni neurri batean horrelakoa nintzelako nintzen estimatua eta orduan horri uko egin behar nion? Uxue Alberdik esaten duenez, emakume batek oholtzan ez du gehiegi nabarmendu behar, baina ezta gutxiegi ere. Ez du lotsagabeegia izan behar, baina ezta lotsatiegia ere. Hori da inposatzen dena.

Onintza aurtengo txapelketan. Andoni CANELLADA | FOKU

Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, 1979)

«Guk gure burua lehian ikusteko modua aldatu da: bertsolariak gara»

Sentsazio orokorra da gauza garrantzitsuak gertatzen ari direla txapelketan.

Astiro-astiro, urteekin, kristalezko sabaia apurtzen ari gara eta agian guk gero eta konplexu gutxiago dauzkagu garen modukoak plazan agertzeko. Hori ez da kasualitatez gertatu noski, urteekin lan bat egin da, elkarrekin berba asko egin dugu eta plazetan aldaketa eman da. Txapelketak plazen isla izan behar badu, logikaz, emakumeen proportzioak aldatu egin behar du. Plazetan puntan emakume asko dabiltza. Gure arteko sareak agian lagundu du kristalezko sabai hori apurtzen.

Bakarkako lana eta indar kolektiboa daude horren atzean. Sarea aipatu duzu.

Bakarkako lanik gabe ez dago txapelketarik, emaitza onik. Txapelketaren alde objektiboa hor dago. Baina txapelketak badauka alde subjektibo bat. Eta horrek esan nahi du guri egokitu zaigula azken urteotan gure burua indartzea zenbait kritikaren aurrean. Gu gutxiesteko ausardia nahikorik izan ez dutenek mila aitzakia erabili dituzte gure bertsokera gutxiesteko. Gure artean saretu gara eta horri guztiari aurre egiteko moduak topatu ditugu. Hori txapelketan nabaritu egiten da.

Oholtza gainean ere nabaritzen da ahizpatasun hori. Elizondoko saioan Alaia eta zu alboan egokitu zineten. Alaiak aipatu du horrek lagundu egin ziola.

Txapelketaren moduko formatu batean konfiantzazko norbait alboan izateak asko laguntzen du, nahiz eta gero agian ez duzun hitzik egingo saio osoan. Presentzia hori oso garrantzitsua da. Plazetan, neurri batean ‘Ez da kasualitatea’ bezalako saioei esker, harreman afektibo garrantzitsuak lortu ditugu. Askotan presentzia horrek lagundu egiten digu, ez gara erabat arrotz sentitzen momentu larri horretan. Batzuetan presentzia hutsak laguntzen du, beste batzuetan hitz batek, besarkada batek...

Emakumeen gorputzak beste presentzia bat hartu du oholtzan eta baita gaietan ere.

Garai batean gure gorputzarekin lotutako edozein gai aipatzen genuenean askotan leporatzen ziguten ‘gure gauzez’ ari ginela etengabe. Orain uste dut konplexu hori galdu egin dugula. Guretzat alua zakila bezain unibertsala da, munduaren erdiak dauka. Ezingo da beti tabu bat izan, ezta? Gure ausardia horrek, presentziatik harago gure buruari beste zerbait eskatze horrek, aldaketak ekarri ditu. Gu plazan hasi ginenean gure presentzia hutsa iraultzailea izango zen, ordura arte apenas aritu zelako emakumerik plazan. Baina gaur egun emakume asko ari da plazan eta presentzia hutsak ez du diskurtsoa aldatzen. Uste dut inkonformitate horretatik, presentzia hutsetik salto egin nahi horretatik, berrikuntza asko etorri direla.

Berrikuntza deitzen direnak eta aldi berean guretzako naturalak direnak. ‘Ez da kasualitatea’ saioak antolatzen hasi zirenean konturatu ginen denak emakumeak ginenean sekulako lasaitasunarekin egiten genuela berba sexuari buruz, gorputzari buruz... agian asmatu dugu lasaitasun hori estrapolatzen beste saioetara eta hori txapelketan ere igarri egiten da. Ahalduntze bat gertatu da eta berrikuntzatzat hartzen ditugun gauzak berez gauza oso naturalak dira. Nik ez diot eskatuko gizonezko bati nire gorputzetik kantatzea, baina guk urte askoan haien gorputzetik kantatu dugu gurea balitz bezala.

2013 eta 2017an ere sumatu zen presentziaren areagotzea. Horietan ez zen erabat lortu kristalezko sabaia puskatzea. Aurten desberdina da.

Pertsonalki pentsatzen dut aurreko txapelketan bi norabidetan jarri zela zama; batetik, ea zein zen finaleko bigarren emakume hori. Eta, bestetik, erronka bat proposatzen zen; ‘oso ondo, bertsotan ari zarete han eta hemen, baina orain demostratu behar duzue finalean egon zaitezketela’. Presio sotil hori izugarri nabaritu zen; txapelketan kantatzeaz aparte, beste zerbait demostratu beharra sentitu zuen emakume askok. Bost urteotan horri buruz hitz egin dugu gure artean eta neurri batean hori gainditu dela uste dut. Dagoeneko ez diogu inori demostratu behar onak garela. Euskal Herriko txapelketan kantatzeko pasea lortu duen edonor bertsolari ona da. Eta segur aski, merezimendu osoz eta inori ezer demostratu beharrik gabe, emakume bat baino gehiago iritsiko dira aurten finalera. Ez bigarren emakumea izateko, Maialen bezain onak izateko edo gizonezkoak bezain onak direla demostratzeko... gizonezko bat finalean sartzen denean ulertzen da txapelketa ona egin duela eta hor egotea irabazi duela. Guk gure burua dagoeneko lehia horretan horrela kokatzen dugu. Ez gara emakume bertsolariak, bertsolariak gara. Lehiatuko gara eta merezi badugu finalean sartuko gara. Lehiatzeko parametro hori aldatu da gure buruetan.

Oholtzan bertsolariak zarete, izen-abizenekin, estilo propioarekin, bakoitza bere gaitasunekin.

Bai. Eta niretzat garrantzitsuena da hori sinistea lortu dugula. Finalera doan emakume bat ez doa Maialen Lujanbio bakarrik ez uztearren. Maialenek demostratu du bakarrik ere gai dela eta beste emakume askok demostratu dute lehia horretan egoteko maila badutela.

Guk gure burua lehian ikusteko modua aldatu da eta gure buruari sinetsarazten ari gara ez garela kolektibo bat, ez garela lehiatzen ari finalean zenbat emakume sartzen diren jakiteko.

Gu ez gara ari beste lehiaketa paralelo bat egiten, besteen baldintza berdinetan lehiatzen ari gara eta ordua da beste guztia kanpoan uzteko eta guri begiratzeko garenetik. Gu lehia honetan bertsolariak gara beste guztiak bezala.

Ane Labaka Gotaineko saioan. Bob EDME

Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, 1992)

«Aldaketa handia sumatzen da; zenbakiak guztiz irauli dira eta galdera da: zenbat emakume finalean?»

Emakumeen olatua nabarmena izaten ari da.

Askotan gertatzen da. Ematen du badatorrela olatua aldiro eta gero momentu batean geratu egiten da, kristalezko sabaia agertzen da. Egia da aurten ikusten dudala inoiz baino indartsuagoa dela. Eta hori gertatzen ari da saretze lan handia egin dugulako azken urteotan eta ni, behintzat, txapelketa hau bizitzen ari naizelako bakarka baina kolektiboki aldi berean. Uste dut emakume asko gaudela kolektibotasun horretan. Horrek ahalegin bikoitza eskatzen du, are gehiago lehia tartean dagoela. Lehiaren testuinguruan zailagoa da ondokoak zaintzea eta kolektibotasuna bultzatzea, baina horretan ari gara.

2017ko txapelketan zama, motxila. Aurten lasaiago, ahaldunduago.

Ahaldunduago eta helduago ere bai, pilatutako esperientzia hor dago. Duela bost urte finalista batzuk ukiezinak balira bezala ikusten ziren eta finalean toki bat egon zitekeela esaten zen. Finaleko balizko bigarren emakumea asko aipatzen zen. Baina aurten aldaketa handia sumatzen dut; zenbakiak guztiz irauli dira eta inork ez du hitz egiten bigarren emakumeaz. Aurten galdera da: zenbat emakume finalean? Uste dut inbutu hori zabalago dagoela orain.

Hamalau emakumeetatik hamarrek gainditu duzue lehen faseko langa. Hemendik aurrerakoak ez luke tapatu behar zenbaki horiek kontatzen dutena.

Egia da. Ahizpatasunaz ari garenean, jendeak ez dakit guztiz ulertzen duen zertaz ari garen. Energia handia jarri dugu fase honetara elkarrekin pasatzeko eta bidean elkar zaintzeko; elkarrekin entrenatzen ari gara eta elkar mimatzen ari gara. Normalean bertso eskolak bizitokiaren arabera edo gertutasunaren arabera antolatzen dira eta aurten ahalegin bat egiten ari gara, kilometro batzuk gehiago eginez, beste emakume batzuekin elkartu eta entrenatzeko. Bigarren fasera pasatu garenak elkar zainduta eta mimatuta gaude, baina ikusten ez dena da bidean geratu diren kantukide horiek –kolektiboaren parte sentitzen ditugunak– zaintzeko ere egiten ari garen ahalegina.
Txapelketa espazio oso biolentoa da, esposizio maila handia ekartzen duena. Gutxi batzuentzat dena ona eta askorentzat dena latzagoa izan daiteke. Eta kolektiboan bizitzeak hori ere badakar, batzuen pozak eta beste batzuen penak eta minak kudeatzea. Horretan energia asko jartzen dugu. Ikusten dena, lorpenak eta zenbakiak, hor daude, baina ikusten ez dena oso garrantzitsua da.

Ahizpatasun horren arrastoak ikusten dira oholtzan; bost emakume eta gizonezko batek osatutakoa saioa Irunen, gaiei eusteko modu berriak...

Bai, baina gustatzen zait nabarmentzea anaidi bat beti existitu izan dela oholtzan eta oraindik ere existitzen dela, batzuetan ematen duelako emakumeok egiten dugun horretan bakarrik jartzen dela fokua. Emakumeen arteko hori da jendeari harrigarria egiten zaiona eta ez beti existitu izan den eta ikusten den anaidi hori.
Pertsonalki zorte handia izan dut Irungo saioarekin. Aldi berean, Irungoa bost emakume eta gizon bat izango den bezala, hurrengoa, Durangokoa, bost gizon eta emakume bat izango da. Bi saio horiek zenbakitan islatu dezakete gaur egungo plazaren errealitatea. Gaur egungo plaza oso aniztuta dago. Nik saio pila bat izan ditut antolatzaile feministek bultzatutakoak. Baina gero, beste plaza mota batzuetan sekulako kontrastea sentitzen dut sortzaile eta emakume bezala. Askotan iruditzen zait jardun bera izan arren, izugarri aldatzen dela plaza batetik bestera. Eta txapelketan bi saio horiek elkarren segidan tokatu izana bada gaurko errealitatearen isla.

Ez da kasualitatea. Azken urteetan egindako lan baten emaitza da.

Bai, zalantzarik gabe. Ni bertsotan hasi nintzenean, askotan esaten ziguten nire adinkide diren gizonezko batzuk baino aukera gehiago izan nitzakeela emakumea eta gaztea nintzelako. Hori sinistera iritsi nintzen. Orain, atzera begiratzen dudanean, konturatzen naiz batzuen eginbeharra oholtzara igo eta bertsotan egitea izan dela, meriturik kendu gabe; eta guk, bertsotan egin ahal izateko, lehenago beste guztia egin behar izan dugula, lan bikoitza; gertatzen zitzaigunaren inguruan hausnartu, eztabaidatu, gure artean saretu, elkar mimatu, indartu...

Modu kolektiboan ari zarete, baina bertsozalearen begietara bertsolari bakoitza bakarra da. Hori lortu da.

Bai, hori lortu da eta asko kostatu dela uste dut. 2017an finaleko balizko bigarren emakumearen kontua hortik zihoan; bazirudien berdin zela zein zen bigarren hori. Hainbeste urtetan eta hainbeste plazatan elkarren ordezko eta ordezkagarri izan dira. Askotan entzun dugu ‘neska bat falta zitzaigun eta zuri deitu dizugu’. Egin dugun lanari esker eta ireki ditugun ateei esker, orain elkarren ordez egon beharrean egon gaitezke elkarren ondoan. Eta elkarren ondoan egote horretan jendeak ikusten du bakoitzak zein ñabardura dituen, zer desberdinak garen elkarren artean. Hori lorpen handia da; ez izatea emakume bertsolaria eta kito, gizonezkoak diren bezala, gu ere izen eta abizendun sortzaileak izatea.

 

Oihana Arana, bertsotan. XDZ

Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001)

«Bertso ibilbide osoan talde baten barruan egon naizela sentitzen dut»

Gauza garrantzitsuak gertatzen ari dira txapelketan.

Txapelketan bertan gauza garrantzitsuak gertatu ahal izateko lehenagotik plazan gertatu behar izan dira gauza garrantzitsuak. Hain zuzen ere, txapelketak bertso plazaren isla bat izan beharko lukeelako. Azken urteetan plazan eraldaketa bat gertatu dela ikusi da, emakumeen presentzia areagotu da eta ez bakarrik presentzia, autoritate eta garrantzi handiagoa ere eman zaie. Txapelketan gertatu dena hein handi batean horregatik izan da. Eta hori eragin duena emakume bertsolarien arteko saretzea izan da. Horrek emaitzetan bakarrik ez, txapelketan egoteko moduetan ere eragin du.

Adibidez?

Elizondoko saioan Alaia eta Onintza zelan egon ziren horren adierazgarria dela uste dut. Askotan bertsolariari lotu zaion irudia zurruna, estatikoa, emoziorik adierazten ez duena izan da. Alaia eta Onintza elkar ukitzen, elkar besarkatzen, elkarren babes eta euskarri izaten ikustea garrantzitsua iruditu zitzaidan. Onintza bakarkakoa kantatu berri eseri zenean –hain barrutik kantatutakoa–, seko emozionatuta, Alaiak babesa nola adierazi zion... uste dut hori bera nahikoa iraultzailea izan zela. Eta ez da txapelketan ikusi den adibide bakarra, gehiago izan dira.

21 urte dituzu. Nolako ibilbidea izan duzu emakume bertsolari bezala?

Nik suertea izan dut ahizpatasuna biologikoa ere izan delako. Ahizpa eta biok hasi ginen batera bertsotan eta horrek eragina izan du. Baina nik asko eskertzen dut sarea eta bidea taldean egin izanaren sentsazioa izan dut askotan. Oso gaztetatik, bertso udalekuetatik, sare garrantzitsu batekin ekin genion bertsolaritzari. Elkartetik transmisioan egiten den lana ere nabarmentzekoa da. Baina eskolartekoetatik asko ezagutzen dugu elkar, asko zaintzen dugu elkar eta nik asko eskertzen dut hori. Gero gu ahalduntze bertso eskolan hasi ginen, Señora txapelketaren antolaketan, emakume bertsolariekin harremantzen, ideologikoki eta estetikoki interes partekatuak dituen jendearekin elkartzen... hor ere sarea topatu dugu. Bertso ibilbide osoan zehar talde baten barruan egon naizela sentitzen dut.

Hasi zinenean, bazenuen emakume bertsolarien erreferentziarik?

Guk suertea izan dugu. Gure taldea udalekuetan sortu zen eta garai hartan gure begiraleak ziren Ane Labaka, Nerea Ibarzabal... erreferentzialtasun hori oso gertu izan dugu hasiera-hasieratik. Ni bertsotan 2010ean hasi nintzen, Maialen Lujanbiok txapela irabazi berritan. Erreferentzia hori ere baneukan. Eta plazan zebiltzan emakume bertsolari asko. Aldaketa nabaritzen zen; Alaia Martin, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi... suertea izan dugu gaur egun oso indartsu dabiltzan emakume bertsolari asko oso-oso erreferente gertukoak izan direlako. Eta erreferente izateaz gain, lagunak ere badira eta niri horrek asko lagundu dit.

Kontziente zara zure aurreko batzuentzat bidea bakartiagoa izan dela, ezta?

Bai. Baina belaunaldi bakoitzak bere zailtasunak eta erraztasunak ditu. Irudikatzen dut nire aurreko emakumeen bidea desberdin, baina aldi berean dena zegoen egiteko, bide guztiak urratzeko. Eurei interesatutako formei eta eurek irekitako bideei jarraitzea izan da ondorengo belaunaldiek hartu dugun erabakia. Ulertzen dut haien ibilbidearen hasiera gurea baino gogorragoa izan zela. Bide bat zapaldu zuten gero guretzat erosoagoa izan zedin.

Polita da belaunaldi zaharragoei entzutea zuekin, belaunaldi berriekin, asko ikasten dutela.

Maialen Lujanbiok azken txapelketako agurrean kantatu zuenez, transmisioaren trentzak behetik gora egiten du. Uste dut hori izan behar dela helburua. Askotan pentsatzen dugu transmisioa goitik behera ematen den zerbait dela eta agian alde guztietara eman behar den zerbait da eta oso murriztailea da norabide bakarrean bakarrik ematen denean. Noski, esperientziatik eta iraganetik asko ikasten da, baina denbora aurrera doa, jendarteak beste forma batzuk hartzen ditu eta interesgarria da ikustea belaunaldi berriek zein forma hartzen dituzten beren bide horietan. Nik ere nabaritzen dut atzetik beste belaunaldi batzuk datozela eta haietatik ere jasotzen dut jakintza. Helburuak izan behar du denok denei begira ikastea.

Txapelketa hau mugarria izango ote den...

2017ko txapelketan ere gauza garrantzitsuak gertatu ziren. Ez nuke esango txapelketa honetan gertatu denik dena. Azken urteetako mugimendu baten ondorioa izan da eta azken urteotako herrialdeetako txapelketetan ikusi den zerbait; Nafarroako txapelduna Saioa da, Bizkaikoa Nerea, Xilaban Miren bigarrena izan zen, Gipuzkoako finalean lau emakumek abestu zuten... ez dut uste azken txapelketa honetan magikoki gertatu den zerbait izan denik, bazetorren zerbaiten hurrengo pausoa baizik. Igual egonkortzeko balioko duen pauso bat.