Batzuen iritziz, dagoeneko, badugu eskola publikoa. Beste batzuentzat, ordea, egiteko dugu. Batzuentzat, dagoeneko, badugu eskola nazionala, besteentzat egituratzeke dago. Batzuk Euskal Eskola Publikoa badugula eta besteak horretara errenditu beharko dutela...
Ez da berria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza eremuan piztu den eztabaida gordina. Hezkuntza herri baten eraikuntzan eta haren biziraupenean funtsezko zutabea da. Zeresanik ez gurea bezalako herri ez-normalizatuarentzat, zapaldua den eta hizkuntzari eta identitateari ozta-ozta eusten dion herriarentzat. Hainbeste urteren ondoren, nahi gaituzten txokoan gaude berriro, elkarri mokoka. Nortzuen artean eta herri eraikuntzari hezkuntzatik ekarpen handiena egin dioten ikastoletakoen eta publikokoen artean. Beste batzuk isilik dauden bitartean. Galdera zaharra datorkit burura: zer irabaziko luke Euskal Herriak ikastolak galduta?
Hezkuntza sistema antolatu nahi dugu, besteak beste, ikasleei kalitate handiko hezkuntza emateko, pertsona oso gisa garatzen laguntzeko, eskolan ongi egoteko eta, ahal bada, zoriontsu izateko. Ondorioz, ez dut uste asmatzen ari garenik esanez Baskongadetako Hezkuntza Legearen ardatza eskola publikoak izan behar duela. Ardatza ikasleen hezkuntza eskubideek eta herri gisa ditugunek izan beharko lukete.
Ikasleak egiaz erdigunean jartzeak ahalbidetuko liguke gatazkan beste leku bat hartzea. Ikuspegi pedagogikoa lehen lerrora ekarri eta hortik begiratuta argiago ikusiko genuke nondik eraiki. Adituen artean adostasun osoa dago 0-6 adin tarteak pertsonon garapenean duen garrantzian. Beraz, mimoz zaindu beharreko etapa da. Adibide bat besterik ez da, legeak hobetzeko beharko luke, ez lehendik gaizki zegoena okertzeko. Zarataren erdian akordatzen ote da norbait ikasleez?
Zarataren erdian akordatzen ote da norbait ikasleez?
Bestalde, aspertu arte errepikatzen ari gara heziketako atal askotan «eskolak bakarrik ezin duela». Hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera paregabea da legea hezkuntza paradigma berria marrazteko, non aisialdiari, Oinherriri, euskalgintzari, herrigintzari aitortza egin eta hezkuntza ez-formalarekin batera Hezkuntza, eta bide batez Eskola, birpentsa dezakegun.
Sistemari begira jarrita, Euskal Herriko Hezkuntza Sistema osatu nahi duten heziguneak banatuta, zatituta, ditugu: lurraldeka, ereduka, sistemaka, jabetzaka, hezkuntza komunitateka. Nafarroako, Lapurdiko eta Zuberoako euskal herrietan Euskal Hezkuntza Sistema eraikitzeko apustua egin duten milaka familia ditugu, milaka hezitzaile egunero lanean. Zenbateraino ote ditugu kontuan?
Euskal Hezkuntza Sistema ehundu nahian ari ginen. Ezbaian dugun legeak helburu baino gehiago tresna izan beharko luke sistema hori artikulatzeko. Balia dezagun abagunea misio eta aspirazio bera duten euskal herrietako heziguneen arteko elkarlana bultzatzeko. Horretarako, ikastetxe guztiak indartsu behar ditugu, elkarlanean, elkarri praktika onak eskainiz. Ezin dugu onartu legeak bazter uztea bakar bat ere, altxor preziatua da bakoitzaren eskarmentua. Denok aterako gara irabazle: legea, ikasleak, jendartea eta, batez ere, Euskal Herria. Horretan datza kontua, ezta? •