Udazkena, onddoen sasoia ez ezik, kanpoan landatutako marihuana biltzekoa ere bada. Ohitura da onddoak lagun eta etxekoen artean partitzea, baita marihuana ondo sikatua denean lagunartean kukulu batzuk banatzea ere. Eskala familiarra duen kultura eta kontsumo batez ari gara, aitona-amonen baserrian, kuadrillakoaren ortuan edo partzelan, auzoan abandonatutako lonja horretan, ia nonahikoak diren guneetan hazitakoa.
Gero, jakina, arrain handien negozioa ere badago, tonaka eta milioka euroko eskalakoak. Eta berarekin batera landarearen uztarekin istiluak ere ugaritzen dira: lapurretak, jipoiak edo tiroak ohikoak dira plantazioak defendatzeko. «Marihuanaren gerra» deitu diote, agian deitura arranditsua, baina, krisi garaiotan bereziki, erabat ugaldu dira makroplantazioak. Europako handiena Euskal Herrian atzeman dela irakurri genuen prentsan, gure herriko geografia osoan polizia operazioak ugaritu egin direla. Marihuanaren industria sustraiak botatzen ari da, teknologikoki ongi hornituta dago, nazioarteko merkatu beltzean saltzeko sareetara konektatuta dago, gero eta profesionalagoa da, gero eta masiboagoa. Eta eskariak handitzeari uzten ez dionez, eskaintzari ezin zaio kontrakoa eskatu.
Orain arte, debekuaren politika batekin erantzun zaio, partzialak eta, askotan, kontraesankorrak diren neurri aringarri batzuekin. Kalamuaren hazkuntza eta salmenta debekatzea, baina aisialdirako kopuru txiki bat edukitzea deskriminalizatzea; edo Herbehereetako coffee shop delakoetan bezala, gune batzuetan salmenta eta kontsumoa baimentzea, baina hazkuntza eta banaketa propioa debekatuz. Legeztatzearen aldeko joera indartu egin da, Uruguai, Kanada, Malta edo AEBetako 18 estatuetan legeztatu da dagoeneko, baina ez, bidea ez da erraza, inondik inora ere.
Balio-kate osoan
Gauzak azkar aldatu daitezke Alemaniak marihuana legeztatzeko aurkeztu duen planak aurrera egiten badu. Karl Lauterbach osasun ministroak defendatutako planak munduaren arreta bereganatu du. Ez da gutxiagorako. Esanahi handiko urratsa baita, urrats erabakigarria Europar Batasuneko herrialde populatuenean, eta kanabisaren industria globalarentzat aukera itzela. Dudarik ez dago Alemaniako eztabaida hau gertutik jarraituko dela nazioartean. Ez bakarrik EBko ekonomia indartsuena delako, baita legeztatze orokor bat planteatu delako ere, alegia, balio-kate osoan erregulazio, gardentasun eta kontrolak ezartzen dituelako, zoriaren eta ustekabearen eskuetan ez delako ezer uzten.
«Lege alemaniarrek Europako legedia bete behar dute, eta gure proposamenaren arabera, gobernuak marihuanaren ekoizpen, salmenta eta banaketa erregulatuko lituzke merkatu legalizatu eta kontrolatu baten barruan», adierazi du Karl Lauterbach ministroak. Are, lege erreforma Europako «beste herrialdeentzat eredua» izan daitekeela aurreratu du baita ere. Ministro sozialdemokrataren esanen arabera, Alemanian legezko egiteak marihuana merkatu beltzean lortzen duen -25 urtez azpikoetan 4 milioitik gora- jende gaztea hobeto babestea dauka xedetzat. Eta zenbaki hauekin debekuaren bidearen porrota argia dela irizten dionez, gazteen eta osasunaren alde egiteko aurkeztu zuen plana.
Proposatutako planak 30 gramo eskuratu eta edukitzea, pribatuki edo publikoan kontsumitzea eta pertsonako hiru landare haztea legezko egingo ditu. Salmenta denda espezializatuetan bakarrik -eta landa eremuetako aukera berdintasunaren alde, agian farmazietan ere bai- egin ahalko da. Hemezortzi urtez azpikoentzat, marihuanaren erabilera guztiz debekatuta egongo da. Eta Gobernuak prezioak finkatuko ez dituen arren, kalitate neurri zorrotzak ezarriko ditu.
Produktu kanabikoen iragarkiak debekatuta egongo dira eta iragarki diseinurik gabeko pakete neutraletan bilduta salduko dira. Galdetzekoa da ea horrek hezkuntza mailan edo estigmak kentzerakoan izango dituen onurak, edo merkatu ilegalei aprobetxatzeko aukerak emango ote dizkien. Bestalde, Alemanian ekoitzi beharko da marihuana guztia, nazioarteko legeekin arazoak ekiditeko. Honekin, Alemaniak EBko beste herrialdeei demostratu beharko die gai dela barne eskariari erantzuteko, etxean bertan nahikoa marihuana ekoitziz. Gobernuaren kalkuluen arabera, sikatutako 400 tona ekoitzi beharko lituzke urtero, beroa maite duten landareontzat energia kopuru handia eskatuko luke horrek, jadanik gobernu koalizioko Berdeek ohartarazi dutenez.
Gobernuak kontsumoaren gaineko zerga berezia ezarriko du, irakaskuntzan abusuaren prebentziorako programak garatuko ditu eta marihuanarekin zerikusia duten ikerketa polizial eta prozedura judizial oro bertan behera geratuko da. Planaren arabera, zergetan estatuaren irabaziak dezente handitu, 27.000 lanpostu berri sortu eta 4.500 milioi euroko aurrezpen bat lortu ahal dira.
Ez da ahaztu behar, bestalde, Alemania gobernatzen duen «semaforoaren koalizioak» -sozialdemokratak, berdeak eta liberalak- programan jasoa zeukala marihuanaren aisialdirako erabileraren legeztatzearen promesa. Edo hobe, marihuanaren eta bere psikoaktibo nagusiaren, tetrahidrokanabinolaren (THC), deskriminalizazioa, narkotikoa izateari uztea alegia.
Bide zaila etxean eta auzoan
Plana azkarrago aurkeztu ez bada, urratsak Europar Batasuneko legea eta nazioarteko tratatuak urratu ahal zituelako beldurragatik izan da. Ez, ez du bide erraza izango etxean, ezta auzoan ere. Alemaniako kontserbadoreek jadanik bere aurkakotasuna erakutsi dute, eta aurreratu dute beren eragina baliatuko dutela Europar Batzordeak erreforma baimendu ez dezan. Eta auzoan, Alemania Schengen espazioko kide den neurrian, tratatuaren beste kideak ez direla isilik geratuko aurreikusi daiteke.
Alemaniatik mendebaldera, Frantziak marihuanaren inguruan lege zorrotzak dauzka, aisialdirako erabilera debekatuta. Berdin gertatzen da auzoko Polonia eta Danimarkarekin. Beste herrialde batzuk, Suitza, Belgika eta Herbehereak barne, substantzia ilegalitatean mantentzen dute baina baimentzen dute, edo ez dute zigortzen, kopuru txiki bat edukitzea. Herbehereetako coffee shopetan marihuana eta haxixa saltzea baimenduta dago, baina Amsterdamen asmoa da jarrera gogortzea, eta turistei coffee shopetara sarrera debekatzea.
Alemaniako marihuanaren legea prozesuak aurrera egin ahala Europako epaitegiek inpugnatzeko arriskua gutxitzeko, aste honetan bertan bere planaren laburpen bat igorri dio Berlinek Europar Batzordeari, honen iritzia zein den jakiteko. Lauterbachen arabera, batzordeak alemaniar eredua Europar Batasuneko legearekin bateraezina dela adieraziko balu, gobernuak planaren oinarri berdinekin ez luke aurrera egingo. Bruselak argi berdea emango balio, lege proiektu behin betikoa 2023ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko luke, eta 2024an indarrean sartuko litzateke legea. Alemaniako legediak marihuanaren inguruko jokoa aldatuko luke, ez bakarrik landarearen hazkuntzan eta salmentan espezializatutako industria globalarentzat, baita salmentaren deskriminalizazioarekin jolasteko keinuak egiten ari diren auzokideetan ere.
Baina, munduaren krisi eta aztoramenduak ikusita, pandemia batetik gerra betera jauzi egin duen herrialdean bertan, ez dirudi marihuanaren inguruan adostasun bat lortzea lehentasuna izan daitekeenik, ezta Schengeneko estatu kideen artean ere. Egun, agenda legegileak ez daude horretarako, eta sentsibilitate publikoak agian ere ez.