NAIZ

Euskaraldia hasteko egun gutxiren faltan, izena ematera animatu dituzte herritarrak

Euskaraldia hasteko hamar egun falta direla, herritarrek ariketa sozialean parte hartu eta izena emateko deia egin dute hainbat eragilek Donostian. Izen ematea izenematea.euskaraldia.eus gunean egiten ari dira ahobizi eta belarriprestak. Herriz herri txapak banatzen ere hasiak dira.

Jendarteko pertsona esanguratsu batzuk eta Euskaraldiaren bultzatzaileek ariketan parte hartzera animatu dituzte ahobizi eta belarriprestak.
Jendarteko pertsona esanguratsu batzuk eta Euskaraldiaren bultzatzaileek ariketan parte hartzera animatu dituzte ahobizi eta belarriprestak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskaraldia ate joka dugu, heldu den ostiralean, azaroaren 18an hasiko da, eta ariketan parte hartzeko deia egin dute astearte honetan ekimenaren antolatzaileek eta jendarteko arlo ezberdinetako hainbat lagunek Donostiako San Telmo museoan. Izen-ematea erritmo onean doala aipatu dute ekimenaren koordinazio mahaiko kideek, eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere masiboa izanen dela espero dute.

Agerraldian kultur, kirol eta komunikazio arloko hainbat lagun bildu da Euskaraldian parte hartuko dutela azaltzeko. Euskaraz aritzeko gaitasuna duten euskal herritarrak azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen gonbidatu dute. Maialen Chourraut, Joseba Usabiaga eta Xabier Saldiasekin batera, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea, Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako Sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideako zuzendaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria izan dira ekitaldian.  

Ariketa jendetsua izateari garrantzi handia eman diote Euskaraldiaren sustatzaileek, partaideen hizkuntza ohiturak aldatzeko inguruan belarriprest eta ahobizi ugari izatea lagungarria da eta. Izena emateko izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo behar dutela gogorarazi dute eledunek. Aurreko edizioetan parte hartu dutenek oso erraz eguneratu dezakete izen ematea eta partaide berriek datu gutxi batzuk bete besterik ez dute egin beharko. Izen ematea berresteak hirugarren edizio honetan ere eginen den ikerketan lagunduko du.

Txaparen garrantzia

Euskal Herriko 400 herri baino gehiagotan txapak banatzen hasi dira jadanik Euskaraldiko batzordeetako kideak. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dira ariketa soziala hasi arteko azken bi asteetan. Izena eman duten eta hurrengo egunetan izena emanen duten kide guztiek 15 egunotan txapak jantzita eramateko deia egiteko baliatu da San Telmo museoko prentsaurrekoa.

Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohiturak aldatzen eta, horregatik, ariketan txapa erabiltzeko gonbitea egin dute.

Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko deiari jarraituz hurrengo egunetan kaleak janztera ere deitu dute eta horretarako hainbat baliabide eskaini: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak eta Euskal Herrian zehar zabaldu diren milaka kartelak. Gainera, herriz herri ehunka ekitaldi antolatzen ari dira.

Partaideen erronkak, abiapuntu

Azken dei bat ere egin dute ekimenaren bozeramaleek: partaide guztiak hizkuntza ohiturak aldatzeko erronka zehatzak jartzera animatu dituzte, euskarazko harremanak areagotzeko, hizkuntza portaera berriak probatzeko erronka zehatzak jartzea lagungarria delako.

Azken hilabeteetan herriz herri martxan egon diren Hitzez Ekiteko ekitaldietan Euskaraldiaren aurreko edizioetan izandako lorpenak eta hirugarren Euskaraldirako proposatutako erronkak azaleratu dituzte milaka hiztunek. Horiek izanen dira norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik eraginkorrenak.

Euskal Herriko lurralde guztietako herrietan Euskaraldiko batzordeetan parte hartzen ari diren milaka boluntarioak eskertuz eta aitortuz amaitu dute ekitaldia.