NAIZ

«Welcome to the Basque Country, welcome to the bike country», Tourreko spot berria

2023ko Tourra Euskal Herrian hasiko da eta hasierako hiru etapak, oso osorik, euskal errepideetan lehiatuko dira. "Grand Depart" ("Hasiera handia", frantsesez) promozionatzeko, Euskal Herria eta txirrindularitzaren arteko lotura estua nabarmentzen duen bideoa argitaratu dute antolatzaileek.

2023ko Tourra Bilbon hasiko da uztailaren 1ean eta lehendabiziko hiru etapak, oso-osorik, Euskal Herrian lehiatuko dira. Lehen etapa Bilbon abiatu eta Bilbon bukatuko da; bigarrena, Gasteizen hasiko da eta Donostian izango du helmuga eta hirugarrenak, Zornotza eta Baiona lotuko ditu.

"Grand Depart" delakoa ("Hasiera Handia", frantsesez) izango da euskal lurretan jokatuko dena, azkenengo edizioan, esaterako, Danimarkan hasi zenaren antzera. Aurreneko hiru etapa hauei sona eman asmoz, sare sozialen bitartez hainbat eduki ari dira argitaratzen, Euskal Herria eta txirrindularitzaren arteko lotura estua nabarmenduz.

Promozio bideo bat argitaratu berri dute, hunkigarria, euskaldunek txirrindularitzarekiko daukaten pasio islatzea xede duena. «Welcome to the Basque Country, welcome to the bike country» da lelo nagusia.

«Txirrindularitza maite baduzu, hemen duzu paradisua», esaten du pasarte batek. Zaleen babes handia eta errespetua ere nabarmentzen dira bertan («hutsik egiten ez dutenak, beti hor daudenak, igoera mitikoan zein herriko lasterketan»).

«Txirrindulariak non, ikurrina han», ziurtatzen da bertan, irudi historikoez osaturiko ikus-entzunezko argitalpenari nostalgia kutsua erantsiz.

Era berean, Euskal Herriak txirrindularitza praktikatzeko eskaintzen dituen aukera anitzak ere zehazten dira, bai eta 250 txirrindularitza taldek egiten duten lana ere.

«Kantauri itsasoaren eta pirineoen artean bada leku bat, paregabea. Bailaraz, mendiz eta bide estuz; bihurgunez eta malda gogorrez betea. 499 mendate eta 252 kilometroko itsas bazterra duen herria, txoko ezkutuez betea. Pedalei eragin ,eragin eta eragin eta gozatzeko. [...] 250 kluben indarraz, 11 profesional, munduko lau txapeldun eta zalerik onenak.