«Nire etorkizuna ez dago batere argi». Horrela azaldu du Iñigo Martinezek denboraldi honetan bizitzen ari den egoera. Onda Vasca irratiak iazko jokalariri onenaren saria eman dio Lezaman eta entrenamendu ostean elkarrizketatua izan da Ondarroako jokalaria. Azken hilabeteetan asko hitz egin da Iñigo Martinezen inguruan. Bartzelonak udan fitxatzeko interesa agertu zuen. Proposamen ekonomiko bat helarazi zuela ere zabaldu zen, baina Athleticek ez zuen inoiz baieztatu. Piquek erretiroa hartzeko erabakia iragarri ondoren berriro agertu da bere izena eta zenbait komunikabideetan ere hurrengo denboraldirako akordioa daukala ziurtatu dute.
Iñigo Martinezek ez du ezer argitu. Edo bai, denboraldi amaierararte kamiseta zuri-gorria defendatuko duela esan du eta gero ikusiko dela. Izan ere, Bartzelonak neguko merkatuan Piqueren ordezko bat fitxatzeko asmoa daukala komentatu zuen Xavi entrenatzaileak. 80 miloi eurotako etete klausula dauka erdiko atzelari bizkaitarrak. Ekainaren amaieran bukatzen zaio kontratua eta zaila dirudi talde kataluniarrak bera fitxatzeko dirua eskaintzea.
32 urte beteko ditu maiatzean eta bere seigarren denboraldia da Athleticen. Gustura dagoela, eroso sentitzen dela klubean eta pozik joaten dela egunero entrenatzera esan du. Ateak irekita utzi ditu eta negoziazioak bere ordezkarien ardura direla. Ez du ezer esan Bartzelonaren inguruan ezta Athletici buruz.
Aitor Elizegiren zuzendaritza batzak jarraitzeko eskaintza bat aurkeztu zion joan den denboraldian eta ez zela sinatzeko unea erantzun zuen. Jon Uriarte presidenteak ere hainbat aldiz komentatu du jokalari garrantzitsua dela eta geratzea nahi dutela. Hori bai, aipatu izan du klubaren baldintza ekonomikoetara egokitu beharko dela.
Entrenatzailearen erabakia
Ez dela bere kontratuaz hitz egiteko unea azpimarratu du Iñigo Martinezek behin da berriro. Denboraldi hasiera ez da erraza izan berarentzako. Lesionatu egin zen udan eta ezin izan zuen lehen jardunaldietan parte hartu. Belauneko minak ahaztuta dituela nabarmendu du eta fisikoki zein mentalki jokatzeko gogotsu dagoela.
Valverdek aulkian utzi zuen Valladoliden kontrako azken partidan. Vivianek eta Yerayk osatutako bikoteak ondo erantzun zuen, denboraldi hasierako partidetan bezala. Lehen aldia izan zen Ondarroako atzelaria jokatu barik geratzen dela lesionaturik egon gabe. Entrenatzailearen erabakia onartu beharra daukala adierazi du, baina argi utzi du ez daukala inolako arazorik.
Igandean Kopako partida jokatzeko prest agertu da. Ligan maila ona eman dutela lehen 14 jardundaldietan uste du. Talde zuri-gorriak 24 puntu eskuratu ditu eta europako postuetan joango da geldialdira, nahiz eta onartu partida batzuetan emaitza eta joko hobeak egin zitzaketela. Alziraren kontrako norgehiagoka arriskutsua dela gaineratu du. Bigarren Federazioko taldea izan arren, ilusio handiarekin zelairatuko direla aipatu du eta ezin dutela hutsik egin.
Aldi berean, Munduko Kopara joatea gustatuko litzaiokeela aitortu du. 2021ean uko egin zion Eurokopari. Atsedena hartu beharra zeukala azaldu zuen, batez ere mentalki. Kolpe gogorra jaso zuen Athleticekin Kopako bi final galdu ostean.
Oraingoan aldiz, badaki bere azken aukera izan daitekeela. Ez da azken partidetara joan eta ez daki Luis Enriquek deialdian sartuko duen. Ostiralean ezagutuko da Espainiako selekzioaren zerrenda eta Unai Simonek, Nico Williamsek eta Sancetek ere aukerak dituzte bertan egoteko.