«Jokalariek sekulako lana egin dute Estudiantesi irabazteko. Lehen taldeko zortzi jokalari baino ez ditugu eta Itzik –Ariztimuño–, adibidez, 35 minutu jokatu ditu Sandraren –Ygueravide– lesioa dela-eta».
«Lehenengo erdian aukera gehiegi eman dizkiogu Estudiantesi. Zorionez, borrokan jarraitu dugu, gure nortasuna galdu gabe, eta hirugarren laurdenetik aurrera askoz lan hobea egin dugu. Askoz intentsoago jokatu dugu, hori delako gure nortasuna, eta horri esker irabazi dugu», gaineratu zuen Itziar Ariztimuñok berak, lehertuta baina pozarren.
Anna Montañana bera ere, nola ez ba, pozik eta harro zegoen asteazken gauean Lointek Gernika Bizkaiak Estudiantesi Emakumeen Eurocupeko hirugarren jardunaldiari zegokion partida irabazi eta gero. Hala ere, Valentziako entrenatzaileak badaki oraindik sano dauzkan jokalariek egundoko esfortzua egin behar izan zutela markagailuari buelta emateko, baita antzeko esfortzua egiten jarraitu beharko dutela hurrengo neurketetan ere, ebakuntza gelatik zenbait jokalarik pasa beharko baitute egunotan.
Marta Alberdi izan zen kirofanotik pasa behar izan zuen aurrenekoa, sorbaldan min hartu eta gero. Ostegun honetan, berriz, Sandra Ygueravide antolatzaileari egokitu zaio ebakuntza gelatik pasatzeko txanda, Kanaria Handiaren aurka hatz bat hautsi ostean. Zerrenda horretan hurrengoa Nogaye Lo izango da, eskuin belauneko arazoek ez baitiote oraindik jokatzen laga.
Euskal Kopaz geroztik, Balear Irletako pibotak ezin izan du minuturik jokatu eta azkenean ostiralean artroskopia egingo diote. Lointek Gernika Bizkaiak berak bidali duen oharraren arabera, jokalaria kantxetara itzultzeko epeak ebakuntza osteko «bilakaeraren arabera» ezarriko dira.
Ez da gauza berria Nogaye Lorentzat belauneko arazoak nozitzea, baina batez ere iaz, Perfumerias Avenidaren kamiseta defendatzen zuen sasoian, asko gaiztotu zitzaizkion belauneko minak. Denboraldiaren zati handi bat galdu zuen Mallorcakoak eta Gernikara bueltan, nahiz eta denboraldi aurrean jokatu ahal izan duen, ezin izan du partida ofizial bakar bat ere jokatu orain arte.
Baina denboraldiak aurrera jarraitzen du eta Lointek Gernika Bizkaiak dagoeneko larunbatean izango du burua, 19.30etan Madrilgo Magariños kiroldegian berriz ere Estudiantesen aurka jokatu beharko baitu. «Eurocupa atzean laga behar dugu. Berriz ere Estudiantesen kontra jokatu behar dugu, baina orain Emakumeen Ligari dagokion partida delako, parametro horietan prestatu behar dugu neurketa», adierazi zuen asteazkeneko partida amaitu eta gero Anna Montañanak. Gutxienez, ligara begira Chanel Mokango pibotak jokatzeko aukera izango du eta hori ez da gutxi bizkaitarrentzat, aurreneko zatian errebotea ixteko orduan zenbat sufritu zuten aintzat hartuta.