Hiru egunez animazio ugari izan dira ‘Bizi den mendiaren alde’ izenburupean igaron den Lurrama laborantza herrikoiaren azokan. Igande honetan itxi ditu ateak, eta azokaren 17. edizioa «ederki amaitu» dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Euskal Herriko Laborantza Ganbararen bultzadapean 2009an ospatu zen Lurrama azokaren lehenengo edizioa. Pandemiaren geldialdia gainditu ondoren, espekulazioaren aurkako borrokarekin bat eginez iaz Arbonan eman zuten hitzordua Ipar Euskal Herriko laborariek.
Aurten, berriro ere, Biarritz herriko Iraty erakustazokara itzuli da Lurrama, 980 laguntzaileen «presentzia» eta lan «sutsuari» esker, azpimarratu dute antolatzaileek. 20.000 bisitari baino gehiago izan dira azokan eta, ostegunean lehen mailako 36 eskolek tailer pedagogikoetan parte hartu dute zuten, zazpi laborantza lizeoren bisita izan dute eta, urtero bezala, «Garazi eta Biarritzeko ostaler lizeoko ikasle eta erakasleek lehen eguneko apairuak segurtatu dituzte», gaineratu dute.
Hala, mendiaren gaiak publikoaren interesa piztu duela adierazi dute antolatzaileek, eta orotara 800 bat lagun mintzaldi eta mahain inguruak entzutera gerturatu direla esan dute.
Gazta eta ogi lehiaketak
Bestalde, gaztea eta ogi lehiaketak antolatu zituzten, eta igande honetan irabazleek izenak eman dituzte. Gazta lehiaketan, Berhouet Michel & Peio, Antton Urrizaga eta Azkorria kooperatibak irabazi dute lehen saria, zehazki mendi, etxeko eta esnetegi kategoriatan. Ogi lehiaketak Gaia okindegiak irabazi du.