Badira bi hilabete, irailaren 14an zehazki, euskal hautetsiz osaturiko delegazioak bilera egin zuela Parisen Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin.
Nahiz eta bilkurak emaitza zehatzik ez zuen ekarri, «zentzuzko epe batean» Pap Ndiaye frantziar Hezkuntza ministro berriak erantzun bat emanen zuela azterketak euskaraz egiteko aukerari buruz hitza eman zuten Hezkuntza Ministerioko ordezkariek.
Izan ere, geroztik murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek ez dute inolako erantzunik jaso.
Gauzak horrela, iragan urriaren 20an EEPk Baionan duen egoitzaren atarian antolaturiko agerraldiaren bidez, Azterketak Euskaraz dinamikaren baitan mobilizazioa eginen zutela azaroaren 14an Bordelen jakitera eman zuten Seaskako ordezkariek.
Horrendako, gaur goizean goiz 20 bat autobus abiatu dira Euskal Herritik Girondako hiribururantz. Orotara mila bat ikasle, irakasle eta guraso batu dira Bordelen antolaturiko ekimenera.
Giza Eskubideen plazatik mezua
Data esanguratsua hautatu dute Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren ordezkariek protesta ekimenerako, baita hiri eremu berezia ere.
Hala, Erretoretzako arduradunei mezua helarazteko unean, Giza Eskubideen plaza bozgorailu nagusi bilakatu da.
Eguerdian aurreikusitako giza katea osatzeko zailtasunak gertatu dira, autobusak oso urrun uzteko agindua jaso dutelako antolatzaileek.
Edonola ere azterketak euskaraz egiteko aldarrikapena ozenki entzunarazi dute Seaskako ordezkariek.
Lehenik eta behin Erretoretzan eta handik aurrera Giza Eskubideen plazan. Haraino joan baitira manifestazioan ehunka ikasle.
Izan ere, dantza, kantu, rap eta bertsoen laguntzaz ekitaldi nagusia Giza Eskubideen plazan burutu dute.
Bordale gurea da✊#azterketakeuskaraz pic.twitter.com/EWYmp93lgS
— Selaurua Betez (@selauruabetez) November 14, 2022
Bertan Seaskako lehendakariak ohartarazi duenez «hizkuntza eskubideak giza eskubideak dira eta eskubide horiek errespetatu arte mobilizatuko gara».
Hezkuntza Errektoretzari eta Parisko Gobernua galdera argia pausatu die Peio Jorajuriak: «Zer demokrazia da hau gure ikasleei haien hizkuntzean mintzatzea eta idaztea galerazten diena?
Jorajuriak oroitarazi duenez azaroaren 14 hau da baxoa pasatu behar duten ikasleek izena emateko duten azken eguna.
Beraz azterketen auzia lehenbailehen konpontzeko premia mahai gainean ezarri dute Seaskako ordezkariek Bordelen antolaturiko ekimenarekin.
«Frogetan izena emateko desmartxa administratibo guztiak egiten ari gara eta, beraz, aspaldi ukan behar genuen erantzunaren zain gira», adierazi du Seaskak Ziburun duen kolegioko zuzendaria den Iñaki Lekuonak.
Seaskak lau kolegio ditu orotara eta Baionan kokatzen da Ipar Euskal Herri osoan euskaraz ikastea bermatzen duen lizeo bakarra.
Ikastetxe horietan guztietan egun berezia da gaurkoa, ikasgeletara joan ordez autobusa hartu eta Bordeleko bidea hartu dutelako.
Seaskako ikasle eta irakasleek hainbat hautetsiren sostengua jaso dute Bordelen.
Giza Eskubideen plazan izan baitira Mathieu Berger eskualde kontseiluko kide den hautetsi baionarra, baita Bordeleko auzapeza den Pierre Hurmic ekologista ere.
Atzerapasuak geldituz, frogak osorik euskaraz egitea
Michel Blanquer Hezkuntza ministro ohiaren agindupean atzerapausuak eman ziren azterketen auzian. Gauzak horrela mobilizazioak biderkatu zituzten uda aitzin Hezkuntzako egoitzak okupatu zituzten Ipar Euskal Herriko ikastoletako ordezkariek.
Gibelatze horrekin amaitu ondoren azterketak osorik euskaraz egiteko eskubidea bermatze aldera benetako engaiamendua nahi du eskuratu oraingo honetan Seaskak.
Are, emandako hitza ez bada betetzen, Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmen berria negoziatzeari interes handirik ez dio ikusten. «Akordioak betetzeko direlako», Jorajuriaren esanetan.
Brebetaren kasuan, frantsesa kenduta, gainerako froga guztiak euskaraz pasatzeko –eta azterketa horiek zuzenduak izateko– eskatzen du Seaskak. Finean, 2018a aitzin indarrean zen eskeman kokatzen da Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa.
Baxoari dagokionez, 2021ko erreforma martxan eman aitzin Bernat Etxepare Lizeoko ikasleek Historia-Geografia eta Matematikako azterketak euskaraz egin ahal zituzten.
Aurten, lehen aldiz, Seaskako lizeoan jarduten duten ikasleek idatzizko azterketa bakar bat ere ezin izan dute euskaraz pasa.
Hori gutxi balitz, Ahozko Handia izeneko frogaren zati bat gutxienez euskaraz egitea debekatuta izan dute baitaere.