NAIZ

EAEko joko eta apustu lokaletako sarrerak kontrolatzea nahitaezkoa izango da gaurtik aurrera

Asteazken honetatik aurrera, joko eta apustuetarako lokalek sistema informatiko bat izan beharko dute Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistrora konektatu ahal izateko. Langileek Lakuaren gaikuntza profesionala eskuratu beharko dute.

EAEko joko eta apustu lokal guztiek onarpen kontrol bat izan beharko dute nahitaez sarreran.
EAEko joko eta apustu lokal guztiek onarpen kontrol bat izan beharko dute nahitaez sarreran. (Jon Urbe | FOKU)

EAEko joko eta apustu lokal guztiek onarpen kontrol bat izan beharko dute nahitaez sarreran, ostalaritzako zerbitzu osagarria barne, asteazken honetatik aurrera. «Kontrola areagotzea eta adingabeak sartzea eragoztea» da helburua, bai eta, jokoarekin patologiaren bat dutelako, gaitasunak mugatuta dituztelako edo borondatez une jakin batean bere buruari sartzea debekatu dietelako, Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistroan izena emanda daudenak ere.

Lakuak bederatzi hilabeteko epea ezarri zuen Jokoaren Erregelamendu berria indarrean sartu zenetik (2022ko otsailaren 16), establezimenduak fisikoki eta teknikoki egokitzeko, onarpen kontroleko lanei begira. Modu honetan, asteazkenetik aurrera, joko eta apustuetarako lokalek sistema informatiko bat izan beharko dute Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistrora konektatu ahal izateko.

Pertsona bat erregistro horretan sartzen den unean, ezingo da EAEko joko establezimendu bakar batean sartu, gutxienez sei hilabete igaro ondoren izen-ematea bertan behera uztea eskatu ezean. Horrez gain, Jaurlaritza Estatu osoko erregistroen arteko elkarreragingarritasuna lantzen ari da, autonomia erkidego batean erregistratuta dagoen pertsona batek ez dezan beste autonomia erkidego bateko lokal batean sartzerik izan.

Lokal horietan sartu nahi duten pertsonek NANa edo kidekoa aurkeztu beharko dute kontrol eta onarpen lanak egiten dituen arduradunaren aurrean identifikatzeko. Bezeroaren datuak digitalizatuta dituzten joko aretoek automatikoki egingo dute egiaztapena identifikazio eta egiaztapen elektronikoko sistemen bidez. Helburu horrekin jasotako datuak izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiari lotuta egongo dira.

Bestalde, joko aretoetako sarrerak zaintzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko diren langileek 2023ko urria baino lehen eskuratu beharko dute zeregin horiek betetzeko Lakuaren gaikuntza profesionala. Dohainik eskuratu ahal izango dute, KZgune sareko edozein lokaletan. Gainera, lan egiten duten establezimenduetan erabiltzen diren identifikazio eta egiaztapen elektronikoko sistemei eta sistema informatikoei buruzko formakuntza ere jaso behar zuten.