Nerea Lauzirika
Bilbo

Hitzez ekiteko garaiari bezperan egin diote ongietorria

Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean prest daude ostiral honetakoa astekoa den Euskaraldirako. Herri askotan ere antolatu dituzte hasiera ekitaldiak. Batean zein bestean, 19.00etan egin dituzte denak eta txapa soinean jarri dute. Ekitaldien ondoren kontzertuak eskaini dira, jai giroan.

Patxo Telleria eta Nerea Mazo aktoreak, Bilboko ekitaldian.
Patxo Telleria eta Nerea Mazo aktoreak, Bilboko ekitaldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Hasi baino egun bat lehenago egin diote harrera Euskaraldiari. Baiona, Bilbo, Donostia eta Iruñea hiriburuetan. Beste herri askotan ere egin dituzte hasiera ekitaldiak, denak 19.00etan. 

Alondegian egin dute Bilboko hasiera ekitaldia. Bertan izan da Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta baita Bingen Zupiria, Lakuako Kultur eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Gobernuko ozeramailea ere. Patxo Telleria eta Nerea Mazo aktoreek gidatu dute ekitaldia eta Maider Ibarrondok irakurri du gainontzeko ekitaldietan ere plazaratu duten testua.

Hamarnaka pertsona bertaratu dira Alondegira, 2022ko Euskaraldiari hasiera emateko, batez ere familiak. Patxo Telleria eta Nerea Mazo aktoreek umore puntua jarri diote ekitaldiari. Ondoren, belarriprestek eta ahobiziek zein konpromiso hartuko duten argi eta garbi azaldu dute. Telleriak, hartu duen belarriprest rola azaldu du: «Euskaraz dakitenei era esplizituan eskatzen diet niri euskaraz egiteko». Mazo, ordea, ahobizi izango da: «Euskarari eutsiko diot aurrean dudanak ulertu bitartean». Biek ala biek onartu dute elkarrizketa elebidunak zailak izan daitezkeela batzutan, eta errazagoa dela erdarara salto egitea. Hala ere, ahalegina egiteko deia egin du Mazok, «15 egun hauetan bada ere».

Euskaraldirako Xabier Zabalak eta Andoni Egañak egindako ‘Esazu hitz bat’ kantua entzuteko aukera izan da gero, Ibarrekolanda institutuko ikasleek prestatutako dantzarekin alaitua. Horren ostean, Maider Ibarrondok hartu du hitza, adierazpen bateratua irakurtzeko. Hitza, ekintza eta garaia. Horiek izan dira testuaren hiru ardatzak, euskararenak ere izan daitezkeenak. «Hitza da komunikatzeko dugun tresnarik indartsuena» eta «ekintza da motibazioa gauzatzeko tresna». Eta gaurkoan, «hitzez ekiteko garaia hasi da».

Ondoren bai, ekiteko garaia ez ezik, txapa paparrean jartzeko unea ere heldu da. Gehienek jasota zuten dagoeneko eta etxetik ekarri dute, beste batzuek ordea bertan batu dute, behin izena eman ondoren. Txapak bularrean eta euskara ahoan, eszenatokira irten dira Inun bakarlaria eta Yogurinha Borova drag queena. Batera abestu dute elkarrekin sortu zuten ‘Sentipenak askatu’. Ondoren, Inunek emanaldia eskaini du. Bere ostean etorri zaio txanda Yogurinha Borovari eta dantzan jarri ditu Alondegian zeudenak.

Iruñeko irekiera ekitaldia, Zentralen. (Iñigo Uriz | Foku)

Baiona, Donostia, Gasteiz, Iruñea...

Baina, Bilbon ez ezik, beste herri batzuetan eta hiriburu denetan egin dituzte antzeko ekitaldiak. Baionan Bilbon baino lehenago hasi dute egitaraua. Bertan izan da, besteak beste, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea. 18.00etan ireki dute Zizpa gaztetxea eta ekitaldia hasi bitartean musikaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Txapa ezartzearen ondoren pintxo-potea egin dute eta 20.00etan hasi da jotzen Ixabe taldea.

Are goiztiarragoak izan dira donostiarrak. Goizean mintzodromoak antolatu dituzte eta 18.00etan, Musika Eskolaren eskutik, musika eta dantza emanaldi herrikoia entzun eta ikusteko parada izan da Boulevardean. Ekitaldiaren ondoren, Mugan taldeak kontzertu laburra eskaini du.

Gasteizen, Jimmy Jazzen eman diote ongietorria Euskaraldiari. 18.00etan Ipurbeltz antzerkia eskaini dute eta ekitaldi nagusiaren ondoren DJ Malandro aritu da girotze lanetan. Hala Bedin jarraitu du jaiak gero, Lenoir &Mice taldearen eskutik.

Iruñean Zentral aretoan eman diote ongietorria Euskaraldiari. Bertan izan da Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, beste dozenaka lagunekin batera. Ekitaldia eta gero, Olaia Intziartek, Broken Brothers Brass Bandek eta DJ Reimyk kontzertuek girotu dute aretoa.