Marcel Pena

Zer, nor eta nola: subiranotasunerako bideaz jardun dute Sarrionandiak eta Goikoetxeak

Joseba Sarrionandiak eta Jule Goikoetxeak ‘Burujabe ala menpeko? Munduari begira Euskal Herritik’ hitzaldian hartu dute parte; zer da subiranotasuna Euskal Herrian? Zein da subjektua? Nolakoa independentziarako bidea?

Joseba Sarrionandia eta Jule Goikoetxea, La Bolsa jauregian ostegun honetan egindako hitzaldian.
Joseba Sarrionandia eta Jule Goikoetxea, La Bolsa jauregian ostegun honetan egindako hitzaldian. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Zer da subiranotasuna eta nola ekar daiteke Euskal Herriaren kasura? Galdera horiei erantzuteko bildu dira ostegun honetan Joseba Sarrionandia idazlea eta Jule Goikoetxea EHUko irakasleak ‘Burujabe ala menpeko? Munduari begira Euskal Herritik’ mahai-inguruan.

Bilboko La Bolsa jauregian egindako hitzaldiaren egitarauaren «ZEN» izenak ez du «Zona Especial Norte» esan nahi, ez eta mahai-inguruan «giro budistan» egin denik ere, Estitxu Garai moderatzaileak azaldu duenez. Ingelesezko «W» galderen sistema euskarara ekarrita, «ZEN» egiturak Zer, Zergatik, Zertarako, Nork, Noiz edo Nola bezalako galderak erantzutea eskatzen du, kasu honetan «burujabetzari eta subiranotasunari jantzi polita» ipintzeko.

Hasteko, Sarrionandiak «subiranotasuna» eta «autodeterminazioa» hitzak desberdindu nahi izan ditu: «Subiranotasuna normalean beti gorako eraketa politikoaren erreklamazioa da. Nire ustez, zehatzagoa litzateke beste hitz bat erabiltzea. Subiranotasun hitza noblea da eta autodeterminazioa ez da hain noblea, zeren normalean autodeterminatu nahi izan duten lagunek eta herriek galdu egin dute borroka hori, eta orduan nahiko kriminalizatuta dago oraindik ere. Baina azken batean subiranotasuna da autodeterminazio, indibiduala eta kolektiboa».

Goikoetxeak azpimarratu du burujabetza «gaitasun politikoak eta lurraldetuak edukitzea» dela, «geure burua gobernatzeko, baina geure burua beti kolektiboa da». Haien artean aipatu ditu «subirautza digitala», kapitalismoak martxan jarritako hitza, baita «elikagai subirautza», «teknologia subirautza» edo «lurraldearekin lotutako subirautza».

«Nork» galderari, hau da, «zein den subiranotasun subjektua» erantzuteko, Sarrionandia Euskal Herriaren eta espainiar Estatuaren arteko «botere harremanetan» zentratu du bere hitzaldia. «Harreman horizontala eduki dezakezu, oso independentea, edo sumisio harremanak eduki ditzakezu. Nazio-arazoan, guk Estatu zapaltzaile bat daukagu aurrean, historikoki inperialista, eta nire ustez ‘munstrotxo’ bat bada egitura politiko bezala», adierazi du, . Horren seinale Armada, Guardia Zibila edo Botere Judiziala hartu ditu. Zentzu honetan, Sarrionandiak ez du uste egitura horiek euskaldunen edo katalanen kasuetan bakarrik eragina dutenik, baizik eta Estatuko biztanle «gehienek» pairatzen dituztela Estatuko aparatu horiek.

Euskal Herrira itzuliz, eta herri honen «subiranotasun eskaerari buruz» nola galdera erantzunez, Iurretako idazleak gogora ekarri du «Espainiak ez duela sekula independentzia eman inon, gerra gogor batekin izan ez bada», eta Kubako kasua ekarri du gogora: «Destinoaren edo historiaren opari bat itxaron behar dugu».

Euskarari dagokionez, produkzio eta kontsumo-egiturei erreparatu die Goikoetxeak, hizkuntzaren egoera azaltzeko. «Askotan oso pozik gelditzen gara esanez ‘euskara galtzen da hitz egiten dakitenek ez dutelako hitz egiten’. Benetako galdera da: zergatik ez dugu hitz egiten? Alde batetik politika errepresiboak eduki ditugulako, eta bestetik, dauzkagun produkzio eta kontsumo-ohiturengatik», adierazi du.