Joseba Salbador Goikoetxea

Prozesuetan berritzea, «porrotaren aurkako antidotoa»

Euskalit Fundazioak antolatutako Kudeaketa Aurreratuaren Biltzarrean argi geratu zen erakundeen eguneroko jardueran prozesuen berrikuntza txertatzeak duen garrantzia, lehiakortasuna bermatzeko ezinbestekoa baita. Hizlariak bat etorri ziren «porrotaren aurkako antidotoa» dela esaterakoan.

Kongresuko lehen mahai-inguruan parte hartu zuten hizlariak. Ezkerretik eskuinera, Javier Ormazabal (Velatia), Jone Nolte (ASLE), Marian Ibarrondo (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila) eta Aitor Uriondo (Axular Lizeoa).
Kongresuko lehen mahai-inguruan parte hartu zuten hizlariak. Ezkerretik eskuinera, Javier Ormazabal (Velatia), Jone Nolte (ASLE), Marian Ibarrondo (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila) eta Aitor Uriondo (Axular Lizeoa). (NAIZ)

Aurrez aurre eta online, 700 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Euskalit fundazioak urriaren 19an eta 20an Bilbon antolatu zuen Kudeaketa Aurreratuaren Kongresuan. Hamabi erakundek partekatu zituzten jardunbide egokiak eta ikaskuntzak, prozesuen berrikuntzaren eta talentuaren kudeaketaren, aniztasunaren eta inklusioaren inguruan, Kongresu honen ardatz nagusietako bi hain zuzen.

Kongresuaren inaugurazioan, Estibaliz Hernaezek, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, nabarmendu zuen euskal erakundeek etengabeko ahalegina egin dutela lehiakortasuna bermatzen duten kudeaketa-eredu aurreratuez hornitzeko. Batez ere gaur egungoak bezalako une konplexuetan, eta ahaleginak areagotzeko deia egin zuen, batez ere tamainagatik berrikuntza lehenesteko tresna eta laguntza espezifikoak behar dituzten Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) artean.

Kongresuaren lehen jardunaldian, Javier Ormazabalek (Velatia), Jone Noltek (ASLE), Marian Ibarrondok (Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila) eta Aitor Uriondok (Axular Lizeoa, Hezkuntzan Kudeaketa Aurerratua Taldea) beren erakundeen erronkak eta ikaskuntzak errepasatu zituzten, prozesuen berrikuntza txertatzeari dagokionez. Gai hori erakundeen lehiakortasuna bermatzeko gako gisa definitu zuten. Sektoreen, tamainen eta zerbitzuen artean alde handiak dauden arren, adierazi zuten «prozesuetan berritzea porrotaren aurkako antidotoa da, erakunde baten energia norabide egokian dabilela ziurtatzeko aukera ematen duelako».

Era berean, berrikuntza horri modu sistematikoan ekitearen garrantzia nabarmendu zuten, «ingurune bakoitzaren berezitasunetara egokituz, baina irismen eta helburu luzeko begiradarekin». Kontua da egoera berriei aurrea hartu ahal izatea, eta gaur egungo testuinguruan, kudeaketa-sistema sendo batetik soilik egin daiteke hori.  

Pertsonen kudeaketa

Bestalde, urriaren 20an antolatutako bigarren jardunaldian, Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak, Ibon Antero Iraunkortasun eta Gizarte Eraldaketarako arduradunak Mondragonen eta Goizalde Santamarina IMH Campuseko Prestakuntza eta Garapen arduradunak, pertsonen kudeaketak dituen erronkak aztertu zituzten, etengabeko aldaketak bizi ditugun ingurune batean.

Esan zutenez, «kezka handia dago, baina gure agendetan, lehentasunez, kudeaketa proaktiboagoa eta indibidualizatuagoa sartzea falta da. Izan ere, ‘kafea guztiontzat’ premisak, hau da, kudeaketa-politika unibertsalek, ez baitute balio inoiz baino askotarikoagoa den testuinguru batean».

Ildo horretan, enpleguaren kontzeptutik enplegagarritasunaren kontzeptura igarotzeko beharra adierazi zuten: «Pertsona bakoitzak ibilbide bizia egiten du bere bizitza profesionalean, eta erakundeek, publikoek zein pribatuek, etapa batetik besterako joan-etorrietan laguntza bermatu behar dugu».

Esperientziak partekatzeko topagunea

Kongresu honen funtsezko helburuetako bat erakundeen kudeaketa-praktikak partekatzeko topagune bat ezartzea da. Lehen jardunaldian, urriaren 19an, sei erakundek prozesuak berritzeko proiektuak aurkeztu zituzten: SPRIk lehiakortasuna zaintzeko tresna erakutsi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak; BOOST, herritarrei entzuteko tresna BNEFIXek; eta EHUk, enpresa txiki eta ertainetan jasangarritasunaren arloan egindako aurrerapena ebaluatzeko eta monitorizatzeko gida; EGA Masterreko ikaskuntza-prozesua, Ega Solutions spin-off-a sortzeko; Prosertek prestakuntzarako aplikazio mugikorra, eta, azkenik, Osakidetzaren Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko prozesuak berriz diseinatzeko metodologia.

Bigarren jardunaldian, eta pertsonen kudeaketaren, aniztasunaren eta inklusioaren ardatzaren inguruan, beste sei erakundek beren ereduak, proiektuak eta ikaskuntzak aurkeztu zituzten. Hala, APNABIk talentua bilatzeko eta hautatzeko prozesua azaldu zuen; Bilbao Metropoli 30ek eta Bizkaia Talentek Talentia Skills programa; Velatiak talentua identifikatzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko sistema; Lantegi Batuak-ek pertsonen kudeaketaren ikaskuntzak; Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta Ferraguinox-ek, HCD Facility tool tresna, pertsonek arazoak konpontzen parte hartzeko; eta Osartenek Garatuz eredua, laneko segurtasuna, osasuna eta ongizatea garatzeko.