NAIZ

Ertzaintzak emakumeen aurkako 4.591 indarkeria delitu erregistratu ditu, iaz baino %15 gehiago

Emakumeen aurkako indarkeria kasuek gora egin dute, Ertzaintzaren azken txostenaren arabera, urtarriletik gaur arte 4.591 indarkeria delitu erregistratu dira. Sexu-askatasunaren kontrako delituen atalean igoera aipagarrai izan da, 297 kasu erregistratu dira.

Erasoen aurkako banderola bat, Bilboko balkoi batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Erasoen aurkako banderola bat, Bilboko balkoi batean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

2022ko urtarriletik irailera bitarte, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean egindako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.591 delitu erregistratu ditu «emakumearen kontrako indarkeria» kategorian. Iazko hilabete berdinekin alderatuta, mota honetako delituek % 14,6 egin dute gora. Iraila bitarte, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.696 emakume zenbatu ditu, eta 2021eko denboraldi berari dagokionez igoera % 13,2koa izan da, beraz.  

Aurtengoan, momentuz, ez da bikotekideak edota bikotekide ohiak eragindako hilketarik salatu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, baina saiakeratzat har daitezkeen lau kasu zenbatu dira. Familia esparruari erreparatuz gero, hilketa bat eta saiakera bat daude erregistratuta. Apirilean, Gurutzetako ospitalean hil zen Felisa, 90 urteko emakumea, Barakaldon berarekin etxean bizi zen semeak erasotuta.

Ertzaintzak 2022an jasotako salaketa-kopuru handiena bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako indarkeria kasuengatik izan da, 3.227 zehazki; eta aurreko urtearekin alderatuz, igoera %17,2koa izan da. Horietatik gehienak tratu txar fisikoak, irainak eta lesioak izan dira. Bigarren kopuru altuena askatasunaren aurkako delituena izan da, batez ere, mehatxuak eta jazarpena. Bestalde, emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia familia-ingurunea dela azaltzen du Ertzaintzaren txostenak.

Sexu-askatasunaren kontrako delituen atalean igoera aipagarria izan da 2021eko datuekin alderatuz. Aurten, oraingoz, 397 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino %27,2 gehiago.

Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa 4 mailatan sailkatzen da (oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia), eta horien arabera esleitzen zaizkie dagozkien babes-neurriak. Une hauetan 5.144 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.391k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.753k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.