«Nire buruarekin oso harro nago». Edozein kirolarik aipatu nahiko lukeen adierazpena da honakoa. Bada atzokoan ez zen protagonista bakarra izan esaldi hau aipatu zuenak; bi izan ziren, merezitakoak gainera: Joseba Ezkurdia Lau eta Erdiko txapelduna eta Jokin Altuna azpitxapelduna. Batek bakarrik irabazi zezakeen, baina Bilboko Bizkaia Arenan bizitakoa ikusita, pilotak eta pilotazaleek irabazten atera zirela azpimarra daiteke bi protagonistek sekulako erakustaldia eskaini baitzuten.
Emaitza bakarrik ikusita (22-21), garaipena gehiago gozatuko zuen ziur aski Ezkurdiak. Eta emozioak ere oso agerian zeuden finala amaitzerakoan. Arbizuko aurrelaria asko emozionatu zen txapela nori eskaini nahi zion galdetu ziotenean. Gurasoei eta arrebari eskaintzeaz gain, hitz politak izan zituen bere bizitzan garrantzitsuak izan diren bi seniderentzat. «Nahi nuke akordatu, bai Gastesi lehengusua, lehengo urtean joan zena; eta aurtengo urtarrilean osaba Patxi joan zitzaigula. Beti maitatua sentitu naiz beraiengandik, beti segitzen zidaten atzetik eta txapela beraientzat da», azpimarratu zuen.
«Aurtengoa, urte ikaragarria»
Bi pilotariek huts gutxi egin zituzten eta detaileengatik erabakiko zela finala denek zekiten. «Konfiantza nuen nire buruarekin. Nekatuta baina banekien fisikoki ondo nengoela oraindik eta horrek errazago iristen uzten dizu. Bukaeran, 21-20koan izan ditut pelotazo batzuk tantoa bukatzeko, baina berak asko defenditu du. Bukaeran, hil ala bizi, kale edo bale, nire aldera erori da eta oso gustora», azpimarratu zuen nafarrak.
Momentu batez, Beasainera bota zuen begirada: «Elordiren kontra galduta, zeinek esan gaur txapelarekin ikusiko nintzenik...», adierazi zuen. Baina segituan konturatu zen «aurtengo urtea ikaragarria izaten ari dela. Buruz Buruko finala galdu nuen, baina udaran oso sentsazio onekin aritu naiz, Lau eta Erdikoan ere. Bi final, gustura. Egunero entrenatzen dugu ahalik eta borroka gehiena emateko eta horretan saiatuko gara hemendik aurrera ere bai. Ea urte askotan goian egoteko aukera dudan», amaitu zuen.
Kontrako aldean, «min handia» zuen Jokin Altunak azken txaparekin agian amesgaiztoak izan ditu gaur gauean –«bukaerako tanto horrekin, buelta batzuk emango dizkiot», adierazi zuen–, baina «harro nago dena eman dudalako», azpimarratu eta aurkariari meritu guztiak eman zizkion. «Ez zait gustatzen aitzakiak bilatzea. Bera gehiago izan da, zoriondu besterik ez dago eta gozatu dezala. Berak merezi du, langile aparta da, pilotari ikaragarria. Beste batean izango da», adierazi zuen Jokin Altuna azpitxapeldunak.