Pasa den udaberrian egin zuen eskaera Bertsularien Lagunak elkarteak, eta azken astean jaso du baiezko erantzuna: bertsolaritzak kultura-ondare immaterialaren izendapena lortu du Ipar Euskal Herrian. Izendapen honen ostean, bertsolaritza bi lurraldetako katalogoetan edo inbentarioetan geratu da jasoa: 2018. urtean Nafarroako lurraldean jaso dezakeen babes mailarik gorenena jaso zuen, eta aurten, Estatu frantseseko kultura-ondare immaterialaren zerrenda nazionalean sartu du Kultura Ministerioak.
‘Ezagutu, praktikatu eta transmititu’ azpitituluarekin helarazi dio izendapena egiaztatzen duen agiria Aritz Bidegain Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariari. Elkarteko kide Ainhoa Elizondok aipatu duenez, «duen garrantzia eman behar zaio izendapenari, ez gehiago eta ez gutxiago: bertsularitza mugimendu bizia da gaur egun herriz herri eragile, sortzaile eta pertsona askok egindako lanari esker urtetako lanari egindako aitortza gisa hartu behar dugu izendapena». 120 bat saio edo ekimen antolatzen dira urtero, adin guztietako 45 bat bertsulari daude, 70 talde daude hezkuntza arautuan, bai ikastola zein eskola elebidunetan, eta 250 ikaslek izena eman dute bertsu eskoletan.
Iaz abiatu zuen proiektua Bertsularien Lagunak elkarteak. Beñat Iturralde Agirre antropologoaren gidaritzapean eta Thaïs Boukellaren laguntzarekin osatu da bertsolaritza ondare immaterialaren katalogoan sartzeko beharrezko den ikerketa lana. Fabien Van Geert Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko antropologoa aritu da arduradun zientifiko lanetan. Hauek ez dira lankide bakarrak izan ordea, Iturraldek ondoan izan baititu Euskal Kultur Erakundeko Terexa Lekunberri antropologoa eta inauteri eta euskal tradizioetan aditu den Thierry Truffaut ere. Xenpelar Dokumentazio Zentroko kideen laguntza ere ezinbestekoa izan da lana burutzeko.