NAIZ

Donostiako Udala auzitara eraman dute Igeldon eraiki den txalet bat ilegala delakoan

Igeldon ustezko txalet ilegal bat eraikitzea baimendu izanagatik Donostiako Udala auzitara eraman dute. Txalin mendiaren magalean eraiki den txaleta urbanizaezina den lurretan altxa dela salatu dute Haritzaldek, Igeldoko Herri Kontseiluak, Ieltxo elkarteak eta herritar talde batek.

Igeldon ustez legearen kontra eraiki den txaleta.
Igeldon ustez legearen kontra eraiki den txaleta. (HARITZALDE)

lgeldon ustezko txalet ilegal bat eraikitzea baimendu izanagatik Donostiako Udalarem aurkako salaketa jarri dute epaitegian Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Igeldoko Herri Kontseiluak, Ieltxo elkarteak eta herritar talde batek.

Gaur Igeldon egin duten agerraldian azaldu dutenez, «etxebizitza Txalin mendiaren magalean eraiki da, udal ur depositoaren ondoan, itsasorantz ikuspegi osoa duela eta konkretuki urbanizaezina den landa lurrean». Zentzu honetan, Igeldoko eremua zuzentzen duten arauek inguru horretan etxebizitzarik eraikitzea ez dutela baimentzen gogoratu dute.

«Derrigorrezkoak izan behar ziren udal txostenen faltan, hutsune administratiboan eta salbuespen legalaren bidetik eman den aldiberekotasun egokiaren ostean, Udalak argi berdea eman zion egundoko txaleta eraikitzeko baimenari, igerileku eta guzti. Baina hau guztia udal tramitazio eskas baten markoan eman da, irregularitateak ugari», gaineratu dute.

Kasurik ez

Obra egin duten bitartean, Igeldoko Herri Kontseilua maiz zuzendu zaio Donostiako Udalari, «arrakastarik gabe». Adierazi dutenez, Udaltzaingoak lanak legez kanpokoak direla islatzen duten bi akta daude, «hauek udal espedienteak ez jaso arren». 

2021eko abenduan Lurralde Garapen Batzordera eraman zuten gaia, baina Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia «marko normatibo erreala saihestu eta justifikaezina dena justifikatzen saiatu» zela salatu dute.

«Ustekabekoa edo ez, hauen eta beste askoren emaitza egun aurrekaririk ez duen eskandalu urbanistikotzat dugun obra ilegal hau da. Horregatik Donostiako Udala auzitegira eramateko beharrean aurkitu gara demanda bitartez», gaineratu dute.

Igeldon gaur egin duten agerraldia. (IGELDOKO HERRI KONTSEILUA)