Maite Ubiria

Abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzeko lehen urratsa eman du Asanblea Nazionalak

Frantzia Intsumituak (FI) eta Emmanuel Macron presidentearen gehiengoak abortatzeko eskubidea frantziar Konstituzioan sartzeko bidea ireki dute ostegun honetan Asanblea Nazionalean. Ezkerrak aurkezturiko proposamenaren gainean testu bat hitzartu dute eskubide horri bermerik gorena emateko xede.

Mathilde Panot diputatuak defendatu du ezker intsumituaren proposamena.
Mathilde Panot diputatuak defendatu du ezker intsumituaren proposamena. (Geoffroy VAN DER HASSELT )

Frantziako Asanblean Nazionalak urrats handia eman du ostegun honetan emazteen erreproduzio eskubideak babesteko. Frantzia Intsumituak (FI) alderdiak lege proposamena aurkeztu du abortatzeko eskubidea frantziar Konstituzioan txertatzeko. Ekimen horren bidez Simone Veil ministroaren bultzadapean 1974ko abenduaren 20an legala bilakatu zen abortatzeko eskubidea goreneko bermea lortuko luke.

Gaur adosturiko testuari esker abortatzeko eskubidea zalantzan emateko heldu daitezkeen asmo atzerakoiak gelditzeko babes handiago izanen dutela emazteek nabarmendu du Asanblea Nazionalean ezker intsumituaren bozeramale den Mathilde Panot diputatuak.

Diputatu intsumituak Valery Giscard d'Estaing presidentea zelarik Osasun ministroa izan zenaren esaldi bat baliatu du, hain zuzen, abortzatzeko eskubidea Konstituzioan sartzeko beharra defendatzeko. «Krisi politiko, ekonomiko edo erlojioso bat gertatzea aski izanen da emazteen eskubideak kolokan jartzeko», adierazi duen Veilek, eta ministro liberalaren hitzak bere egin ditu gaur diputatu ezkertiarrak.

Dagoeneko Legeen Batzordean onartua izan zen Estatu Batuetan abortatzeko eskubidea murrizteko harturiko erabakien testuinguruan landutako proposamena.

Aipaturiko batzordean Emmanuel Macron presidentearen gehiengoak babestu zuen intsumituen proposamena.

Izan ere, helburu berdinarekin aurkeztu zuen bere idatziak berme juridiko handiagoak eskaintzen zituela iradoki zuen Macronen aldeko Renaissance taldeak.

Egoera horretan ez zen guztiz ziur 200 emendakin baino gehiago jaso duen testua -gehienbat Errepublikarrak (LR) eta RN eskuin-muturreko alderdiak sustatuta- aurrera aterako zela.

Sektore kontserbadoreek martxan emandako blokeatze estrategiari aurre eginez, FIk eta gehiengo makronistak akordioa bilatzeko elkarrizketa hobetsi dute.

Hau da euskal diputatuek ere babestu duten testua

Horren ondorioz ezkerrak eta gehiengo presidentzialak testu hau adostu dute abortatzeko eskubidea Konstituzioaren 66. artikuluan sartzeko: «Legeak bermatzen du berdintasunez eta eraginkortasunez haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea».

Testuaren tramitazioa amaitu gabe ere akordioa txalotu duen Frantzia Intsumituaren bozeramaleak «Estatu Batuetako, Poloniako eta Hungriako emazteei» eskaini die «garaipen historiko hau».

Emendakina gehiengo zabal batez onartua izan da. Zehazki testu berriak 337 aldeko boto jaso ditu, eta 32 diputatuk kontrako botoa eman dute.

Euskal hautesleak ordezkatzen dituzten hiru diputatuk, alde batetik Vincent Bru eta Florence Lasserre zentristek, eta bestetik Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko herriak biltzen dituen laugarren hautesbarrutian hautatua izan zen Iñaki Echaniz sozialistak testua babestu dute.

Bestalde, eskuin-muturreko diputatu gehienek testu labur bezain esanguratsu horren alde botoa eman dute. Hain zuzen botoa eman duten 55 diputatuetatik 40k babestu dute abortatzeko eskubidea Konstituzioan sartzeko lege proposamena. Marine Le Pen berak aldeko botoa eman du.

Errepublikarrak alderdiaren baitan zatiketa irudikatu da, eta horrek kezka areagotzen du, eskuinak gehiengoa duelako Senatuan.

Horrendako, gaurko bozketaren ostean ibilbide luzea bezain korapilotsua eginen du oraindik ere lege proposamenak.

Senatuak behar luke lehenik eta behin testua aintzat hartu. Tramitazio hori gainditu ostean erreferenduma deitu beharko luke nahitaez Gobernuak Konstituzioaren aldaketari buruz.

FIk, ordea, bide errezagoa badela oroitarazi du. Hala parlamentuak sustaturiko ekimenean oinarrituz bereko testu bat aurkezteko eskaera luzatu dio Gobernuari.

Exekutiboak sustaturiko lege ekimenak aintzat eman behar ditu, berdin berdin, Senatuak, baina adostasun hori lortu ez gero ez da erreferenduma deitzeko beharrik.

Zezenketen debekuari buruz bozketarik ez

Finean, ehunka emendakin jaso zuen bigarren lege-egitasmoari buruzko botorik ez da izan gaur Asanblea Nazionalak.

Ehunka emendakinen aurkezteak sorturiko blokeo egoera salatu ostean, zezenketak debekatzea proposatzen zuen egitasmoaren sustatzaileak Aymeric Caron diputatuak bertan behera utzi du bere proposamena.

Izan ere, aurrera begira «egitasmo transbertsala» lantzeko engaiamendua agertu du FIko ordezkariak.

Iragan azaroaren 19an protestak izan ziren hainbat hirietan, hala nola Baionan, non zezenketak debekatzearen alde eta kontra ziren eragileek elkarretaratzeak egin zituzten.