NAIZ

Indarkeria matxista guztien aurka kalera aterako dira feministak ostiral eta larunbat honetan

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean biolentzia mota honek hartzen dituen forma guztien aurka kalera aterako dira feministak ostiral eta larunbat honetan Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. Ostiral arratsaldeko mobilizazioak Hegoaldeko hiriburuetan izango dira eta larunbatekoa Baionan.

Indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deitu dute feministek.
Indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deitu dute feministek. (Jon URBE | FOKU)

Feministek Euskal Herriko kaleak hartuko dituzte ostiral eta larunbat honetan Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean aldarrikapenak jendartera ateratzeko. Indarkeria instituzionala, lan-arlokoa, emakumeek etxean pairatzen dutena, edo heteroarauaren kanpo egoteagatik ezartzen dena. Euskal Herriko Mugimendu Feministak indarkeria matxistaren forma guztiak agerian jarri nahi ditu.

Hegoaldeko hiriburuetan gaurko deitu dituzte manifestazioak. Iruñean Gaztelu Plazatik abiatuko dira, Gasteizen San Anton plazan elkartuko dira, Bilbon Jesusen Bihotzean, eta Donostian Bulebarrean hasiko da mobilizazioa. Azken hiru hauetan 20.00tan hasiko da eta Iruñean ordubete lehenago, 19.00tan.

Ipar Euskal Herrian Bagera Elkarteak eta M8 Asanblada Feminista Bidasoak Hendaiako Errepublika plazatik deitu du manifestazioa, 17.30etan; Azkainen Pierre Loti plazan elkarretaratze bat egingo dute 19.00etan, eta Mugimendu Feministaren manifestazio Baionan izango da larunbatean, 19.00etatik Herriko Etxeko plazatik. Bestalde, dantza eta antzerki ikuskizunak, erakusketak antolatu dituzte hainbat herritan.

Joan den astelehenean mobilizazioak aurkezteko egindako agerraldian borroka feminista egikaritzeko gakoak «gure artean sareak eraikitzea, elkar zaintzea, borroka komunak abiaraztea, erantzukizunak hartzea eta gizonak interpelatzea» direla agertu zuten.

Gizonei, hain zuzen, «dagokien erantzukizuna beren gain har dezatela» eskatuko diete, erasotzaile eta konplize izateari utz diezaioten. Haien ustetan, «azaleko diskurtsoek ez dute balio praktikan ezer aldatzen ez bada».

Sistema, «are gordinago»

Indarkeria matxistak har dezakeen formen adibide gisa joan den udan gertatutako mota horretako erasoak aipatu zituzten aurkezpenean, baita «etengabeko kontrol soziala, beldurrean oinarritutako mezuak eta neurriak eta neurriz kanpoko presentzia poliziala» salatu ere, arreta emakumeengan jartzen duelakoan.
Horrekin, sistema heteropatriarkal kapitalista «are gordinago, esplizituago eta inolako lotsarik gabe» aurkeztu dela uste dute. «Jakin badakigu, mugimendu feministatik sortzen dugun olatu bakoitzean, sistemak horiek geldiarazteko mekanismoak jartzen dituela martxan, eta aurten ere, ez da gutxiagorako izan», gaineratu zuten.

«Beldurraren eta kontrolaren aurrean, justizia feminista!», zabaldu dute.