Marcel Pena
Interview
Alessandro Ruta
Dailobit saioaren aurkezlea

«Euskal Herrian bizitzeko ezinbestekoa da euskara jakitea, lotsa ez da batere lagungarria»

Alessandro Ruta Milanen jaio zen eta bere jatorriaz harro mintzo da, baina 2015etik euskaldun bat gehiago ere bada. Otxandion bizi den italiar honek Dailobit EiTBko Euskaraldiarekin lotutako saio berria aurkeztuko du, Leire Palaciosekin batera. Lehenengo saioa, igande honetan 22.00etan, ETB1en.

Alessandro Rutak Jagoba Arrasate Osasunaren entrenatzailea elakarrizketatu du Dailobit saiorako, Taxoareko instalazioetan.
Alessandro Rutak Jagoba Arrasate Osasunaren entrenatzailea elakarrizketatu du Dailobit saiorako, Taxoareko instalazioetan. (J. G.)

Hedabide honen irakurleek badute Alessandro Rutaren berri, NAIZen kolaboratzaile baita. EiTBren ikusleek ere, zenbait programetan parte hartu duelako. Orain erronka berria du, Euskaraldiari lotua, Milanen jaiotako euskaldunberri honek.

Zer ikusiko dugu Dailobit saioan?

Euskaraldiak irauten duen bitartean kalera irtengo gara jendearekin hitz egitera. Elkarrizketa batzuk egin ditugu, lurralde ezberdinetako herritarrekin egon gara, eta grabaketak ere Euskal Herrian zehar egin ditugu. Hasteko, Bilbon egon gara Leire Palacios eta biok, Andrea Arrizabalaga eta Dani Alvarez kazetariekin mintzatzeko. Biak euskaldun berriak dira, baina ez dugu euskaldun berrirekin bakarrik hitz egingo. Adibidez, Jagoba Arrasate Osasunaren entrenatzailea ere elkarrizketatzeko aukera izan dut. Atal bakoitzean lau elkarrizketa egongo dira.

Kaleko inkestak ere ikusiko ditugu. Jolas baten bidez galdetuko diot jendeari zein den bere erronka Euskaraldirako. Elkarrizketetan, gonbidatuek azalduko digute nola hasi ziren euskara ikasten, zerk berpiztu zien euskara ikasteko gogoa; baina, batez ere, nola den posible euskaraz bizitzea bakoitzaren arloan: kazetaritzan, kirolean, salmenten munduan, unibertsitatean...

Aurtengoa, Euskaraldiaren hirugarren edizioa da. Nola bizi izan dituzu azken biak?

«Belarriprest» izaten hasi nintzen duela lau urte, lehenengo edizioan. Bideo batzuk ere grabatu nituen ekimena zabaltzeko; guztiz bat nentorren Euskaraldiarekin. Urtez urte konturatzen joan nintzen euskaraz hitz egiteko geroz eta  ohitura gehiago neukala, eta bigarren edizioan «ahobizi» izan nintzen. Euskaraldia asko gustatzen zait, oso kontzeptu polita da hilabete batez edonorekin euskaraz hitz egin ahal izatea. Edo behintzat saiatzea.

Gauzak nola aldatu diren ikusteko, pasadizo bat kontatuko dizut. Lehenengo edizioa hasi zenean, 2018an, ni Atrapame si puedes saioan parte hartzen ari nintzen. Jakan «belarriprest» txapa neraman eta honekin sartzeko asmoa neukan, baina esan zidaten ezetz, hobeto zela halako mezuak telebistatik ez botatzea. Aurten Patxi Alonsok, bertako aurkezleak, ere eraman du.

Beraz, dagoeneko eskarmentua daukazu kameren aurrean, bereziki EiTBn.

Bai, nahiz eta Euskal Herrira iritsi arte telebista inoiz ez nuen egin, ni prentsa idatzitik nator. Hemen hasi nintzen kamera aurrean, Italiako Giroarekin ETB1en, baina egia esan ez naiz batere telebista zalea, pantailak filmak ikusteko bakarrik erabiltzen ditut. Hala ere, badaramatzat jada lau urte Giroa komentatzen, hurrengoa bosgarrena izango da.

Pasa den udan Orio Produkzioak ekoiztetxetik deitu zidaten, urte bukaerara begira proposamen bat eskaintzeko, eta baietz erantzun nien. Urrian ziurtatu zidaten saioa egingo genuela eta funtzionamendua azaldu zidaten. Primeran iruditu zitzaidan: bidaiatzea, jendearekin euskaraz hitz egitea... Desberdintasuna da oraingoan ni izango naizela aurkezlea Leire Palaciosekin batera; ez da izango Giroan bezala, bertan ni multzo bateko bat gehiago besterik ez nintzen.

Zer esango zenieke euskarazko ezagutza daukatenei, baina «beldurrez» edo «lotsaz» hitz egiten ez dutenei?

Bi gauza esango nizkieke: lehenengoa, mundu osoan inork ez duela ondo hitz egiten. Eta ondo egiten badute beste norbaitek zuzendu dituelako dela; beraz erabat ondo ez hitz egiteak ezin du arazo bat izan. Bigarrena, Euskal Herrian bizitzeko ezinbestekoa dela euskara jakitea. Ez diot literatura-mailako euskara jakin behar denik, baina bai ulertzeko bezainbeste, eta beldurra edo lotsa ez dira batere lagungarriak. Italiarrok ez dugu lotsarik! Guretzat ez da lotsarik existitzen, lotsatia den italiar batek oso bitxia izan behar du.